Sondikoztar hau Superdown film laburra editetan dabil egun honeetan. Beraren bigarren beharra da eta Pablo dau protagonista nagusitzat. Down-en sindromea dauen hamar urteko mutiko bat da Pablo, eta supermerkaduan galdu da. Odisea txiki bat biziko dau bertan, berak bakarrik gainditu beharko dauena.
Gidoia orain dala lau urte idatzi zenduan.
Bai, zine eskolako lehenengo urtean. Foru Aldundiak halako proiektuak diruz laguntzeko deialdia zabaldu eban eta bertan aurkeztu neban gidoia. Baina ez zan suerterik egon, eta gidoia kaxoi baten gelditu zan, apur bat ahaztuta. Orain dala pare bat urte, Platanoboligrafo produkzino-etxea sortu genduan lagun batzuen artean, eta egun baten gidoia hartu genduan hizpide. Proiektua aurrera eroan ahal izango genduala aitatu genduan, eta bera aztertzen hasi ginan. Gidoiaren hainbat alderdi landu genduzan eta formea emon geuntsan.
Zergaitik Down-en sindromea?
Egia esateko, ez neban hori argi euki hasikeratik. Protagonistea oso persona distraitua izatea gura neban, arerio-giro baten kokatua. Baina protagonistea ez ezik beste ume bat be agertzen da istorioan, oso bizkorra, eta, gidoia idazten nenbilela, pentsau neban ondo egon eitekeala hain desberdinak diran kasu bi horrek batera aurkeztea. Izan be, behar honetan agirian itxi gura neban bakotxak konstantzia euki behar dauela bere mugak, bildurrak eta abar gainditzeko, eta horregaitik iruditu jatan egokia adimen-atzeratasuna daukan mutiko bat izatea protagonistea.
Aitatu beharra dago proiektua film labur bat baino gehiago dala.
Adimen-desgaitasunen eta Down-en sindromearen inguruan kontzientziazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bat zabaltzea da gure helburua. Eta horretarako, hainbat ekimen eroan gura doguz aurrera. Adibidez, Estatu osoko ikastetxeetara zabaldu gura dogu Superdown, material didaktikotzat erabili daien, eta jaialdi bat antolatzea be pentsau dogu. Era berean, lan hau ahalik eta leku eta zine-jaialdi gehienetara eroango dogu.
Proiektu altruista izan da, bertan parte hartu dozuenok ez dozuelako dirurik jaso zuen beharraren truke. Ez aktoreek, ez ekipo teknikoak... Zelako laguntzea euki dozue grabaketea egin ahal izateko?
Ideia Sondikako Udalean aurkeztu genduan eta hasikeratik egin eben bat proiektuagaz. Laguntza bat emon euskuen, grabaketea egiteko erabili doguna. Era berean, adimen-desgaitasunen eta Down-en sindromearen arloan behar egiten daben Estaduko alkarte guztietara eroan dogu proiektua. Oso behar neketsua izan da, baina azkenean babesa jaso dogu Down Asturias eta Araba Down alkarteetatik.
Eta lehen aitatutako asmoak aurrera eroateko?
Laguntza eta babes gehiago behar doguz. Proyectosuperdown.org webgunea jarri dogu abian, eta interesik daukanak bertan kontsultau leikez proiektuaren zehaztasun guztiak. Laguntza ekonomikoa ez ezik beste era bateko ekarpenak be egin leitekez bertatik.
Filmaren protagonistearen gainean egingo dogu berba. Nor da Pablo?
Oso ume distraidua da, baina oso gogotsua be bai... Eta Down-en sindromea izan arren, beraren adineko edozein umek daukazan erreakzinoak daukaz. Zailtasunak daukaz, guztiok daukaguzan moduan, baina hareek gainditzeko gauza da, beste guztiok legez. Nire ustez, edozeinek ezagutu leike bere burua Pabloren pertsonaiagan.
Zelan ezagutu zenduan?
Down Asturias alkartearen bidez. Esan behar dot hasikeran bildur handiagaz ibili nintzala Pablok ez eukalako ezelako eskarmenturik kamara aurrean. Gainera, ia eszena guztietan agertzen da eta bildur nintzan ez ete zan nekatuko... Baina ederto egin eban grabaketan. Gehiago be esango neuke, beste ume batzuengan ikusi ez dodazan trebetasuna eta kontzentrazinoa erakutsi zituan. Diziplina handiko mutikoa da eta bera zuzentzea oso erreza izan da. Grabaketea baino lehen, azarotik otsailera bitartean, probasaioak egin genduzan Pablogaz Oviedon, eta probasaio horreek oso lagungarriak izan ziran. Film laburra eta pertsonaia aztertzen ibili ginan, berak ulertu eta barneratu eian zer gura genduan.
Beharrean beste mutiko bat agertzen da: Pedro.
Mutiko bien arteko hartu-emona txarra izan zedin bildur nintzan. Pedroren pertsonaiaren castinga egiten hasi ginan eta jaso genduan lehenengo bideoa berarena izan zan. Pedrok badauka eskarmentua antzezpen arloan —aktorea izan gura dau— eta izugarri gustau jatan haren beharra, oso ondo egiten dau. Gainera, Oviedokoa da bera be..., baina castingagaz aurrera jarraitzea erabagi neban, badaezpadan. Eta geroago —bizitzan kasualidade handiak izaten dira— jakin neban Pablok eta Pedrok alkar ezagutzen ebela, ikastetxe berean dagozalako. Horrek erabagia hartzen lagundu eustan... Filma ez litzateke bardina izango beste Pablo bategaz eta beste Pedro bategaz.
Eta eskarmentu handiko aktoreak: Alex Angulo, tartean.
Halakoen beharrak ez ninduen kezkatzen, ez. Eskarmentu handia daukie eta badakie zelako ñabardurak emon behar deutsiezan pertsonaiari, eta zergaitik. Egia esateko, grabaketan baekien zer gura neban, eta gehienetan aurrea hartzen eusten.
Guztira, 22 lagun ibili zarie filma grabetan. Zer esango zeunskigu ekipo teknikoari buruz?
Hasikeratik inplikazino handia erakutsi dabela. Hau da, filmaren grabaketea guztion proiektua izanik hasi eta amaitu zan. Hori oso lorpen handia da, nire eretxiz. Bakotxak baekian zehatz-mehatz zer egin behar eban, zergaitik ziran gauzak era batekoak eta ez bestekoak... Askotan, ez neban azalpenik be emon behar.
Edizinoagaz laster amaituko dozue. Horren ostean?
Ahaleginduko gara lehen aitatutako proiektuak martxan ipinten. Filma Sondikan eta Asturiasen proiektauko da, eta ahalik eta zine jaialdi gehienetan aurkeztuko dogu: Bilbon, Getxon... eta mundu osoan.