Nobedadeak, nagusi Loiuko jaietan

Aikor aldizkaria 2013ko eka. 24a, 09:46

Argazkiak: Loiuko Udala

Pregoia ekainaren 28an irakurriko da eta halan, ohikoa danez, hasierea emongo jake Loiuko San Pedro eta Santa Luzia jaiei. Nolanahi be, aurreko orduetan be hainbat ekintza izango dira, motorrak berotzen hasteko. Hiru egunean zehar ume, gazte zein helduei zuzendutako ekitaldi-sorta zabala egongo da, baita barritasun pilo bat be. Aurtengo jai-egitarauak oso itxura ona dau. Josu Andoni Begoña Loiuko kultura zinegotziak azaldu deuskun moduan, nobedade horreek hiru esparrutan izango dira. “Lehenengoa musika arlokoa da. Herritarrek, eta batez be gazteek, eskatzen ditue kalidadezko musika-ikuskizunak. San Pedro eta Santa Luzia asteburuan izango dira aurten eta jaiek hiru egun iraungo ditue. Horrek aukerea emon deusku eskaereari erantzuna emoteko. Besteak beste, Tributo ABBA, Gatibu, Xabi Aburruzaga eta Akerbeltz arituko dira jaietan”. Bigarren nobedadea ipiniko dan segurtasun eta osasun-protokoloari dago lotuta. “Badakigu Txorierriko eta Bilboko gazte asko animauko dirala kontzertuetara etortzera. Arazoak eta istripuak sihesteko, erabagi dogu autobus bat ipintea. Autobusak gaueko 9etan, 10etan eta 11tan pasauko da Txorierriko geralekuetatik, eta goizaldeko 3etan, 4etan eta 5etan aterako da Loiutik”. Horrezaz gainera, alkoholemia-probea egiteko leku bat atonduko da kontzertuen gunean, eta gura dauenak bertan jakin ahal izango dau autoa hartzeko moduan dagoan ala ez. Hirugarren nobedadea motorren kontzentrazinoa da, aurten jai-egitarauaren barruan egingo dana. “Herrigunea ia hutsik, giro barik, lotzen da zapatu goizean eta arratsaldean, egun horretan landetan egiten dalako Paella Txapelketea. Horregaitik erabagi dogu Txori Bikers ekitaldia jaietara eroatea, herrigunea girotzeko eta gure ostalaritzarako eta komertziorako be onuragarria izan daiten”. Gazteei begira San Pedro eta Santa Luzia jaiak Loiuko Kultura Sailetik antolatu dira, gaur egun herrian ez dagoalako jai-batzordetik. Halan egiteko, urtean zehar nagusiengandik, helduengandik, gurasoengandik eta gazteengandik jaso dituen iradokizunak hartu ditue kontuan. Baina batez be gazteen inguruan batu ditue indarrak. Ekitaldien % 68 gazteei zuzenduta dagoz. “Inguruko beste herri batzuetan be badira jaiak, eta guk gure gazteak herrian lotzea gura dogu, eta lagunak Loiuko jaietara etortzera konbidau daiezala. Gure gazteei entzun deutsegu, hareen eskaerei erantzuna emoteko egin dogu behar eta uste dogu asmau egin dogula”. Udaletik espero dabe aurtengo jaiak oso parte-hartzaileak izatea, adin guztietako loiuztarrek zer ikusi eta zer egin eukiko dabelako: jubiladuentzako ekintzak, kontzertuak, gastronomia lehiaketak, umeentzako jolasak, kirola, motorren erakustaldiak... “Poztasuna eta giro ona nagusi izatea gura dogu, herritarrek egun batzuetan zehar arazoez ahaztea, eta hareen herriko jaiez harro egon daitezan”. Horretarako, 40 ekintza baino gehiago egongo dira. “Jai alaiak, dibertigarriak eta batez be biziak izango dira, eta loiuztarrak ez ezik txorierritar guztiak be badagoz konbidatuta”. Ekainak 27, eguena 19:00: Kirol erakustaldia, Herriko plazan: Li Karate Loiu. 19:30: Kirol erakustaldia, Herriko plazan: Club Doyan Yeol. 20:00: Pala Txapelketearen I. finalaurrekoa, Irtxan alkarteak antolatua. 21:00: Pala Txapelketearen II. Finalaurrekoa, Irtxan alkarteak antolatua. Ekainak 28, barikua 11:00: Kalejirea. 11:30: Umeentzako puzgarriak eta tailerrak. 12:00: Mezea. Pedro Guallaren organu kontzertua. 13:00: Aurreskua. 13:05: Iñaki Basabaren emonaldia Gure Etxea nagusien alkarteak antolatua. 14:30: Nagusientzako bazkaria Zabaloetxe frontoian, Gure Etxea nagusien alkarteak antolatua. Ostean, bilbaidanak Mikel Basaberen eskutik. 17:00: Dantza Lehiaketa, Zabaloetxeko frontoian. 19:00: Jatsierea, Ardoa Barrura fanfarreagaz. 19:30: Pregoia, Koldo Agirre Athleticen jokalari ohiaren eskutik. 19:45: Kartel Lehiaketearen sariak banatzea. 20:00: Dantzen agerraldia Goialde dantza taldearen eskutik, LEKE taldeak antolatua. 21:00: Tortilla Txapelketearen aurkezpena. 21:30: Kontzertua: Tributo ABBA. 23:30: Dantzaldia, Kresala taldeagaz. 03:00: Dj Ibai. Ekainak 29, zapatua. San Pedro Goizean, puzgarriak. 10:00: IX. Paella Txapelketea, Santa Luzia bidean. 10:00: II. Motorren kontzentrazinoa: izena emotea, Herriko plazan. 11:00: Haurren Pintura Lehiaketea, kirol pistan. 11:30: Motorrak herritik urtetea eta ibilpidea. 12:00: Haurren herri jolasak: III. Ugelaxo-toka Txapelketea eta Moltos motorren IV. Txapelketea. 12:00: Mezea. 13:30: Motorrak herrira itzultzea. 14:00: Paellak aurkeztea. 15:00: Motorzaleen bazkaria. 16:30: Apar jaia. 17:30: Paella Txapelketearen sariak emotea. 18:00: Emilio Zamora motor-gidariaren akrobaziak, Santa Luzia bidean. 19:00: Ibilpidea herritik. 19:30: II. Moto jokoak, Herriko plazan. 21:00: Berbena, Akerbeltz taldeagaz. 00:30: Kontzertua: Gatibu. 02:00: Dj Oihan Vega. Ekainak 30, domeka. Santa Luzia 10:00: II. Motorren kontzentrazinoa: izena emotea, Herriko plazan. 10:00: Erakusketea, Zabaloetxe frontoian. 11:00: Kalejirea. 11:30: Motorrak herritik urtetea eta ibilbidea. 12:00: Mezea. 13:00: Motorrak herrira itzultzea. 13:30: III. Pintxo Lehiaketearen aurkezpena eta sariak banatzea. 14:30: Motorzaleentzako agur-ekitaldia, hotelean. 15:00: Herri bazkaria (bakotxak berea eroan beharko). 17:00: Padel Txapelketearen finala (neskak), frontoian. 17:30: Padel Txapelketearen finala (mutilak), frontoian. 18:00: Pala Txapelketearen 3. eta 4. postuak, Irtxan alkarteak antolatua. 18:30: Oliver magoa. 19:00: Pala Txapelketearen finala, Irtxan alkarteak antolatua. 19:30: Bost urtetik 14 urtera bitarteko gazteei argazkia ateratea Udaletxeko eskilaretan, Loiu Laztana alkarteak antolatua. 19:30: Sardina jana. 20:30: Xabi Aburruzaga trikitilariaren emonaldia. 22:30: Pantxiko erretzea.