Euskararekin ala euskaraz bizi? Beleak eta basurdeak errudun

Aikor aldizkaria 2013ko mar. 25a, 09:41

t: Juan Luis Goikoetxea / a: Aritz Albaizar

Egunetik gauera oharkabean aldatzen gara, baita gaueko izar aldren dirdiratik gure eguzki amandrera ere. Desberdintasuna betazaletan erakusten dugu, gauari begiak itxiz eta egunari zabalduz; oraingo honetan euskara zertan den ikusteko. Gure berbetarekin, agian -”agian egün batez jeikiko dira egiazko eüskaldünak...”- egunsentitik ilunabarrera bizi gara; optimismotik pesimismora; ia beti, errealitatearen gordina arakatu gabe. Eta itauna da, ea XXI. mendekook, euskararekin bizi garen ala euskaraz? Jakina da euskararekin bizi garena, euskara ere gure artean dela; kasurako, jaietako programetan ekologiaren aldamenean aldarrikaturik. Baina euskaraz bizi? Ez ete da ordua analisi eta txekeorik ausartena egiteko? Felipe errotariak aurten artorik ez ereitea erabaki du, basurdeak eta beleak ugaritu direla-eta. Bele beltzak erne berritan jaten dizkiotela artoak; basurdeek artaburudun direnean. Felipek ez ditu aintzat hartzen bizkarrean daramatzan laurogeita bost urteak, beharrari eskaini dizkion hamaikatxo egunsenti edo gau ordu. Ez da ohartzen zelan gorputza ahuldu zaion; lanerako adorea makaldu. Ondorioz, gurago du errua beleei zein basurdeei bota, itxura hutsezko autoestiman irauteko bada ere. Euskaraz bizi ala euskararekin? Batak esango dizu, orain krisitik irtetea dela premiazko; besteak, erdaldunekin eroapena behar dela, alegia, pazientzia; hurrengoak defendatuko dizu boterera iristeko euskara lighta behar dela. Finean eta buruan, euskararekin zirt edo zart ez egitearen errua, aurten artoa ez ereitearena, beleena eta basurdeena dela, ez euskaldunon epelkeriarena.