San Isidro jai-batzordea igaz osatu zan herriko jaiak antolatzeko. Euren esanetan, herriarengandik herriarentzat egindako ekintzak izan ziran joan dan urtekoak, eta horregaitik erabat arrakastatsuak be bai. Aurtengo jai-egitarauak be ume, gazte, heldu zein nagusiei zuzendutako ekitaldi-sorta zabala ekarriko deusku.
Herriko alkarteek apirilaren 2tik daroe “Herria martxan, martxa herrian” ekintzarako entseguak egiten. Jai-batzordetik azaldu daben moduan, sekretua da talde bakotxa prestaten dabilena, baina ahopean esaten danaren arabera, oso ekintza itxurosoa izango da. Ekitaldia igaz antolatu zan lehenengo aldiz Tximintx euskara alkartearen eskutik, eta oso arrakastatsua eta parte-hartzailea izan zan. Hain arrakastatsua, ezen Topagunea Euskera Alkarteen Federazinoak egitasmoa beste herri batzuetan aurkezteko gonbitea egin eutsien antolatzaileei. Ekintzea Herriko plazan izango da pregoia irakurri baino lehen. “Pregoia Tximintxek irakurriko dau. Alkarteak 10 urte bete ditu eta jai-batzordetik omenaldia egin gura deutsagu: alde batetik, euskerearen alde egin dituan milaka jarduerakaitik; eta bestetik, herriko jaietan betidanik euki dauan parte-hartzeagaitik”.
Maiatzaren 10etik 15era bitartean, derioztar –eta txorierritar, zergaitik ez- guztien gustukoak izango diran hamaika ekintzaz gozetako aukerea egongo da Derion: azokak, txitxi-burruntzia, lehiaketak, idi-probak, jolasak eta dantzaldia, batzuk aitatzearren. Eta horreen guztien artean sukalkia azpimarratu dabe bereziki. Kiroldegiaren ondoko larretan prestauko da, eta herri bazkaria txosnagunean izango da. “Aulkia erreserbetako, euro bat ordaindu beharko da Sugoi, Mendia edo Hamaiketako tabernetan; edo Kultur Birikan, eguaztenetan eta arratsaldeko 7,30etik aurrera. Epea maiatzaren 8ra arte egongo da zabalik”. Bestalde, esan beharra dago Lainomendi dantza taldeak dantzen agerraldia antolatu dauela lehenengo aldiz jai-egitarauaren barruan. Bertan inguruko 10 bat taldek hartuko dabe parte.
Bor-bor
Gaueko kontzertuei jagokenez, jai-batzordeak apustu handia egin dau aurten be bai. Halan, bada, barikuan zein zapatuan herriko musika talde batek eskiniko dau kontzertua eta horreekaz batera momentuko talderik inportanteenetariko batzuk arituko dira eszenatoki gainean. “Beraz, karpea barriz be bor-bor egongo da. Barikuan jente gehiago erakarri gura dogu eta, horregaitik, eskaintza oparoa egongo da musika estiloen aldetik: punk, ska, reggae, dancehall, elektronika... Oso gau dantzagarria izango da”. Txosnagunea gaueko 9,30ean zabalduko dabe barikuan, eta euro baten truke edalontzi berrerabilgarri bat erosi ahal izango da.
Igaz, jai-batzordeak San Isidro jaiei izaera herrikoia itzultzea eban helburuetariko bat, eta bete-betean asmau eben. Azaldu daben moduan, jaiak “herriarengandik herriarengana” egiten diranean, herritarrek berezkotzat joten ditue eta animatu egiten dira parte hartzera. “Arrakastatsuak izan ziran pregoia bota baino lehenagotik be. Herriko alkarte gehienek hartu eben parte “Herria martxan, martxa herrian” ekitaldian, eta Sukalkia be inoz baino jentetsuagoa izan zan. Herri bazkarian 400 lagun baino gehiago batu ginan”. Era berean, jentetza handia ibili zan pintxo-poteoan eta pintxoak agortu egin ziran tabernetan. “Eta gauean be, ikaragarria! Helburua bete egin genduan eta gazteak herrian lotu ziran. Gainera, Txorierriko gainontzeko herrietako lagun asko be etorri ziran aspaldiko partez Derioko jaietara, eta urrunagotik be hurbildu ziran herrira. Eta hor gengozan jai-batzordekook, herriaz harro. Egindako beharrak, emondako orduek, eztabaidek... merezi izan eben. San Isidro jaiak bueltau ziran Deriora!”.
Joan dan urtean betetako helburuari eustea espero dabe aurten. “Horixe dalako gure egitekoa. Herriko jaiak herriak egin behar ditu”. San Isidro jai-batzordearen baitan herriko hainbat alkarte batu dira eta sare bat sortu da euren artean, gero eta sendoagoa dana. Behar handia egiten dabilz guztientzako jaiak prestetako. Eta horretarako, guztion eretxiak hartu ditue kontuan.
Nobedadeak
Udaletik adierazo deuskuen bezala, aurten nobedade nagusi bi egongo dira San Isidro jaietan. Alde batetik, azokea Sollube kalean egingo da eta, halan, herrigunera hurbilduko da. Zapatuan artisautza azokea izango da egun osoan zehar; eta domekan, elikadura azokea. 32 postu jarriko dira guztira. Bestetik, San Isidro egunerako antolatu diran idi-probetan buztarri bik hartuko dabe parte. “Aurreko urteetan hiru buztarri aritu dira, baina aurten pisu gehiagoko harria eroan beharko dabe arrastaka -3.300 kilokoa- eta horretan denpora luzeago emongo dabenez, buztarri bi baino ez ekarteko erabagia hartu da. Buztarri bat Loiukoa da eta bestea, Santander aldekoa”, azaldu deusku Jesus Lagunas Derioko kultura zinegotziak.
Maiatzak 10, barikua
19:00 “Herria martxan, martxa herrian ekimena”. Biribilketea, herritik; eta jarduerak, Herriko plazan.
20:30: Pregoia eta trakea, Herriko plazan.
21:00: Txitxi-burruntzia, Herriko plazan.
22:00-06:00: Kontzertuak, txosnagunean: Endemaño (Derio), Itziarren semeak, Bad Sound System, Rude Hi-Fi eta Stepi Selektah.
Maiatzak 11, zapatua
11:00: Biribilketea.
11:30: Sukalkia.
11:30: Artisautza azokea, Sollube kalean.
12:00: Umeentzako jolasak, frontoiaren ondoko pistan.
14:00: Herri bazkaria. Sukalkia.
19:00: Pintxo-poteoa.
22:00-06:00: Kontzertuak, txosnagunean: Mental Eraser (Derio), Hesian, Vendetta eta Dj Bull. “Ivan y venían” izen artistikotzat dauen gazteak ikuskizuna eskiniko dau kontzertuen artean.
Maiatzak 12, domeka
11:00: Biribilketea.
11:00: Elikadura azokea, Sollube kalean.
11:30: Eskualdeko dantza taldeen alardea, institutuko parkingean.
16:30: Bizkaiko lau t´erdiko txapelketea. Derioko Kopea.
18:30: Briska txapelketearen sariak banatzea, txosnagunean.
19:00: Txitxarrilloa eta saltsa dantzen ikustaldia, txosnagunean.
Maiatzak 14, martitzena
18:30-21:30: Xaibor diskofestea, Sollube kalean.
Maiatzak 15, eguaztena. San Isidro
11:00: Biribilketea.
11:30-13:30: Ume eta gazteentzako ekintzak, frontoi ondoko pistan. Euria eginez gero, frontoian.
11:30: Mezea, San Isidro eleizan.
12:00: Umeentzako marrazki lehiaketea, frontoiaren ondoko pistan. Euria egin ezkero, frontoian.
16:00-19:00: Ume eta gazteentzako ekintzak, frontoiaren ondoko pistan. Euria egin ezkero, frontoian.
18:00: Marrazki lehiaketearen sariak banatzea, frontoiaren ondoko pistan. Euria Euria egin ezkero, frontoian.
19:30: Idi-probak, probalekuan.
19:00: Txokolatadea eta jaien amaierea, Herriko plazan.