Alaitz Barrena, txirrindularia, “Zoriontsua naiz b

Aikor aldizkaria 2013ko mai. 27a, 11:21

t: Gaizka Eguzkitza / a: G.E. eta A.B.

Titan Desert lasterketa Marokoko desertuan egiten da, eta txirrindulariek 600 kilometro egiten dituzte sei egunean. Rubén Glera zamudioztarrak iaz hartu zuen parte han, eta aurten Alaitz Barrena lezamarraren txanda izan da. Alaitz kirolari peto-petoa da eta garaipentzat hartzen du hara joatea eta lasterketa bukatzea. Zelan bururatu zitzaizun Titan Desert lasterketara joatea? Rubén Glerak eta nirekin mendiko bizikletaz ibiltzen diren batzuek animatu ninduten eta hazia jarri zuten. Egia esan, hasiera batean nik ez nuen oso argi ikusten. Niri mendiko bizikletaz ibiltzea gustatzen zait, baina zalea baino ez naiz, astean behin irteeraren bat egiten duena, baina ez 100 kilometroko sei etapa egiteko ohitura duena. Azkenean, erdi txantxetan esan nuen parte hartu nahi nuela eta kideek nik jakin barik apuntatu ninduten. Eta Marokora abiatu zinen... Ez. Polar enpresak antolatzen duen zozketan parte hartu nuen eta Bartzelonan egiten dituzten sailkapen-probetan aritzeko aukeratu ninduten. Eta lortu egin nuen sailkatzea. Polar enpresak eta bere babesleek ordaindu zizkidaten bidaia eta materiala. Entrenamendu berezirik egin zenuen? Bai. Hilabete bi faltan nituen Maroko aldera joateko, eta gogor entrenatu behar izan nuen. Entrenatzaile bat hartu nuen eta Titan lasterketako parte-hartzaile batzuei deitu nien, ahalik eta informazio gehien biltzeko. Lehenengo hilabetean izugarri kostatu zitzaidan entrenatzea, baina bigarrenean sendoago ibili nintzen. Zelan lasterketa? Oso gogorra izan da. Ibilbidea zaila zen eta batez ere haizeak gogor jotzen zuen. Nik ondo ikusi dut neure burua, eta pozik nago nire errendimenduarekin. Gainera, hemen entrenatzen duzunean gertatzen ez den moduan, erabat kontzentratuta zaude lasterketan, bizikleta baino ez duzu buruan. Hemen, aldiz, hurrengo egunean lana duzu... Zer da ekarri duzun onena? Nire buruari erakutsi diot gai naizela desertuan 600 kilometro bizikletaz egiteko. Batzuetan buruak dio: “gehiagorik ez”; gorputzak, ordea, aurrera egiten du. Lasterketak erakutsi dit lana gogor egiten duzuenean, edozein gauza lortu ahal duzula. Esaerak esaten duen moduan: non gogoa, han zangoa. Era berean, lasterketaren antolaketa goraipatu nahiko nuke, txirrindulariok eskura izan dugulako dena: ibilaldian jeepak gertu daude eta anoa-postu asko ipintzen dituzte. Eta kanpamenduak itzelak dira eta oso baldintza duinak dituzte: medikuak, komunak, dutxak, nahi beste janari... Eguna bukatzen denean, etaparen laburpena egiten dizute, irudiek eta argazkiek osatua. Eta hurrengo egunean zer izango duzun ere jakinarazten dizute. Garaipentzat hartzen duzu Titan lasterketara joatea eta hura bukatzea? Bai horixe. Parte-hartzaile batzuk txirrindulari profesionalak dira, baina ni, ez, ni zalea baino ez naiz. Lasterketan ez nintzen inoiz onenen artean ibili, eta zein postutan bukatu nuen ere ez dakit. Marokon zaudela ez zara konturatzen zer lortu duzun, baina etxean egonda benetan estimatzen dut bizi izan dudan esperientzia. Baduzu Titan lasterketara itzultzeko asmorik? Momentuz ez. Lasterketa gustatu egin zait, baina beste leku batzuk ezagutu nahi ditut. Dena dela, esaten da lasterketa berezia dela eta, drogak moduan, menpekotasuna sortzen duela. Hau da, behin joaten dena berriro joango dela. Auskalo zer egingo dudan datorren urtean! Normalean, emakumezko gutxiagok hartzen dute parte lasterketetan gizonezkoek baino . Arazorik izan duzu inoiz emakumezkoa izateagatik? Ez, inoiz ez. Titan lasterketan ez dago bereizketarik, berdinak gara guztiok. Are gehiago, txirrindularien artean oso giro polita dago eta guztiok gaude elkarri laguntzeko prest. Horrek indarra ematen dizu aurrera egiteko, erronka gainditzen laguntzen dizu. Jendea harritu egiten da emakumezkoak bizikleta gainean ikusten dituenean, baina besterik ez. Zergatik daude emakumezko gutxiago? Auskalo! Kirol gogorra da eta benetan gustatu behar zaizu. Ni zoriontsua naiz bizikleta gainean, mendian. Gainera, emakumezkoak oso lanpetuta gabiltza: lana, umeak, familia... Dena dela, gero eta gehiago gara. Korrikalaria Alaitzek 38 urte ditu eta esportazio enpresa batean egiten du lan. Korrika egitea “betidanik” gustatu zaio, baina 30 urte zituela hasi zen bizikletaz ibiltzen. Berehala konturatu zen maila ona zuela eta hainbat martxatan hartu du parte. “Nik zaletasuntzat hartzen dut eta primeran pasatzen dut lasterketetan”. Neska lezamarrari bizikletaz ibiltzea eta korrika egitea gustatzen zaizkio; ez da harritzekoa, beraz, Alaitzek duatloiak ere egitea. Kirolaria Lezamako Zorribike taldeko kidea da, eta eurekin ibiltzen da bizikletaz, mendiz mendi. “Herriko lagunak dira. Denboraren poderioz, taldea sendotu egin da: hasieran jaiak zirela-eta antolatzen genuen mendi martxa bat, gaur egun opena dena, hau da, profesional mailako lehiaketa, eta bizitasuna ematen dio herriari, kanpoko jende asko etortzen delako”.