Euskal kulturgintzea, kale gorrian

Aikor aldizkaria 2013ko mai. 27a, 10:58

Garai txarrak lirikarako Golpes bajos taldeak 1983an idatzitako kanta bat da. Literaturiako antolatzaileek be uste dabe badirala garai gatxak lirikarako, eta horregaitik, “Kale gorrian” aukeratu dabe lelotzat aurtengo edizinorako. Euskera hutsez egiten dan literaturari buruzko Euskal Herriko azoka bakarra bosgarren aldiz egingo da Larrabetzun, maiatzaren 31tik ekainaren 2ra bitartean. Hainbat talde dabil alkarlanean Literaturia antolatzeko: Literatura Eskola, Arrekikili, Hori Bai, Larrabetzuko Udala, Gurpide eta Larrabetzuko liburutegia. Gotzon Barandiaran antolatzaileetariko bat da, eta, esan deuskun moduan, “aurten eguraldi ona egiten badau, kalean egin gura doguz ekitaldiak”. Literaturia inoz baino presenteago egongo da kalean; kale gorrian, leloak dinoen moduan. “Erakunde publikoek kulturea denpora-pasa hutsa izatea gura dabe, baina guk uste dogu hori baino askoz gehiago izan beharko litzatekeela: kulturak denporea pasetako balio behar dau, jakina, baina baita sentiduteko be, gogoetak egiteko, konpartitzeko, eztabaidatzeko... Eta horretarako, kulturea kalean egon behar da, herritarren eskura”. Gotzonen eretxiz, erakunde publikoek ez dabe euskal kultura behar moduan zaintzen, ezta Literaturia be, eta horrengaitik “kale gorrian” sentiduten dira. “Urtero-urtero erakunde publikoetara joten dogu diru eske, eta gero eta gitxiago emoten deuskue. Izapide pilo bat bete behar izan doguz, diru-laguntza sistema horretan sartzeko, eta horrek buruko min itzelak ekarten deuskuz. Gure ustez, laguntza gehiago behar da Literaturia moduko ekitaldi bat antolatzeko. Izan be, euskal kulturan inbertsinoa egitea izango litzateke, Literaturia dalako euskera hutsean egiten dan euskal literaturari buruzko ekitaldi bakarra Euskal Herrian. Antza danez, dirua badago Bilbao Basket taldearentzat, baina ez guretzat. Hori iraingarria da, bai horixe! Beraz, aurten ez deutsegu ezertxo be eskatu”. Krisiak, ostera, ez dau kikildu antolatzaileek urtero egiten daben euskal kulturgintzaren aldeko apustua. Are gitxiago. Halan, Literaturiak bat egingo dau Topaguneak sustatutako “Irakurri, gozatu eta oparitu” kanpaineagaz, Txorierriko euskera alkarteek egin daben moduan. Horrek irakurketea sustatzea eta euskerearen erabilera gozagarria bultzatzea ditu helburu, eta ekainaren 30era arte iraungo dau. “Jentea hasi da irakurtzen, deskontu-txekeak hartzen... Eta txekeei esker, Literaturian be merkeago lortu ahal izango dira liburu batzuk. Pozik gagoz, kanpainearen inguruan mobimentua dagoalako herrian. Azken baten, geuk be irakurtzeko ohiturea sustatu gura dogu”. Edizino honetan, igaz beste ekitaldi egongo dira, baina aurten denpora-tarte handiagoak egongo dira ekitaldien artean. “Jenteak esan deusku batzuetan saio batetik bestera arnasa hartzeko denporarik be ez dagoala”. Azokaren eszenatokiak berberak izango dira: herriko plaza, Anguleri Kultur Etxea eta Hori Bai gaztetxea. Diru-laguntzarik eza dala-eta, gaztetxean egingo diran ekitaldietan sarrera kobrauko da, aurreko urteetan egin ez den moduan. “Holan, artistek euren beharraren truke dirua jaso ahal izango dabe”. Prezioak ekintzen araberakoak izango dira; halanda be, gehienez sei euro kobrauko da. Horrezaz gainera, aurtengo Literaturiak hainbat nobedade ekarriko ditu. “Aurreko urteetan, zapatu goizean, Euskal Herriko irakurle taldeetako kide batzuk biltzen genduzan Larrabetzun, gogoeta egiteko. Aurten, ostera, urtean zehar irakurketa taldeetan egiten doguna erakutsi gura dogu. Horretarako, bost liburu aukeratu doguz, eta hareen inguruko solasaldiak egingo doguz herriko plazako bost txokotan. Ekitaldia zabalik dago gura dauanarentzat. Egileak be bertan egongo dira”. Hausnarketea egiteko gunea domekan irekiko da, “Egungo itzulpengintzaren erronkak: Zelan erantzun egun euskal literaturan ditugun beharrizanei?” solasaldian, alegia. Karparik ez Bestalde, aurten ez da karparik ipiniko, eta, ondorioz, liburu azoka Andra Mari kalean egingo da. Han dagozan lonja bitan liburu-denda bat irudikatuko da: batak Verdes-Atxirika izango dau izena; besteak, Isaac López de Mendizabal. “Biak oso garrantzitsuak izan ziran euskal literaturan, eta horregaz keinu bat egin gura deutsegu lehengo liburu-dendei eta euren jaubeei. Antxina saltzaileek liburu guztiak ezagutzen zituen eta eroslearen gustuen arabera emoten zituen aholkuak”. Aitatutakoak nobedade bakarrak izango ez diran arren, Literaturiak betiko arimari eutsiko deutso. Urtero legez, idazleek eta irakurleek aurrez aurre egoteko aukerea eukiko dabe. Antolatzaileek egitarau oparoa prestau dabe, bai nagusiei, bai umeei zuzenduta. “Familia osoak hona etorri eta ondo pasetako aukerea eukiko dau”, berretsi dau Gotzonek. Aurreko edizinoetan gertatu dan moduan, Larrabetzura bertara joan ezin danak interneten bidez jarraitu ahal izango dau azoka, www.literaturia.org webgunean. Literaturian liburuak ez dira protagonista bakarrak. Izan be, kontzertuak eta antzezlanak be egongo dira. Besteak beste, Goienetxe anaiak, Bide Ertzean taldea eta Jon Benito, eta Anari arituko dira. “Goienetxe anaiek rap emonaldia eskainiko dabe. Hareetako bat bertsolaria da, eta bestea, idazlea, eta hartuemon handia dabe ahozko eta idatzizko literatureagaz. Anari orain dala urte bi etorri zan hona, eta aho zabalik itxi ginduzan. Aurten barriro etortzeko eskatu deutsagu; ea emonaldi gogoangarri hori errepikaten dauan”. Bestetik, Pau Alabajos bakarlariak katalanez abestuko dau. Antzerkiari jagokonez, barikuan, Xabier Mendigurenen lan batean oinarritutako Publikoari gorroto antzezlanak ongi etorria emongo deutso azokeari. Eta zapatuan, Josu Kamarak Urrezko sagarra ipuina kontauko deutsie umeei. Hitzordu finkatua Bost urte pasau dira lehenengo Literaturia bultzatu zanetik, eta, Gotzonen ustez, hitzordua guztiz finkatuta dago herrian. “Bai, larrabetzukoek jakin badakie ekainaren lehenengo asteburuan Literaturia dagoala. Ildo honeri jarraituz, lagungarria izan da azken urte eta erdian herrian egin dan kultur bilgunea. Han alkarteek alkarri emoten deutsagu bakotxaren programaren barri, eta agendak bateratzen doguz. Herri ikuspuntua emoten deutsagu kultureari, eta alkarlana sustatzen dogu”. Eta herrian ez eze, kanpoan be atxikimendua jasoten dau azokak, euskal literatura munduan ibilten diranentzat (idazleak, irakurleak, argitaletxeak...) erreferentzia baita. “Bidea apurka-apurka egin dogu, baina sendo. Bakarra da Literaturia”. Maiatzak 31, barikua –19:00: Publikoari gorroto. Antzezlana. –22:30: Goienetxe anaiak. Musikea. Ekainak 1, zapatua –11:00: Irakurle taldeka. Idazleak bertan egonda, honako liburuak hartuko dira hizpide: Intemperies (babes bila), Lourdes Oñederra; Kristalezko begi bat, Miren Agur Meabe; Inurrien hiztegia, Mariasun Landa; Txartel bat (des)herrira, Garazi Goia; Alkasoroko benta, Mikel Taberna. –12:00-14:00: Liburuen aurkezpenak. –14:30: Bazkaria. –17:00: Hormako paper horia liburua irakurtzea. –17:30: Urrezko sagarra. Josu Kamara. Umeentzako ipuin kontalaria. –18:30: Alkartasun basatia errezitaldia. –22.00: Ez haut abandonatuko emonaldia (Bide Ertzean + Jon Benito). –22:00: Anari. Musikea. Ekainak 2, domeka –11:00: “Egungo itzulpengintzaren erronkak: Zelan erantzun egun euskal literaturan doguzan beharrizanei?” solasaldia. –12:00-14:00: Liburuen aurkezpenak. –17:00: Baxuko taldearen errezitaldia (Poesia + musika). –18:00: Josu Bergara eta Pau Alabajos bakarlariak. LITERATURIATXUA –Ekainaren 1ean eta 2an ume zein gazteentzat hainbat ekitaldi.