Brocante-tik azoka txikira

Aikor aldizkaria 2013ko mai. 27a, 11:12

t/a: Bestorrene

Txoriberri Derioko kultur elkarteak azoka txikia antolatu du ekainaren 9rako. Azoka Sollube kalean eta inguruko kaleetan kokatuko dute, 10:00etatik 14:30era. “Ideia hauxe da: etxean ditugun eta erabiltzen ez ditugun gauzak hartu eta azokara eraman, han salgai jartzeko, oparitzeko edo beste gauza batzuen truke aldatzeko. Bakoitzak nahi duen sistema erabil dezake, eta azokara edozein gauza eraman daiteke, hala nola altzariak, automobilaren bolantea, arropa edo bizikleta bat”, azaldu digute antolatzaileek. Orotara 70 leku edo gune atonduko dira eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru leku hartu ahalko ditu. Leku bakoitzak metro bi edukiko du eta hiru euro balio izango du. Azokan edozein pertsonak har dezake parte eta izena emateko, telefono zenbaki hauetariko batera deitu behar da: 630 55 02 16 eta 695 70 22 02. Txoriberri elkarteak 2006. urtean antolatu zuen lehendabizikoz azoka. “Birziklapena eta berrerabiltzea bultzatzea dugu helburu. Gauzak zakarrontzira bota beharrean, merke saldu, besteren batek erabili ahal ditzan”. Esan diguten moduan, azoka txikia oso ekintza arrakastatsua da eta Derioko mugak gainditu ditu. “Gasteiztik ere hurbildu dira azokara”. Hala ere, aipatu digute oraindik badaudela aurreiritziak mota honetako ekintzen inguruan. “Jendeari kostatzen zaio topikoak apurtzea, besteek bigarren eskukoak diren edo oso merkeak diren gauzak erosten ikus ditzatela, gauza horiek saldu... Guk beldur hori gainditu nahi dugu, eta azoka txikia ekintza arrunta bihurtu. Gainera, gurea bezalako azokak ohikoak dira Europako hainbat herrialdetan”. Krisiari aurre egiteko bidetxoa ere izan daiteke. “Erabiltzen ez dugunari etekina atera eta diru apur bat lortu ahal badugu, ba, ondo baino hobeto”. Arrunta Europan Pirinioak pasatu eta Europa osoan bigarren eskuko produktuen inguruan dagoen kultura guztiz ezberdina da. Iparraldeko edozein herritan aurki daitezke brokante-ak, zeinetan bigarren eskuko hainbat produktu saldu eta erosten baitira. Beste kultura bat da: hemen zaborrera botatzen dena berrerabili egiten da han. Aipatutako moduko azokak oso erakargarriak dira Santiago de Domingo derioztarrarentzat, eta berak ezagutzen dituen hainbat adibideren berri eman digu. “Donibane Lohitzune ondoko Ahetze herritxoan, esate baterako, hilero egiten da brocante bat. Hara hegoaldeko hainbat lagun hurbiltzen dira gauzak erostera, gero hemengo merkatuetan saltzeko”. Santiago hainbat brocante-tan izan da Frantzian, Alemanian, Belgikan eta Holandan, eta beste adibide bat moduan Belgikako Temploux herritxokoa ipini du. “Egun eta gau bitan zehar dago zabalik, eta 1.500 erakustoki baino gehiago ditu”. Frantziako Lille hirikoa handiena omen da, 10.000 erakustoki dituena. Baina ez dago azoka handietara joan beharrik, edozein herritan edo auzunetan arrunta baita auzokideek behar ez dituzten gauzak etxe aurrean salgai jartzea, adibidez, herriko jaiak direnean. Ohiturarik eza Ahaleginak egiten ari dira ohitura hau gure inguruan zabaltzeko, eta brocante-ak azoka txikiak bihurtu dira. Hala, Mungian nahiko errotuta dago ohitura hau, eta Loiun aurten egin da lehenengo aldiz. Derion orain dela zazpi urte hasi ziren egiten, eta azoka urtean bitan antolatzeko asmoa dutela adierazi dute arduradunek: bata udan, eta bestea neguan. Nolanahi ere, azoka txikiek arazo nagusi biri egin behar diete aurre. Hasieran esan den moduan, ez dugu gure gauzak salgai jartzeko ohiturarik eta, gainera, hala egiteak lotsa apur bat ere ematen digu. “Era berean, eguraldia beste oztopo bat izan daiteke, aurretik ez dagoelako jakiterik euririk egingo ote duen. Baina kontuan hartzekoa da Europan oro har eguraldi kaxkarragoa egiten duela, eta normaltasunez hartzen dela. Euria bada, olana bat ipini eta kito. Berton ere ohitura hartu beharko genuke”.