Irailean, Western Txapelketea egin da Zaldibarren eta Aitor Madariaga sondikoztarra lehenengoa lotu da bertan, Cattle Penning kategorian. Aitor Euskal Western alkartearen partaidea da. Orain dala urte bi hasi zan Mendebalde Urruneko cowboy-en diziplina praktikaten.
Sondikoztarrak sorpresaz hartu dau gure deia, westerna Euskal Herrian oso kirol ezaguna ez dalako, “eta ez nekialako jenteak nire zaletasunaren barri ebanik”. Baina gatxa da gordetea herrian benetako cowboy bat dagoala; eta gatxagoa horrek txapelketak irabazten baditu.
Aitor beti egon da lotuta zaldi munduari. “Katalunian ikusi genduan western diziplinako proba bat lehenengo aldiz. Dibertigarria iruditu jatan eta erakarri egin ninduen. Orain dala urte bi federau nintzan eta aurten hasi naz txapelketetan parte hartzen”. Sondikoztarra Cattle Penning eta Team Penning kategorietan ibiltzen da. “Cattle Penning-a banakako kategoria da; eta Team Penning-a taldekako kategoria. Azken honi jagokonez, bigarrenak lotu ginan Bidanian, Gipuzkoan, egin zan txapelketan”.
Entrenamentuak beste lagun bigaz egiten ditu, horreetako batek, Josuk, Lauroeta auzoan dauen baserriko lurretan. Egia esan, hiru zaldikoak abeltzainak dira eta hori lagungarria da, euren zaletasuna praktiketako lekua eta buruak badituelako. Western diziplina zer dan azaltzeko, artzain txakurrek eta artzainek egiten daben beharragaz konparau geinkala esan daiteke. “Behiak mobiarazo eta eskorta baten sartu behar dira. Hori zaldiagaz egiten dogu. Zaldiari gure gorputzaren mobimentuen bidez esaten deutsagu zer egin behar dauen, animaliaren gorputzaren leku baten edo bestean ikutu txikiak emonez... Gatxa da, behiaren erantzunaren menpe zagozalako, baina oso dibertigarria be bada”. Udan, egunero lotzen dira entrenetako; neguan, domeketan.
Aitorrek bere lagun baten zaldiagaz hartzen dau parte txapelketetan, Jokinen zaldiagaz hain zuzen be. “Euskal Herri mailako probetara joaten gara. Izan be, negozioa dogu eta kanpora aterateak dendea itxi behar izatea ekarten dau”. Azaldu deuskun moduan, txapelketetan hiru proba egin behar ditue, epaileak agintzen dauenari jarraituz. “Proba bakotxak bere arauak edo baldintzak ditu. Adibidez, behi guztiek zenbaki bat dabe. Epaileak zenbaki bat esaten dau eta guk zenbaki hori dauen behia, edo daben behiak, eroan behar doguz eskortara... Korapilatsua da batzuetan”. Aitorrek cuarto de milla amerikar arrazako zaldia erabilten dau, “zaldirik onena dalako diziplina honetarako. Apaloosa eta paint arrazetako zaldiak be erabilten dira”.
Epaileek batez be honeek hartzen ditue kontuan: zaldia ez zigortzea, zaldiak behiei koska ez egitea, zaldiak hesiak ez ikutzea... eta, nahiz eta inportantzia gitxikoa iruditu, arropea be bai. “Galtza bakeroak jantzi behar dira, eta gura izanez gero, narruzko hankak. Kapelea be eroan behar da, unai-botak –gura izan ezkero, ezproiak be jantzi daitekez-, eta alkondarak mauka luzeak euki behar ditu, eta ondo lotuta egon. Osterantzean, zigorra jaso daiteke”.
Sondikoztarraren esanetan, Euskal Herriko zaldikoen maila ona da, onargarria. “Baina, jakina, ezin gara Estadu Batuetako cowboy-akaz lehiatu. Horreek dana dabe hobea... Behiak be askoz azkarragoak dira (kar, kar)”. Inoz Estadu Batuetara joatea gustauko litxakio, halako espektakulo bat ikustera.
Zaletasun garestia
Lehiaketen ostean, jai txiki bat egin ohi da, cowboy-ei lotutako ekintzak eta musikea dituana. Baina ezin izan da Zaldibarren antolatu; ez dago azalpen askorik emon behar, krisian gagoz. “Dana dala, pozik egon behar gara, bertako Udalak lehiaketea antolatzeko lurra itxi deuskulako, hesiak jarten be lagundu deusku...”. Lehiaketea Euskal Western alkarteak antolatu eban. Irabazi asmorik bako alkartea da eta 50 bat lagunek osatzen dabe; Aitor, euren tartean. “Garestia da halako lehiaketa bat prestetea. Behiak abeltzain batek ipinten ditu eta 1.300 euro inguru ordaintzen jako animaliak guri ixtegaitik. Horrezaz gainera, futbol-zelai baten neurrietako gunea atondu behar da, probak bertan egiteko, eta hesiz betetako kamioi bi behar dira... Ganaduarentzako gelak edo tokiak be ipini behar dira, eta txapelketak egun biko iraupena badau, boxak atondu behar dira, zaldiek bertan lo egiteko... Eta, lehenengo postuetan lotzen diranei plaka bana emoten jake. Alkartearen bazkideen kuotakaz eta izena emoteak balio dauenagaz abeltzainari ordaintzeko ailegaten jaku”.
Parte-hartzailearentzat be bada zaletasun garestia. “Zaldia eroateko atoia euki behar da, baimenak... eta zaltokia amerikarra izan behar da. Lehiaketetan parte hartzeak dakarren gastua be hartu behar da kontuan...”. Aitorrek Madril, Katalunia eta Aragoiko parte-hartzaileen falta igarri dau Zaldibarren. “Krisiaren eragina izan dala uste dot”. Txapelketan 30 zaldiko ibili dira eta horreetako hiru emakumezkoak izan dira.
Westerna kirol gutxiengoduna da: gitxik praktikauten dabe eta ikusle gitxi daukaz. “Baina nik uste dot jenteari gustau lekiola”. Berak zaletasuntzat dau, eta, denporak eta lanak ixten badabe, praktikaten jarraituko dau. “Badakizue, gogoko tokian aldaparik ez!”.
Azalpen txiki bat
Gure herri kirolakaz gertatu dan moduan, westerna kirol bihurtu dan antxinako behar bat da. Estadu Batuetako cowboy-ek milaka buruk osatutako taldeak zaintzen ebezan eta handik buru bat atera behar ebenean, zaldiagaz egiten eben, lakioagaz egitea ezinezkoa zalako. Ikuskizunak indar handia hartu dau eta dirutza handia mugiten dau urtero.