Euskaldunon ingelesa

Aikor aldizkaria 2013ko ira. 26a, 10:29

t: Juan Luis Goikoetxea / a: Aritz Albaizar

Elaiak alde egin baino lehentxuago abiatzen da ikasturtea gure paraleloan. Berez, kurtsoaren hasiera ereiteko sasoia da, gero, han garagarrilean uzta batzekoa -Gipuzkoan eta Nafarroan ekainari esaten jako garagarrila; Bizkaian uztailari-. Gure irakaskuntzan ingelesa mehatz ereiten da, antza. Laster erakutsiko deuskue estatistika bidez, ingelesa euskeriagaz eta gaztelaniagaz batera hiru urtez ikasi ostean lortu dan uzta. Edozelan be, proiektu hiru-eleduna aurrera eroateko, gaurkoz, irakasleen % 17 da gai. Hau da, ingeleseko B2 maila dabenak -euskarako PL1en parekoa- gitxi dira. Horrek guzti horrek erakusten deusku etorkizunean be herrenka edo arrenka ibiliko dirala euskaldunak ingelesez. EITB taldeko telebista kateak ezaguturik -HAMAIKA telebista-eta ahaztu barik- eta Espainiako kateen barri izanik, errez konturatzen naz BBCko albistegiak beste mundu bet dirala. Hegoaldeko euskaldunok ingelesik, frantsesik edo alemanik ez badakigu, leiho ertzirekitik begiratzen deutsagu munduari, gureaz gainera espainola baino jakin ezik. Azken baten, kultura hispanikoaren atmosferan hartzen dogu arnasa. Frogarako, erreparatu egiezue lagunarteko barriketei edo etxeetako alkarrizketei: dana da Bar + cenas. Gauza berbera eskolako gaietan nahiz irakurketarako liburuetan. Ondorioz, hizkuntza espainolaren muga fisiko eta mentaletara loturik bizi gara, iretargiaren argia eguzkitzat harturik. Harrigarriena da anomalia hori naturaltzat hartzea eta kurtso barriari jarrera aldatuz ez oratzea. Krisiak krisi, ingelesaren gai honetan be zein da erruduna dirua ala burua? Harri-jasotzaile hain indartsuak ditugun herri honetan ezin eutsiko ete deutsagu goian Sisiforen harriari?