Anlly Rodriguez, etxeko langilea: “Jende zoragar

Aikor aldizkaria 2013ko urt. 25a, 11:07

Bere izena Yinet Solanlly da, baina txikitan bere arrebetariko bat “Anlly” deitzen hasi zitzaion eta gaur egun lagun guztiek hala esaten diote. Derion bizi den kolonbiar honek 42 urte ditu eta bere herritik orain dela 12 urte alde egin zuen. Esan digun moduan, ez zaio batere kostatu Txorierrira egitea. Medellinekoa zara. Hainbat arrazoirengatik erabaki nuen bertatik alde egitea. Alde batetik, garai hartan ez nuen lanik; eta bestetik, bizitzeko beste modu bat ezagutzeko gogoa nuen. Madrilera ailegatu nintzen, eta, egia esan, ez nuen batere ondo pasatu han. Lagunek gauza onak baino ez zizkidaten kontatzen, baina bertara ailegatu nintzenean, konturatu nintzen dena ez zela hain ona. Zer gertatu zen, ba? Lehenengo eta behin, kulturari lotutako ezberdintasunak oso handiak dira, gastronomia arlokoak... Familia, lagunak eta nire lekua Medellinen nituen, eta Madrilen pertsona bakar bat ezagutzen nuen, etxebizitza batean beste atzerritar batzuekin bizi zena... Etxe batean hasi nintzen lanean eta nik, adibidez, ez nekien lisatzen... Atzerritarrak gustatzen ez zitzaizkien pertsonekin egin nuen topo eta txarto tratatu ninduten... Madrilen lau hilabete eman nituen. Nire helburu bakarra hau zen: nire herritik alde egin ahal izateko utzi zidaten dirua batu, zorra kendu eta Medellinera itzuli. Baina Txorierrira etorri zinen. Familia nuen Sondikan eta animatu ninduten hona etortzera. Oso zoriontsua naiz, berton jende zoragarria ezagutu dudalako. Etxe batean lana topatzen lagundu zidaten, eta handik hona lanean izan naiz beti. Beno, lan egin barik urte bi eman nituen, nire semea jaio zenetik urte bi bete zituen arte. Hasieran, lagun batzuk bizi ginen Sondikako etxebizitza batean eta ni emakumezko bakarra nintzen. Batzuek prostituta nintzela uste zuten, baina niri berdin zidan. Azkenean, jendea badoa zu ezagutzen, asmo onekin eta lan egiteko gogoarekin etorri zarela konturatzen dira... Nik ez diot inori errua botatzen, bizitza honetan denetarik dagoelako, han eta hemen, eta nik ere zintzo jokatzen ez duen atzerritarren bat ezagutzen dudalako. Haiek dira ospe txarra ematen digutenak. Bizitza ezustea da... Bai. Gaur egun nire senarra dena hilabete batzuk beranduago ailegatu zen. Lagunak ginen Kolonbian, besterik ez. Gainera, nik ez nuen ezkontzeko asmorik, ezta seme-alabak edukitzeko asmorik ere... Baina harreman estuak maitasuna ekarri zuen eta azkenean ezkondu egin ginen. Seme bat dugu. Euskalduna eta kolonbiarra? Ez, ez, bera euskalduna da! Argi du bera bertokoa dela, eta ez Kolonbiakoa. Ondo dago, baina gurasoen sustraiak ere maite behar dituela esaten diot nik, hara inoiz bueltatu beharko garen ez dakigulako. Dena dela, guk espero dugu berton gelditu ahal izatea. Senarrak eta biok lana dugu hemen, eta lagunak. Bizitza Txorierrin egin dugu. Zer da gehien gustatzen zaizuna Txorierritik? Eta gutxien? Gehien gustatzen zaidana lasaitasuna da. Orain Derion bizi gara eta egia da hemen Sondikan baino mugimendu handiagoa dagoela, baina ez du zerikusirik Madrilekin... eta are gutxiago Medellinekin! Orain dela urte pare bat familia ikustera joan ginen eta oso hiri estresagarri batekin egin nuen topo. Zaila izan zen, izan ere, 12 urte daramatzat handik kanpo eta oso barneratuta ditut bertoko erritmoa, ohiturak, gastronomia... Senarra eta biontzat zaila izan bazen, pentsa ezazue gure semearentzat! Bestalde, gutxien gustatzen zaidana... bai, hegazkinen zarata. Euskal Herria ezagutzen zenuen hona etorri baino lehen? Ez, mapan Espainia bilatzen duzunean, hiriburuari baino ez diozulako erreparatzen... Hona etortzeko erabakia hartuta nuela esan nuenean, ea ondo pentsatuta nuen galdetzen zidaten, arazoak zeudela... “Baina ni Medellinekoa naiz eta!” pentsatzen nuen nik. Zelakoa da bizitza han? Egoera gogorra dago bertan, eta indarkeria eguneroko gauza da. Tiroketa bat-edo ikusten duzunean ikaratzen bazara ere, barru-barruan normaltzat hartzen duzu... Gizarte-mailak ondo berezituta daude eta ez dute harremanik haien artean: aberatsak leku batean bizi dira, eta txiroak beste batean, eta oraindik txiroagoak direnak beste batean... Jendeak ikasteko aukera edukiko balu, ez legoke hainbeste indarkeriarik egongo, lan egin ahalko luketelako. Baina gehienek ez dute aukerarik eta haietaz aprobetxatu egiten dira, etxera dirurik eramaten ez badute, ez dutelako jaten. Lehenik droga hartzera gonbidatzen dituzte eta gero beste batzuk hiltzeko agintzen diete... Hamalau urte inguru dituztela hasten dira mundu horretan eta gehienak hil egingo dira, seguru. Exodo handia ere badago herrixketatik hirira... Bai, gerrillak eta paramilitarrek inguru batzuk kontrolatzen dituzte eta jendeak handik alde egitea baino beste erremediorik ez du, eta hirira joaten dira... Hori beste arazo bat da. Indarkeria alde batera utzita, esan beharra dago ikasketak oso gaztea zarela amaitu behar dituzula, lana topatu nahi baduzu. Berrogei urtetik gorako lagunek zailtasun handiak dituzte lana topatzeko... Eta polita izan behar zara! Edertasun-kanon batzuk betetzen ez badituzu, ez zaituzte hartzen lan baterako edo besterako. Harrigarria da han dagoen edertasunerako eta kirurgia estetikorako zaletasuna. Kirurgilariek dirutza handia omen dute! Non ikusten duzu zeure burua etorkizunean? Etorkizun hurbilean, hemen. Nire semeak berton dituelako aukera gehiago, eta nik ezin dizkiot aukera horiek ukatu. Gainera, argi dut bera hemen geldituko dela. Baina semea heldua eta independentea denean eta guk erretiroa hartzen dugunean, ez dakit... Denboraldi batean berton, eta beste denboraldi batean Medellinen, beharbada. Egia esan, ez dakit. Ez dakizu bizitzak zer ekarriko dizun!