Korrikak 18. aldiz zehartuko ditu Txorierriko herriak eta kaleak martxoaren 21ean
Korrika euskerearen aldeko lasterketa erraldoia martxoaren 14an aterako da Andoainetik eta martxoaren 24an ailegauko da Baionara. Euskerearen lekukoa 18. aldiz pasauko da eskuz esku Euskal Herri osoko geografiaren zehar eta, “Eman euskara elkarri” lelopean, bi mila kilometro baino gehiago egingo ditu. Txorierrira martxoaren 21ean helduko da. Larrabetzutik 14:40ean sartu eta handik Erandiogoikora abiauko da; gitxi gorabehera 26 kilometro egingo ditu gurean.
Txepetxa AEK euskaltegiko arduradunek Korrika 18ren gaineko zehetasunak emon deuskuez, eta datozan egunetarako herrietako Korrika-batzordeek, euskera alkarteek eta taldeek antolatu dituen ekintzak be jakinarazo deuskuez. Hori otsailaren 22an Zamudiotorren izandako aurkezpen batean egin dabe.
Azaldu daben bezala, batzordeek eta taldeek oso behar handia egin dabe eta herri guztietan jarrera positiboa eta prestutasuna erakutsi dabe. Gainera, parte-hartzea gero eta handiagoa dala azpimarratu dabe, eta aurten irudimena ezinbesteko lanabesa izan dala. Halan, ia dirurik ez dabela, gauza izan dira oso kultur egitarau zabal bat antolatzeko. Txorierriko Korrika Kulturala ekitaldiz beteta etorriko jaku: erropea desfilea, antzezlanak, jaiak, bazkariak, afariak, jolasak, tailerrak... Baina bereziki lehenengo aldiz egingo dan ekintza bat nabarmendu dabe: pintxo-poteo maratoia. “Ekintzea gazteek eurek proponidu dabe eta oso erakarpen garrantzitsua izan da guretzat. Egun osoko ekitaldia izango da eta, hareen inplikazinoa erakusteaz gainera, gazteek lotsa barik eta modu alai baten adierazoko dabe euskeraz bizitzeko aukerea”. Korrikaren haritik antolatutako ekitaldi guztiak oso herrikoiak izango dira eta arduradunek espero dabe han ahalik eta txorierritar gehienek parte hartzea.
Guztion laguntzea
Euskerearen aldeko lasterketea arratsaldean ailegauko da Txorierrira. Lagun asko beharrean egongo dira eta arduradunek deia egin dabe antolatze-beharretan ahal dauan guztiak lagundu daian. Herrietako eragileen eta udaltzainen laguntzea be ezinbestekoa izango da. “Baina, bestalde, eskolako umeek nagusiakaz batera parte hartu ahalko dabe benetako Korrikan, eta hori oso inportantea da guretzat. Herri guztietan leku bat atonduko da umeek han arazo barik korrika egin ahal daien”.
Behar eta ilusino handiko egunak dira martxokoak. Eta Korrikaren arduradunek horreek ahalik eta lagun gehienakaz konpartitzea gura leukie, “nahiz eta guzurra iruditu, asko Korrika hareen albotik pasau arte ez diralako enteretan”. Era berean, aitatu dabe diru eske ibilteko oso momentu ona ez dala, baina gogorarazo deuskue AEK-k oraindino diru eskatzeko beharra dauala, euren jarduerak aurrera egitea gura badabe. Horregaitik, Korrikaz gainera, irakasleei zein ikasleei laguntzeko beste modu batzuk martxan jarteko eskatu deutsee Gobernuari eta inguruko agintariei.
Korrika Kulturala, TxorierrinMartxoak 1, barikuaLarrabetzu: Erropa desfilea, Hori bai gaztetxean.
Martxoak 2, zapatua
Derio: Lingua Navajorum antzezlana, 20:00etan, Gurea Aretoan. Tximintx euskera alkartearen eskutik. Sarrerak, AEKn eta Kultur Birikan salgai.
Martxoak 3, domeka
Derio: Horma-irudia pintetea. Umeei zein nagusiei zuzendutako ekintza.
Martxoak 7, eguenaSondika: Laburbira film laburren emonaldia Altzora euskera alkartearen eskutik, 19:00etan, Kultur Aretoan. Euskeraz ekoiztutako zortzi film labur ikusteko aukerea egongo da: Beerbug, Desentxufatuak, Deust et machina, Oinaze egoitzak, Tortila, Elkartea, Hamaiketakoa eta Berriro igo nauzu.
Martxoak 8, barikuaErandiogoikoa: Jai handia egingo da eta, besteak beste, dantzak, musikea, koreografiak eta Mikel Zarateren taldearen emonaldia izango dira han. Saski bat be zozketatuko da.
Zamudio: Kuestazioa.
Martxoak 9, zapatuaTxorierri: Pintxo-poteo maratoia. Autobus bat ipiniko da jentea eroateko herri batetik bestera, pintxo-poteoa Txorierrin zehar egin daien. Izena emotea martxoaren 6ra arte egin daiteke Txepetxa AEKn (94 454 39 67) edo pintxopoteomaratoia@gmail.com helbidera mezua bialduta. Parte-hartzaileek 18 urte baino gehiago euki behar ditue edo gurasoen baimena aurkeztu. Korrikalariz janzteko eta Korrika petoa eroateko eskatzen da. Informazino gehiago: www.facebook.com/txorierrikoaek.txepetxaeuskaltegia. Herri guztietan egingo dira ekintzak poteolariei harrerea egin eta eguna girotzeko.
Sondika eta Derio: Kuestazioa, 12:00etan.
Lezama: Jaia, 19:00etan. Umeentzako jolasak egongo dira, nagusientzako spinning-a eta aerobica, musikea, herriko taldeen emonaldia...
Martxoak 10, domekaLarrabetzu: Kuestazinoa eta materiala salgai.
Martxoak 16, zapatuaErandiogoikoa: Afaria, musikea eta zozketak.
Sondika: Bazkaria, 14:30etan.
Larrabetzu: Bazkaria eskolan, enkantea eta kontzertuak Hori bai gaztetxean.
Martxoak 17, domekaLoiu: Umeentzako jolasak, tailerrak eta Korrika txikia, herriko plazan.
Derio: Puzgarriak, tailerrak eta lur-irudia pintetea, 11:00tan, Sollube eta Beheko kaleetan. Eguraldi txarra balego, frontoian.
Bazkaria, 14:30etan, txokoan.
Martxoak 19. martitzenaDerio: Bertso Korrika, 19:00etan, Kultur Birikan. Itallen Larrabetzuko bertso eskolaren eskutik.
Martxoak 21, eguenaTxorierri: Korrika.
Sondika: Txokolatadea eta Gau-jaia Trapero del río taldeagaz.
Martxoak 22, barikuaLezama eta Zamudio: Bertso-afaria egingo da Lagatzu Zamudioko euskera alkartearen eskutik, eta han Etxahun Lekue, Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia arituko dira bat-batean. Txartelak Zamudioko leku honeetan eros daitekez: Estankoan, Mari Elinean, Batzokian eta Susterrak tabernan. Era berean, 94 452 34 47 telefono zenbakira deitu daiteke edo mezu bat agindu lagatzu@lagatzu.org helbidera.
Martxoak 24, domekaTxorierri: Autobusa jarriko da Baionara joateko.