Hiru berba, hiru lagun

Aikor aldizkaria 2013ko ots. 25a, 14:02

Berbalagun proiektua oso zabala da eta bertan denetariko lagunak daude: neskak, mutilak, helduak, gazteak, euskaldun berriak, euskaldun zaharrak... Galdetegia egin diegu hiru berbalaguni, bakoitzaren esperientzia jasotzeko: euskaldun berria eta gaztea den bati, Arrate; eta euskaldun zahar nagusiago biri, Josune eta Txaro. 1) Zergatik erabaki zenuen Berbalagun proiektuan izena ematea? 2) Nolakoa da zure taldea? 3) Gustura zaude Berbalagun egitasmoan? Zergatik? 4) Zelango onura ekarri dizu Berbalagun taldean egoteak? 5) Zer jarduera berri egingo zenuke? Zer asmatuko zenuke? 6) Zelan animatuko zenituzke beste batzuk Berbalagun proiektuan sartzera? Arrate, 20 urte (Lezama) 1) Euskaltegian nago. Ikasturte honetan erabaki dut euskara gehiago jakin nahi dudala eta Berbalagun proiektuan hasi naiz. Derioko Kultur Birikan biltzen naiz euskaltegiko beste kide batzuekin, astelehenero. Batez ere solasean ibiltzen gara. 2) Gure taldea oso ona da: gehienak emakumezkoak gara, eta soilik gizonezko bi. Adinari dagokionez, denetarik dago. Ni gazteenetariko bat naiz, baina oso ondo esaten didate. 3) Barre egiten dugu eta primeran pasatzen dugu. 4) Ni lotsatia naiz eta taldeak irekiagoa izateko aukera ematen dit. Era berean, hitz egiteko orduan egiten ditugun akatsak taldean bertan zuzentzen ditugu. 5) Asteburu oso bat pasatuko nuke taldekideekin. 6) Talde asko daude eta hainbat jarduera egiten dira, edozeinen neurrira. Guztiok pasatzen dugu ondo. Josune, 50 urte (Zamudio) 1) Ni euskaldun zaharra naz eta batuera ikasi gura neban. Horregaitik nago hemen, beste euskaldunei ulertu ahal izateko (kar, kar). Aurten hasi naz. 2) Euskaltegiko lagunak dira. 3) Oso pozik nago. Ez dot lotsarik euki, ez nire euskerarengaitik, ez adinarengaitik. Bizkaieraz, arazorik ez, baina batueraz arazoak ditut, ia-ia ez dot piperrik ulertzen (kar, kar). Gatxa iruditu jat batuera ikastea, baina konpontzen naz beste berbalagunakaz. 4) Hobeto hitz egiten lagundu deust. 5) Hainbat gauza egiten ditugu. Ez neuke ezer aldatuko. 6) Gu oso pozik gagoz, eta jenteak ondo pasaten dau. Txaro, 67 urte (Derio) 1) Tximintx Derioko euskera alkarteko kidea naz, eta haren bidez hasi nintzan Berbalagun proiektuan. Ea berba egitera animaten garan... Nire taldea Derion batzen da, eguaztenero. Astean behin batzen gara, baina batzuetan taldekideakaz gelditzen naz kartetan jolasteko eta euskeraz be egiten dogu. 2) Taldea jator-jatorra da. Danetariko lagunak dagoz: ni baino nagusiagoa dan bat, gazteagoak... 3) Oso pozik nago Berbalagun taldean. 4) Batez be batueraz berba egiten ikasi dot. Oso gatxa izan da batuera ikastea, baina gustura egin dot. Orain bizkaieraz eta apur bat batueraz egiten dot. Berbalagun guztiek laguntza emon deuste. 5) Gagozan moduan ondo gagoz. Gauza asko egiten dogu (kar, kar). Jenteagaz gustura nago kafea hartzen, museoetara joaten... Niri euskerea eta bertoko ohiturak itzel gustetan jataz: dantzak eta abar. Hareek batzeko aukerea emoten deuskue herritarroi eta hori oso inportantea da. Berbalagun proiektuan guztiok gagoz pozik, euskaldun barriak zein euskaldun zaharrak. Guztiontzat da aberasgarria. 6) Kartetan jolastea gustetan jat, eta halan egiten genduan hasieran, baina batzuek itxi egin eben azkenean. Afaltzen, kantatzen... Euskaraz egiten Euskaraz egiteak ez gaitu inoiz berbalagunok nekatzen: geure hizkuntza maite dugu, eta ahal dugun bakoitzean batzen gara euskararen bidez primeran pasatzeko. Eta horixe egin genuen otsailaren 8an, Lezamako txokoan, Goitioltza auzoan. Guztira, 80 berbalagun eta euskaltzale batu ginen bertan, eta afaldu be ederto afaldu genuen: hasteko, entsalada eta odolostea; geroago, bakailaoa piperrekin; eta bukatzeko, postrea. Bapo jan eta gero, afalondo ederra izan genuen, Taberna Ibiltariaren musikari esker. Musikariek euskal kantak jo zituzten eta guztiok poz-pozik abestu genituen kantok. Oso giro polita izan genuen gaua osoan. Lezaman, berriro ere euskaldunak garela ospatzeko aukera izan genuen. Ez da azken aldia izango, ez horixe!