Eguzkiak, hondartzak, mendiak, herriak, txoko berriek..., eta batzuetan euriak ere, lagundu digute indarrak hartzen. Hala, berbalagunok gogotsu etorri gara ikasturte berriari aurre egiteko. Animatuko zara zeu ere bai?
Euskaraz aritzea dugu helburu nagusitzat. Euskara hizkuntza bizia izanda, makina bat ekintza egin daitezke euskaraz. Ondo dakigu hori, eta burua ideiaz beteta dugula itzuli gara oporretatik.
Asko dira euskaraz berba egiteko ohiturarik ez duten txorierritarrak. Batzuek ume-umetatik jakin arren, ez dute euskaraz berba egiten, eta beste askok, ostera, nagusitan ikasi dute euskara, baina ikasitako hori gero ez dute praktikatu. Arrazoiak asko izan daitezke: txarto egingo duten beldurra, lotsa... Edo, beharbada, norekin berba egin ez edukitzea. Berbalagun egitasmoa hutsune hori betetzen ahalegintzen da, eta, horretarako, euskaldun berriak eta euskaldun zaharrak batzen ditu. Batzuek hizkuntza praktikatu ahal izateko; eta besteek euren ezaupideak konpartitu ditzaten. Guztiek euskaraz berba egiteko ohitura barnera dezaten.
Beraz, zeuk ere, orain arte ez baduzu egitasmo honetan parte hartu, aurten duzu aukera, aurten hartu behar duzu parte. Berdin da euskaldun zaharra izatea edo euskara ikasten ibiltzea; euskara maite baduzu eta gure hizkuntzari ekarpen eder bat egin gura badiozu hauxe duzulako momentu egokia. Izan ere, beldurra, lotsa, lagun euskaldunik ez edukitzea, denbora falta, ohiturarik eza, ezagutza edota ausardia falta gainditzeko sasoia da. Aurten bai. Aurten lagun berriak ezagutuko ditugu tailerretan, zeure gustuko kirola egiten, artea ezagutzen edota sukaldaritza ikasten, besteak beste.Gainera, egitasmo honetan parte hartzeko bete behar den baldintza bakarra hau da: euskaraz berba egin nahi izatea. Eta horretarako, nahikoa da astean ordubete libre izatea.
Bizitza berritu
Euskaraz berba egiteaz gain, hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera ere izango dugu berbalagunok. Izan ere, ekintza osagarri sorta zabala antolatzen da hilero, parte-hartzaileek elkar ezagutzeko eta euskaraz edozer egin daitekeela erakusteko: mendi irteerak, kirolak praktikatzea, perretxikotan joan eta horiek prestatzea, ikastaroak, bazkari-afariak, txangoak... Bizitza bera berrituko duzu! Bizimodua ere hobetu egingo duzu! Eta hasteko, bisita gidatua antolatu dugu Bilboko Arte Ederretako museora. Bisita urriaren 24an, 10:00etan, egingo dugu.
Ikusten denez, egitasmoa dinamizatzeko, partaideei eskaintza zabala ematen zaie, eta, interesa manten dezaten, arduradunak talde bereziak sortzen ditu. Taldeok ekintza baten inguruan elkartzen diren berbalagunek osatzen dituzte. Adibidetzat aurten ere martxan jarriko diren frontenis taldeak ipin ditzakegu. Beraz, talde batzuk mugitzen hasi badira ere, ikasturteari hasiera ofiziala urrian emango zaionez gero, orain duzu momentu egokia proiektu atsegin honetan zeuk ere protagonista izateko. Zertan parte hartu nahi duzun pentsatu eta gurekin harremanetan jarri baino ez duzu egin behar. Zain duzu euskara.
“Nigaz euskeraz egin ahal dabela jenteak jakitea gura dot”
Itziar Ibarrondo Sondikakoa da. Berrogei urte ditu eta soinketa irakaslea da, eta batez be euskerea maite dau. Berbalagun taldean orain dala lau urte inguru emon eban izena. “Herrian ez dogu euskeraz berba egiteko aukera askorik. Badago jente asko badakiana edo euskerea ikasten dabilena, baina erabilten ez danez... Nik gura dot jenteak jakitea euskeraz egitearen alde nagoala eta nigaz euskeraz egin ahal dabela”.
Azaldu deuskun moduan, bere taldea paddelean egiteko batzen da gaur egun. “Hasieran, seme-alabak igerilekuan egozan bitartean alkartzen ginan, euskeraz mintzatzeko edota mahai-jokoren baten ibilteko”. Taldea astean behin batzen da Sondikako pistetan. Itziarrek balorazino positiboa egiten dau Berbalagun egitasmoaren gainean. “Egitasmo honetaz gainera, euskerearen inguruko beste ekintza batzuk be egon beharko litzatekezala pentsetan dot. Halanda be, uste dot Berbalagun proiektua oso ondo dagoala, eta konturatzen zara, egitasmoan parte hartzen dozula jenteak badakienez, etortzen jatzuzan euskaldunek euskeraz egiten deutsuela”.
Sondikoztarrari gustauko litxakio bere taldeko kideak animau daitezala Berbalagun egitasmoaren haritik egiten diran beste ekintza batzuetan parte hartzera. “Polita da edozein ekitaldiren inguruan guztiok batzea euskeraz egiteko”. Gainontzeko herritarrak be animau gura dau proiektuan parte hartzera. “Euskerea maite badozu, oso aukera polita da geure hizkuntzea herrian bultzatzeko”.