Abuztuan, oporrik ez Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2013ko uzt. 24a, 09:36

t: Gaizka Eguzkitza / a: Idoia de Andrés

Larrabetzun abuztuan ez dago oporrik, jaiak dagozalako. Hilaren 12tik 16ra bitartean, andramariak ospatuko ditue; abuztuaren 24an, San Bartolome eguna; eta abuztuaren 30etik irailaren 1era arte, emeteriak. Argi dago: atsedena hartu gura dauanak alde egin daiala herritik! Hainbat alkartek eta lagunek osatu dabe aurten Intxurreta jai-batzordea: Itallen bertso eskola, Hori bai, Kukubel, Kukubiltxo, Gure etxea, Txinpasmendi guraso elkartea, Larrabetzuko Racing, Larrabetzuko bizikletazaleak eta Xaker. Funtsezkotzat hartzen dabe parte hartzea, eta jai-batzordean inpliketeko deia zabaldu dabe herrian horregaitik. Gainera, giroa berotzeko, antolatzaileek abuztuaren 15ean lehengo eran jantzita ibilteko eskaera egin deutsie larrabetzuar eta bisitariei. Nahiz eta krisi larria egon, jai-batzordearen esanetan, eskertzekoa da Larrabetzuko Udalak jaien aurrekontuari eutsi izana. Kirolak garrantzi handia eukiko dau. Jaietako lehenengo ekitaldia Futbol 7 Txapelketea izango da, eta azkena, herri kirolak. Gainera, mendi-martxea zein duatloia egingo dira eta pelota partidak ikusteko aukerea eukiko dogu: alde batetik, neskek paletan jokatuko dabe; eta bestetik, Arrese, Cue, Adrián López eta Aspuru pelotari gazteek eskuz binakako partida eskiniko deuskue. Era berean, kuadrillek olinpiada antzeko bat egingo dabe eta mendizaleak Barrenetxera igongo dira. Hareei lotuta, beste lehiaketa batzuk prestau dabez: asto lasterketea, ugelaxo-toka, briska eta mus txapelketak. Jai-batzordeak beste lehiaketa bi antolatu ditue: dantza lehiaketea, abuztuaren 14an; eta kantu lehiaketea, aurreko egunean. Honeetan parte hartzeko, baldintza bakar bat dago, lotsarik ez eukitea. Kantu lehiaketeari jagokonez, gainera, ezinbestekoa da euskeraz abestea. Beste mugarik ez dago: banaka edo taldeka abestu ahal izango da, zuzenean edo playback-ean, eta bersinoak egiteko aukerea be egongo da. Ekimen handia da eta igaz 600 lagun bildu ziran plazan. Zaletuak alde batera itxita, profesional batzuek musika saioak eskiniko ditue: Mikel Hats, Laket, Euski eta Txertubi taldeek erromeriak egingo ditue. Azken honek dantza ikasteko tailerra be emongo dau. Bestalde, Trapu Zaharrak taldeak Gezurrezkoak kale antzerkia ekarriko deusku. Eta jaiak borobiltzeko, Xabier Amuriza eta Xabi Payá bertsolari handiak entzuteko aukerea eukiko dogu. Gastronomia atalean, lehiaketa batzuk antolatu ditue: kuadrillek makailaoa, paella eta marmitakoa prestau ahal izango ditue, eta holan erabagiko dogu nor edo nortzuk diran herriko sukaldaririk onenak. Gainera, abuztuaren 13an egingo dan herri afariak ongi etorria emongo deutse jaiei, eta herritarrak bilduko ditu plazan. Larrabetzuko jaiak zabalak dira eta jai-batzordetik guztiei zuzendutako ekitaldiak prestatzen saiatu dira. Ildo horri jarraituz, abuztuaren 16a Umeen Eguna izango da, eta hainbat ekitaldi antolatu ditue hareei begira: bizikleta martxea, jokoak, puzgarriak, goitibeherak... Honeetaz aparte, abuztuaren 14an tirolina jarriko dabe Anguleriko parkean. Eta ziurrenik, gazteenek primeran pasauko dabe falkoneria erakustaldian, abuztuaren 31n. ANDRAMARIAK Abuztuak 12, astelehena –17:30: Futbol 7 Txapelketearen kanporaketak. Abuztuak 13, martitzena –17:00: Futbol 7 Txapelketearen finalaurrekoak eta finala. –20:00: Herri-afaria. –22:30: Kantu Lehiaketea. Abuztuak 14, eguaztena –17:30: Duatloia. –20:00: Txupinazoa. Herriko trikitilariak eta txistulariak, Akermari, Paskuala eta Matxin. –21:00: Erromeria, Mikel Hats taldeagaz. Abuztuak 15, eguena *Lehengo eran jantzita. –11:00: Kalejirea. Txistulariak, Akermari, Paskuala eta Matxin. –11:30: Larrabetzuko nesken paleta partida. Ostean, eskuz binakako pelota partidea. Arrese-Cue / Adrian López-Aspuru. –12:00-18:00: Tirolina, Anguleriko parkean. –13:30: Pintxo poteoa (herritarrek egindako pintxoak). –19:00: Asto Lasterketea. –23:00: Dantza Lehiaketea. Ostean, herriko dj-ak, plazan. Abuztuak 16, barikua. Umeen eguna –11:00: Mendiko Bizikleten III. Martxea, ume, gazte, zahar, heldu eta ustelduei zuzendua. –12:00: Kalejirea. Herriko txistulariak, Akermari, Paskuala eta Matxin. –12:30: Umeen jokoak, Kukubel taldeagaz. –14:00: Umeentzako bazkaria. –14:30: Makailao pil-pil erara Txapelketea. –15:30: Umeentzako puzgarriak, igerilekuan. –17:00: Ugelaxo-toka Txapelketea, Sirocco tabernan. –18:00: Goitibeherak. –Ostean, kalejirea plazaraino: herriko txistulariak, Akermari, Paskuala eta Matxin. –19:30: Kuadrillen arteko jokoak. –22:00: Erromeria, Laket taldeagaz. –23:00: Kale antzerkia. Gezurrezkoak, Trapu zaharrak taldearen eskutik. –Ostean, erromeria, Laket taldeagaz. Abuztuak 24, zapatua. San Bartolome –14:30: Paella Txapelketea. –17:00: Briska Txapelketea. –17:30: Ugelaxo-toka Txapelketea. EMETERIAK Abuztuak 30, barikua –12:00: Txupinazoa eta kalejirea. Herriko trikitilariak, Akermari, Paskuala eta Matxin. –14:00: Marmitako Txapelketea. –17:00: Mus Txapelketea. –19:00: Barrenetxera igoerea. –20:00: Erromeria, Euski taldeagaz. Abuztuak 31, zapatua –12:30: Kalejira. Herriko txistulariak, Akermari, Paskuala eta Matxin. –13:00: Bertsolariak. Xabier Amuriza eta Xabi Payá. –17:00: Briska txapelketea. –19:00: Falkoneria. –21:00: Dantzan ikasteko erromeria, Txertubi taldeagaz. Irailak 1, domekea –12:30: Kalejirea. Herriko txistulariak, Akermari, Paskuala eta Matxin. –13:00: Herri kirolak bertoko kirolariakaz.