Mendebalde Kultura Alkarteak euskerea eta kirola buztartzen dituan jardunaldiak antolatu ditu maiatzaren 3rako eta 4rako. Jardunaldiak Euskaltzaindiaren Aretoan izango dira, Bilbon, eta berbalagunok hara joango gara. Gugaz etorri gura badozu, izena emon beharko dozu orrialde honetako informazino-koadruan azaltzen dan telefono zenbakira deituz edo helbide elektronikora mezu bat idatziz. Ez galdu aukerea!
Juan Ramón Fernández-Lópezek, Aritz Urdampilletak eta Iker Lópezek hasikerea emongo deutsie berbaldi-sailari bariku arratsaldean. Hareek azalduko dabe zein garrantzitsuak diran jarduera fisikoa eta elikadura egokia gure osasunerako. Datu bi aurreratu deuskuez: urtean 2,7 milioi lagun hilten dira behar beste fruta eta barazki ez jatearren, eta 1,9 milioi lagun, jarduera fisikorik ez egitearren. Kontuan hartzekoa da. Ostean, Abel Barriola eta Iratxe Ibarra pelotariek hartuko dabe txandea, eta kirolagaz daben hartu-emona azalduko deuskue.
Koikili Lertxundi futbolariagaz kirolaren oinarriak zeintzuk diran argituko doguz. Horretarako, kirol bakotxean dagozan onurak eta gabeziak aztertuko doguz eta kirola-aisia-osasuna ereduaren garrantzia izango dogu hizpide. Azkenik, Jose Joakin Gallastegik txirrindularitza munduan egin dauen ibilpidearen barri emongo deusku.
Zapatuko jardunaldiak goizean izango dira. Maider Unda burrukalariagaz kirolak ekarri deutsazan momenturik ederrenak konpartituko doguz, eta Ibon Gaztanazpi arraunlariak azalduko deusku zelan emon eban saltua trainerutik ETBra.
Erronkak
Atsedenaldiaren ondoren, beste kazetari bat eukiko dogu hizlari: Pedro M. Goikoetxea. Harek ETBk hasieratik hona eginiko bidea azalduko deusku, eta zeintzuk arrisku eta erronka dituan be kontauko deusku.
Jose Ramon Uriarte Katxin zestalariak munduan zehar ibilteko suertea izan dau eta herrialde askotan euskaldun jentearen ordezkaritzat hartu dabe. Katxinek arlo horretan euki dauen eskarmentua emongo deusku ezagutzera. Azken berbaldia Dabi Piedra kazetariak egingo dau. Barri-emoile euskaldunek aurre egin behar deutseezan zaltasunak aurkeztuko deuskuz eta gerora begira zer hobetu aztertuko dau.
Berbaldi ostean, mahai-inguru bat egongo da eta omenaldia egingo jake Jose Angel Iribarri eta Iñaki Sarriugarteri.