Titanic-a baino iraunkorragoa

Aikor aldizkaria 2013ko urt. 25a, 10:41

Testua: Gaizka Eguskiza; argazkiak: Loiuko Udala

Gizakiok nekez bizi gara 100 urte baino gehiago. Estadistikako Institutu Nazionalaren (INE) datuen arabera, 100 urte baino gehiago daben 10.000 lagun inguru dagoz Estaduan, eta horreetako 200 bizkaitarrak dira. Gehienak, 180 inguru, emakumezkoak dira, eta gainontzekoak, jakina, gizonezkoak. Beraz, oso arraroa da 1912. urtean baino lehen jaio dan gizon bizkaitarra topatzea, baina Loiun horreetako bat bizi da, Jesús Endemaño. Hainbat gauza gertatu ziran 1912. urtean: Tibet independente egin zan, errepublika ezarri eben Txinan eta persona batek lehenengo aldiz egin eban saltu paraxutagaz. Ganera, Titanic transatlantiko handia urte horretan hondoratu zan Ozeano Atlantikoko iparraldean, iceberg baten kontra jo eta gero. Urte berean jaio zan Jesús Endemaño. Ehun urte pasa dira eta argi dago Jesús itsasontzi famadua baino askoz gogorragoa eta iraunkorragoa izan dala. “Niretzat 100 urte betetea pozik egoteko modukoa da”. Jesús Laukarizen jaio zan 1912. urteko abenduaren 31n. Gaztetan bere herrian bizi izan zan. Garai hatan, etxeko ortuan egiten eban behar. “Baratzea aldapatsua zan eta indabak eta artoa landatzen genduzan. Hasiera batean eskuz edo idien laguntzagaz lantzen genduan lurra, baina gero tresneria erabilten hasi ginan. Ahal genduanean, azokan saltzen genduan lurrak emoten euskuna”. Geroago Cristina lekeitiarra ezagutu eban eta beragaz ezkondu zan. Ezkondu barriak Loiura, Larrondo auzora, joan ziran biziten eta bertan emon ditue azken 65 urteak. Jesúsek eta Cristinak seme-alaba bi euki zituen: Miren eta Josu. Josuk 65 urte ditu gaur egun eta aitagaz bizi da. Zoritxarrez, Cristina –93 urte zituala– orain dala ia bost urte hil zan. “Oso emakume ona izan zan emaztea eta pozik bizi izan nintzan beragaz”. Jesúsek egunero dau gogoan emaztea. Jesús jubiladua da, noski, baina zenbait lantegitan egin dau behar Asuan eta Lutxanan, etxetik gertu. Horreetako baten, esate baterako, kableak garbitzen zituan azidoa erabilita. Etxean be egiten eban behar, baratzean, eta indabak, artoa eta patatak zituan. Jaki horreei esker, gerraostea ez zan “beste toki batzuetan bestean gogorra” izan. Halanda be, Espainiako Gerra Zibila bortitz-bortitza izan zan. “Hasiera baten euskaldunakaz burrukatu neban; gero preso egon nintzan Santurtzin; eta gero Francoren armadagaz burrukatu behar izan neban. Ez egoan besterik. Kordoban edo Mallorcan ibili nintzan burrukatzen. Esan euskuen arerioa han egoala. Egia esan, ez nintzan inoiz lehenengo lerroan ibili, baina handik gertu izan nintzan. Ez ahal da barriro halakorik gertatuko!”. Entzumena eta ikusmena Adituek zenbait gomendio egiten ditue luze biziteko: ohean gitxi egon, gitxi jan, asko ibili... Jesúsek ez deutse jaramon handirik egiten. Izan be, semeak esan deuskun legez, “ordu pilo bat emoten ditu ohean”. “Goizero 12:00etan-13:00ean altzaten da; gero, gosaria emoten deutso gizarte-langileak; beranduago, bazkaria, eta ondoren, lo-kuluxka egiten dau. Zortzietarako ohera joaten da barriro”, laburbildu dau Josuk. Asteburuetan lagunakaz biltzen da Sondikan. “Lehen, orain dala gitxi arte, bakarrik joaten zan trenez, baina gaur egun neska batek laguntzen deutso”. Osasunari jagokonez, “nahiko ondo” sentiduten da Jesús, baina egia esateko, ikusteko eta entzuteko ahalmenak apur bat galdu ditu. Aspaldian begi-lausoak kentzeko ebakuntza egin eutsien, baina adinak ez dau parkatzen. Danetarik jaten dau eta ez dau ezer berezirik egiten osasuntsu ibiltzeko. Hain luze biziteko sekreturik ez dau Jesúsek, baina dirudienez, genetika bere alde dau, bost arrebak 90 urte baino gehiago zituela hil ziralako. Loiu herriak ospatu gura izan zituan Jesúsen urteak eta Larrondoko Gautxoriak alkarteak omenaldia antolatu eutsan abenduan, Larrondoko Kultur Etxean. Aurreskua dantzatu eta makila emon eutsien bertan. Ekitaldian hainbat herritarrek, Loiuko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hartu eben parte. “Omenaldia oso hunkigarria izan zan, lagunak, auzokideak eta senideak bildu ziralako bertan”. Titanic itsasontzia hondatu egin zan eta harrezkero hainbat film eta liburu egin deutsiez. Jesúsek pozik bete ditu 100 urte, eta hori pelikulak eta argitalpenak baino garrantzitsuagoa da. Hau da marka, bai horixe!