Literaturiaren aurtengo leloa “Kale gorrian” izan da, baina eguraldi txarra dala-eta, literaturazaleek aterpean emon dabe asteburu osoa. Antolatzaileak oso pozik azaldu dira egindako beharragaz. Euskal Herriko lagun pilo bat etorri dira herrira, baina Txorierriko babesa bota dabe faltan. Eguraldi kaska-rrak ez eban Literaturia zapuztu eta Larrabetzuk euriaz eta literaturaz blai emon eban asteburua.
Gotzon Barandiaranek, antolatzaileetako batek, oso balantze ona egin dau. “Ekitaldi guztietan jente dezente egon da eta horrek baiezten deusku Euskal Herri osoan literaturazaleen sarea egon badagoala: irakurleak, kulturzaleak... Gauza mamintsuak eta interesgarriak euki doguz eta giro ederra egon da Literaturian”. Besteak beste, idazle eta irakurleen arteko topaketak izan dira, kontzertuak, antzezlanak eta umeentzako ekitaldiak. Era berean, argitaletxeek kaleratutako azken nobedadeak eroan dira azokara. Eguraldi txarrak be bat egin eban azokeagaz. “Oso eguraldi kaskarra egin dau maiatzean, eta jentea eguzkiaren gose zan. Eguraldi ona egin baleu, ez zan inor etorriko”.
Aurtengo nobedaderik handiena antxinako liburu-dendak izan dira eta, antolatzaileen esanetan, esperientzia polita izan da. “Aurreko urteetan karpa bat jarri genduan, baina aurten liburu-denda zaharrak antzeztu doguz Andra Mari kalean; hau da, Larrabetzuko gizarte-hirigunean. Herrikoak bertan eta plaza inguruan biltzen gara asteburuetan, eta Literaturian be bertan batu gara. Gustura ibili gara guztiok: bisitariak, argitaletxekoak, idazleak... Asmau egin dogu, bai horixe!”.
Babesik ez
“Nahiz eta aurten erakunde publikoetatik diru-laguntzarik ez jaso, Literaturiak argi eta garbi itxi dau agirian hori barik be aurrera egin leitekeala. Babesa euki bagendu, askoz gauza txukunagoak egiteko gauza izango ginan, eta behintzat sortzaileei merezi dabena eskini ahal izango geuntsen. Dana dala, pozik gagoz, autogestinoaren bidez, une ederrak eta intentsuak bizitzeko aukerea euki dogulako”.
Gainera, Gotzonek Txorierriko euskalgintzaren babesa be bota dau faltan. “Euskal Herritik jente asko etorri da, baina, tamalez, Txorierritik inor ez zan Larrabetzura hurbildu. Badakit Lezaman Txakolinaren Eguna antolatu ebela egun berean, eta, gure ustez, horrek adierazoten dau hemen eskualde ikuspunturik ez dagoala. Literaturia ez da Larrabetzun, Txorierrin edo Bizkai mailan egiten dan ekitaldia, Euskal Herri mailakoa baizen”.
“Horrek guztiak etorkizunari buruzko gogoeta ekarri behar dau. Bost urte egin doguz eta jauzi kualitatiboa egin behar dogu. Ikusi behar dogu zelan ailegau jente gehiagorengana, zelan zabaldu irakurtzeko zaletasuna, zelan egin aurre gastuei... Eta hausnarketa hori geuk ez eze, Txorierriko euskalgintzak eta bailarako erakunde publikoek be egin behar dabe”.