Aita Santua ala Aitita Santua?

Aikor aldizkaria 2013ko api. 26a, 09:46

t: Juan Luis Goikoetxea / a: Aritz Albaizar

5.000 kazetari baino gehiago izan dira Vatikanon Aita Santu berriaren aukeraketan. AIKOR ez da joan Erromara KORRIKAri jarraipena egiten ibili da-eta. Dena den, badirudi katolizismoa albiste interesgarria dela hedabideetarako. Apirileko AIKORek berri biak dakartza, KORRIKA eta AITA SANTUA ezen, AIKOR unibertsala da, .com ere badauka-eta. Bestalde, katolikoen burua emakumea balitz? Orduan, Ama Santua izango litzateke, ez Aita Santua. Gainera, ez al da hobea Aitita Santua esatea 76 urterekin? Gure artean adin horretakoak aitita, aitaxe, aitona, aitajaun, aitatxi edo aitagoi izaten dira. Frantzisko deitzen da. Gure aitak ere Francisco zeukan karnetean, baina Patxo esaten zioten; beste bati, Patxi edo Patziku deituko diote. Beraz, guk esan dezakegu: Patxo Aita Santua. Frantzisko Aita Santua Jesusen Lagundikoa da eta lagundi hori Inazio Loiolakoak fundatu zuen eta Azpeitiko Loiolan dago, Urolaren aldamenean. Bestalde, kontatzen du Kaxildo Getariarrak, amona bereak esan ziola: -Aita Santuak euskaraz daki. -Bai zera! -Bai, neuk entzun dut euskaraz. -Zer esaten? -Bedeinkapena eman eta esan du: “Ongi etorri”! -Ez amona! Ez du esan “Ongi etorri”, ezpada “Urbi et Orbi”. Azken baten, Aita Santua edo Aitita Santua izan, ezin ahaztuko dugu Iruñetik Erromara 1.630 kilometro daudela. Hala ere, gauza bat egin dezake Frantzisko Aita Santuak -borondatea badauka-: ipini, jarri, emakumezkoa eta gizonezkoa maila berean. Orduan ulertuko du budisten kong-an(*) hau: Gaur arte, Erromako elizak esku batekin jotzen dizkio txaloak Jainkoari; esku bakarrarekin. (*) KONG-AN: Monje budisten igarkizuna edo itauna, ikasleek meditazio unean hausnarketarako erabili behar dutena. Adibidez: Zer hots ateratzen du esku bakarrak txaloak jotzean?