Inma Roiz, idazlea: “Erakartzen duen pertsonaia da

Aikor aldizkaria 2013ko uzt. 24a, 09:28

Inma Beitu Derioko aldizkariaren erredakzio burua da. Kazetaria izateaz gainera, Antropologian lizentziatua ere bada, eta orain ibilbide berri bati ekin dio: nobelagintza. Apirilean bere lehendabiziko liburua eman zen argitara, Manuela. Hiru hilabete eskas pasatu dira eta liburuaren hirugarren argitaraldia egin da. Nondik dator Manuelaren arrakasta? Egia esan, leku batetik bestera nabil liburua aurkezten eta horrek badu bere eragina. Bestalde, eta nobela irakurri dutenek esan didaten moduan, oso istorio hurbila da. Alderdi historiko garrantzitsua ere badu, XVIII. mendean Euskal Herrian zelan bizitzen zen kontatzen duelako, zelakoa zen herritarren egunerokotasuna... Eta, noski, Manuela ere badelako erakartzen duen pertsonaia. Nor da Manuela? Manuela eta bere neba, Domingo Narciso, Allende familiakoak dira eta Gordexolako baserri batean bizi dira. Neba Espainia Berrira, Mexikora, doa dirua egitera eta liburuan bakoitzak daraman bizitza azaltzen da. Era berean, kontakizun kostunbrista denez, saiatu naiz komunitate edo taldearen inguruan garai hartan zegoen ideia islatzen, eta beste familia batzuen gorabeherak ere batu ditut liburuan. Bidelapurrak daude, hainbat abentura eta bidaia, eliza baten eraikitze-lanak... Eta horien guztien artean, Manuela indar gehien duen pertsonaia da, bere historiagatik eta adoreagatik... Ohiturei eusten saiatzen den aldi berean, horiek hautsi nahi dituelako, eta gizonezkoen eremuetara pixkanaka-pixkanaka, eta bere aukerak kontuan hartuta, sartzen doalako. Nobela bihurtu dena ikerketa zen hasiera batean. Charo Lanzagorta antropologo euskal-mexikarra da, eta bere ahotik jakin nuen Mexikoko lehenengo matxinatuak euskaldunak izan zirela, Allende, Aldama eta Abasolo familiakoak hain zuzen ere. Ikertze-lana hasi genuen, baina oso gai mamitsua zen eta nobela idaztea otu zitzaidan. Hasierako ideia aipatutako familien historia batzea zen, baina Manuelaren datu biografikoak ezagutu nituenean, pertsonaiak guztiz erakarri ninduen. Baserriko emakume xumea den arren, indar handiko emakumea delako, grina asko dituena, komunitatearen ahotan dagoena eta, besteekin alderatuta, bestelako izaera duena. Liburuan egia eta fikzioa uztartzen dituzu. Zelan izan da datuak batzeko lana? Bai, Manuela, esate baterako, benetan existitu zen emakumea da eta liburuan batu diren bere bizitzaren gertaera batzuk ere benetakoak dira. Baina, noski, bere psikologia, inguruarekin duen harremana... fikzioa da. Ikerlan itzela egin da artxibategietan, historialarien lana irakurri... Bidaia ere egin nuen Mexikora eta parrokiako agiritegiak ikusteko aukera eduki nuen bertan. Txundigarria izan zen, abizen guztiak euskaldunak zirelako. Etxeak oraindik daude zutunik eta bisitatu egin nituen. Allenderen etxea, adibidez, museoa da gaur egun. Nire ustez, nobelak indar handiagoa hartu zuen Mexikotik itzuli nintzenean. Oso egoera ezberdina zegoen Euskal Herrian eta Mexikon XVIII. mendean. Hura mende eraldatzailea izan arren, gizartea nahiko itxia zen, gizarte-inposizioak eta ohiturak nagusi ziren, iraupeneko ekonomia zegoen... Eta euria ari zuen, hotza zegoen... Mexikon, berriz, kolorez betetako beste mundu bat zegoen, aukera asko eta hara joaten zirenek botere-karguak hartzen zituzten. Argi-ilun horrekin jolastu naiz. Domingo Narciso Mexikora joan zen dirua egitera, eta gaur egun ere gazte askok erabaki hori hartu dute. Hiru menderen ostean, eta ezberdintasunak nabariak direla kontuan hartuta, badago parekotasunik? Bai. Migrazio-prozesuak antzekoak izaten jarraitzen duten beharrizanen eta egoeren ondorioak dira: diru beharra. Era berean, helmugako herrialdeetan oso sendoak diren gizarte-sareak sortzen dira, eta migratzaileak sare horiek dauden lekuetara joan ohi dira. Eta, azkenik, jatorrizko herriarekiko dagoen pertenentzia-sentimendua oso handia da. Manuela zure lehendabiziko eleberria da; zelan izan da hura idazteko prozesua? Ezin hobea! Familiako biografia bat banuen idatzita, eta beti nahi izan dut nobelaren bat idaztea. Saiakerak egin arren, ez nuen hura idaztea lortzen... eta, azkenean, istorio batekin egiten duzu topo, idazten hasten zara eta harrapatu egiten zaitu. Sormen-prozesua oso polita da, bat-batean pertsonaia berriak sortzen direlako. Horiek badoaz indarra hartzen eta harritu egiten zaituzte, nahiz eta idazlea zeu zaren, haiek direlako zein bide hartu behar duten erabakitzen dutenak. Eta noski, momentu gogorrak ere badaude... baina, hala ere, uste dut nobela gehiago egongo direla.