Testua: Juan Luis Goikoetxea; irudia: Aritz Albaizar
Geldoetako eskolea 1923an zabaldu zan eta 1967an itxi. Harrezkero, 26 urtez bertan behera egon da. Orain, Zamudioko udalak eraikuntza zaharra barriztatu eta txoko bihurtu dau. Inaugurazinoko ekitaldiak 2013ko zezeilaren 3an ospatu dira.
Eskolako kroniketan, ia beti irakasleek egiten dabe berba, nekez ikasleek. Gaur, ostera, 1948an jaio zan ikaslearen anekdotea dakargu hona; gerra aurreko maistren jokabide euskaltzalea hurrengorako lagata.
“Bikandi zan gure maistrea -Angela Dolores Vicandi Marin, Geldoetan 1953tik 1962ra arte izan zan irakasle, Amagoia Gezuragak ZAMUDIORAINen idazten dauenez-. Lantzean reglazo batzuk emoten euskuzan. Gero, esaten euskun reglea berakatzagaz untetea dala ona; apurtu egiten dala jokeran. Berakatzagaz igurdi ezkero, apurtu egiten dala reglea, baina ez zan apurtan. Usaina bai, usain itzela botaten eban regleak.
Geuk emoten geuntsan berakatza regleari bera ez dagoan artean; guk ekarri berakatza etxetik eta igurdi haregaz. Berakatz burua eroan, erdibitu eta igurdi reglea.
Reglea mahai gainean egoten zan eta maistrea joaten zanean suetera, gu izten ginduzan zeozer egiten. Guk igurdikeran igarriko euskun harek guri, baina tira!
Bazkaria berantzako egiteko joaten zan sukaldera, noizik behinean begituten”. Hara hemen J. M.k zortzi urte eukazanean bizitako pasadizoa. Ostean, berbalagun onaren teknika erabiliz, osotu egiten dau Geldoetako eskolearen inguruko istorioa: “Bikandi maistrea Zazpi Kaleetakoa zan. Trenean etorten zan Derioraino eta gero oinez Geldoetaraino egun guztietan”.