Komunikabideetan gero eta ohikoagoa da seme-alabei jaten emoteko nahikoa baliabiderik ez daben familien inguruan entzutea; umeek egunean otordu egoki bat egiteko, udan be zabalik egon behar diran eskolen inguruan; auzokideek oinarrizko beharrizanak beteta izateko, herrietan martxan jarten diran ekimenen inguruan... Bateren batek pentsau leuke horrelakoak beste herriren batzuetan gertatzen dirala, baina halako egoerak Txorierrin berton be izaten dira.
Irailaren 2an jantoki sozial bat zabaldu zan Derion, Larrabarri baserrian. Begoña Bilbao hango Udaleko Gizarte Ongizate eta Osasun Arloko zinegotzi ordezkaria da eta, azaldu deuskun moduan, aspalditik ibili dira kezkatuta murgilduta gagozan krisi ekonomiko sakonak herriko familiengan, eta batez be umeengan, dauen eraginaz. Gizarte-laguntzaileak emondako datuek eta informazinoak indartu zituen susmoak eta bildurrak. “Eskolara ondo jan barik joaten ziran umeak baegozala komentau zan. Familia horreei zelan lagundu geunskien aztertzen hasi ginan eta pentsau genduan aste barruan gitxienez bazkariagaz laguntzen bajaken, gero, asteburuan, baliabide gehiago eukiko leukiela otorduak behar moduan-edo egiteko”. Aukerak aztertu eta egokiena jantoki sozial bat martxan jartea zala atera zan ondorio moduan. Hainbat izapide burokratiko eta baldintza bete ostean, ekimen solidario honek irailean zabaldu ditu ateak.
Lehen esan dogun lez, jantoki soziala Larrabarri baserrian dago, sukaldaritza tailerra egiten dan aretoan hain zuzen be. Instalazinoa eguerdiko ordu-batetik arratsaldeko hiruretara arte dago zabalik, astelehenetik barikura, eta egunero batez beste 20 laguni emoten jake bazkaria bertan. “Zerbitzuaz baliau ahal izateko, lehenengo eta behin gizarte-laguntzailearengana jo behar da. Berak balorauko ditu familia edo lagun bakotxaren preminak eta, egokia baderitxo, jantokira aginduko ditu”. Halan, gizarte-laguntzaileak zerrenda bat osatzen dau jantokiaren langileei emoteko, eta han zerbitzua erabiliko daben lagunen izena azaltzen da. “Dana dala, zerrendan ez dagoan bateren bat jantokira hurbiltzen bada, ez zaio bazkaria ukatuko, jakina”.
Jantokiaren erabiltzaileak diru-sarrerak bermatzeko errentea jasoten daben eta baztertuak izateko arriskuan dagozan lagunak dira. Gehienak familiak dira, guraso gazteak eta euren seme-alabak, eta gehienak euskal herritarrak dira, kontrakoa pentsau leiteken arren. “Zerbitzuak apur bat arintzen dau eueren egoerea. Behintzat otordu egoki bat egin ahal dabe egunean, eta seme-alaben oinarrizko nutrizio-beharrizanak bete. Gainera, aste barruko bazkariaz kezkatu behar ez izateak aukerea emoten deutse asteburuan otordu egokiagoak egin ahal izateko”.
Beharrizanak aztertu
Derioko Udalak catering-enpresa bat kontratau dau jantokia kudeatu daian. Enpresak menu ezbardin bat egiten dau egunero eta anoak termoetan eroaten ditue jantokira. Menu konpletoak dira, lehenengo platerak, bigarren platerak, postreak eta ogiak osatzen dituenak. Janaria Rebecak eta Soniak banatzen dabe, zeinak bertako langileak izateaz gainera, jantokiaren erabiltzaileak be baitira. “Egitasmoa itxura hartzen joan zanean, ikusi zan beharrezkoa izango zala langile bi kontratetea. Baldintza bi ipini ziran: bata, herriko langabetuak izan eitezala; eta bestea, jantokiaren erabiltzaileak be izan eitezala”, azaldu dau Begoñak.
Egitasmoak 15.000 euro inguruko presupuestoa dau eta, hasteko, abendura arte egongo da martxan. “Beno, egia esan, hasi baino ez dogu egin, eta baliteke zerbitzua jente gehiagok eskatzea. Ondo aztertu behar doguz datozan hilabeteetan azaltzen diran beharrizanak, egitasmoa modu egokian kudeatzeko eta, beharrezkoa bada, bere iraupena luzatzeko”. Jantoki soziala derioztarrei dago zuzenduta, baina Udala prest dago zerbitzua Txorierriko gainontzeko herritarrei be zabaltzeko.
Abesten
Lauren bat faltaten da ordu-baterako eta Rebeca eta Sonia jantokiko atetik sartu dira. Behar-uniformea jantzi dabe eta mahaiak prestaten hasi dira. Mahai-zapiak ipini ditue, ahozapiak, mahai-tresnak eta edalontziak; eta ogi-zatiak saskitxuetan jarri ditue. Pitxer batzuk uraz bete dabez eta horreek be mahaietan ipini ditue. Gaurko menuari bota deutsie begiradatxu bat, eta bazkaltiarren zerrendari be bai. Jantokia ixten danean, batu eta garbitu egin beharko dabe dana.
Pozik dagoz; egia esan, pozik baino pozago. “Ni abesten nator beharrera. Galdetu lankideari...”, esan deusku Rebecak, “Zerbitzuari oso ondo deritxat. Niri oso ondo etorri jat, behar egiteko, eta seme-alabek eta biok jan ahal izateko”. Hainbeste arazoen artean, jantokiak Soniari be ekarri deutso nasaitasun apur bat. “Senarra, seme-alaba biak eta laurok etorten gara hona. Ekonomikoki nabaritu egiten da, jakina, nasaiago gabilz”.
Ez da erraza estutasun ekonomikoak pairatzen ari dirala besteei esatea, etxean oinarrizko beharrizanak betetako nahikoa baliabiderik ez dagoala besteen aurrean aitortzea, laguntzea eskatzea... Are gitxiago Derio bezalako herri txiki baten bizi zarenean, guztiek alkar ezagutzen daben herri bat danean. “Noski, egia da hasieran lotsa emoten deutsula, ez da erraza... Baina hemen guztiok gagoz egoera antzeko baten... Nik behar dauen edonor animau nahi dot hona etortera. Guztiok gagoz poz-pozik zerbitzuagaz”. “Ziur asko jente asko ez datorrela lotsa emoten deutsalako”, gehitu dau Rebecak, “Gatxa da, kontrakoa ez dot esango, baina gatxagoa da lapurtu behar izatea”. Gainera, emakume biek ziurtatu deuskue jantokian oso giro polita sortu dala, eta dagoaneko familia handi bat bezala dirala.
Bazkaltiarrak hasi dira jantokian sartzen, eta Rebeca eta Sonia sukaldera abiau dira lehenengo platera serbiduten hasteko. “Jantokia abendutik aurrera be zabalik egongo ahal da!”, esan deuskue.