Atzerriko hizkuntzak jakiteko garrantzia

Aikor aldizkaria 2013ko ira. 25a, 11:12

Euskaraz eta gaztelaniaz gainera, atzerriko hizkuntzak jakitea ezinbestekoa da gaur egun. Esandakoa ez da berria, aspalditik dakigun errealitatea baizik. Atzerriko hizkuntzak jakitea lagungarria da bidaiatzeko, beste herrialdeetako lagunekin eta kulturekin hartu-emanetan aritu ahal izateko... eta batzuetan, baita Interneten nabigatzeko ere. Baina hizkuntzaren alde atseginagoa alde batera utzita, atzerriko hizkuntzak jakitea ezinbesteko baldintza bihurtu da langileak hautatzeko prozesuetan. Adituen esanetan, hizkuntzarik inportanteenak hauek dira: ingelesa, gaztelania, mandarin-txinera, frantsesa, alemana, portugesa, arabiera, errusiera, japoniera eta italiera. Nolanahi ere, haietako bakar bat jakitea ez da nahikoa, eta enpresak gutxienez hizkuntza bi dakizkiten langileen bila dabiltza. Olatz Amarika Larrabetzuko Ikasgela akademiaren zuzendariak ondo ezagutzen du aurreko lerroetan esandakoa. Hala, ingelesaz gainera, duela urte bi txinera ikasteko aukera eman zuen bere akademian, eta aurten aleman eskolak eskainiko ditu. “Txinera etorkizuneko hizkuntza izango zela entzuten zen duela urte batzuk, baina nik uste dut azken aldian hori aldatu egin dela. Guk alemanaren aldeko apustua egingo dugu ikasturte honetan”. Amaia Ruizek eta Jose Ramón Palaciok AM ingeles akademia dute Sondikan eta Lezaman. Eskarmentu handia dute enpresa munduan, eskola bertan ere ematen dutelako. “Ingelesez moldatzen laguntzen diegu, adibidez, beren produktua edo zerbitzua atzerrian aurkezteko gai izan daitezen, edo bilera bat jarraitu ahal dezaten”. Esan digutenez, enpresa askok gutxienez ingelesa dakiten langileak nahiago dituzte, kasu batzuetan atzerrira joan behar izango direlako. “Are gehiago, nahiz eta hizkuntza lanpostu baterako derrigorrezko baldintza ez izan, batzuetan galbahetzat erabiltzen da, balitekeelako langile horrek etorkizunean beste lan mota batzuk egin behar izatea”. Hizkuntza akademietara hurbiltzen den ikaslearen profila askotarikoa da. Alde batetik, ohiko ikasleak ditugu: eskolaz kanpoko laguntza eskatzen dutenak; curriculuma osatzeko, titulu ofizialak eskuratzea helburu dutenak; eta hizkuntzarekiko harremana txikitatik dutenak. Hala ere, gero eta ohikoagoa da beste hizkuntza batean komunikatzeko gai izan nahi duten nagusiak ikustea akademietan. Normalean, bidaiei begira animatzen dira atzerriko hizkuntza ikastera; ingelesa, gehienbat. Era berean, gero eta gehiago dira akademietara lan arloari lotuta dauden berariazko beharrizanengatik jotzen dutenak. “Guk curriculumak ingelesez egiten irakatsi egin dugu, baita lan elkarrizketak simulatu ere”, esan digute AMtik. Praktikara eraman Atzerriko hizkuntza bat ikasteko arrazoia bata nahiz bestea izana, irakasleen iritziak bat datoz: inportanteena komunikazioa da, hau da, ikasleak modu arin batean hitz egin dezala eta gauza izan dadila nahi duena adierazteko. Horretarako, praktikara eraman behar da hizkuntza, eta behar horretan eskura dugun edozein aukerak lagundu ahal digu, hala nola filmak jatorrizko bertsioan ikusteak, interneten nabigatzeak, liburuak eta aldizkariak irakurtzeak edo atzerritarrekin geratzeak, mintzamena lantzeko. Atzerrian denboraldi bat pasatzea ere oso lagungarria da. AM eta Ikasgela akademietan lagunduko digute bidaia hori prestatzen, edo halako bidaietan aditua den agentzia batera bideratuko gaituzte. Hizkuntzak irakasteko moduak asko aldatu dira eta batez ere sistema bisualagoak eta dinamikoagoak erabiltzen dira gaur egun. “Eskolaz kanpoko jarduerak ere antolatzen ditugu”, azaldu du Olatzek, “Txangoak prestatzen ditugu atzerrira. Horiek taldeka egiten ditugu eta zabalik daude herritar guztientzat. Udan, adibidez, hilabete eman dugu Idahon. Beste era bateko jarduerak antolatzea ere aztertzen gabiltza, esate baterako, poteo bat ingelesez”. Txorierrin, non? –AM. Errenentari 16, Sondika, 94 453 64 08; Garaioltza 120 D, Lezama, 94 455 64 69. –Ikasgela. Aita Paxi Ugalde 12, Larrabetzu, 615 70 73 61. –E. class. Txorierriko etorbidea 14, Zamudio, 94 452 03 31. –Ikasi. Enara kalea 10 behea, Zamudio, 94 452 04 96. –Egizu. Mitxine, 4, Sondika, 656 70 36 85.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).