Asier Vicario, Kartzarot taldeko abeslaria: “Itxur

Aikor aldizkaria 2013ko ira. 26a, 10:39

Kartzarot hard rock taldea 1999. urtean desagertu zan, 10 urteko ibilpidea egin ostean. Aurten barriro batu dira eta kontzertu zoragarri bat eskini dabe Lezamako jaietan. Musikariek zein publikoak euken onena emon eben. Asierregaz egin dogu berba iragana, oraina eta etorkizunaren gainean. Martxoan, Kurutze auzoan egin zan Bierfest jaialdian kontzertu txiki bat emon arren, esan geinke hau 14 urteren ostean eszenatoki batera igon zarien lehenengo aldia izan dala. Zelan joan zan? Oso gustura egon ginan eta neuk behintzat ez neban inoren falta igarri. Gainera, batetik, neroian arantza atera ahal izan dot, izan be, seme-alabei askotan kontau deutsedaz gaztetako abenturak eta kontzertuari esker abentura horreek zelangoak izan ziren ezagutzeko aukera euki dabe, eta bestetik, jotako abesti guztiak gureak dira, eta, denpora luzearen ostean, abestiok berreskuratzea oso atsegingarria izan da. Zelango publikoagaz topau zinien? Lagunak eta jarraileak etorri ziran, eta hareen seme-alabak. Gazte askok baekiezan gure abestiak, eta horrek zerbait esan gura dau: 20 urte beranduago gure abestiak entzun dabezala, etxean edo beste inon. Eta zelango musikariakaz? Ba, ezuste atsegina izan da, geure burua lehen baino hobeto ikusi dogulako. Musika-ekipo ona euki genduan, baina esan behar da teknikoki geu be askoz hobeto gagozala. Baxu-jotzaile eta bateria jotzaile barriak izateak be lagundu deusku, oso musikari onak diralako. Taldekide barriak beste banda batzuetan be badabilz. Jatorrizko kideoi jagotzuenez, zelango harremana euki dozue denpora honetan musikeagaz? Javik gehiago konposau dau jo baino; eta Robertok joten jarraitu dau, beste talde bat dauelako. Niri jagokidanez, lagun artean baino ez dot abestu, badakizue, afarietan-eta. Beraz, mikrofonoa barriro hartu behar izan danean... Ba, ez jat kostau. Uste dot izan dala orain badakidalako noraino ailegau ahal nazen eta esperimenturik ez dodalako egiten. Hau da, orain burua ahotsa baino hobeto dodalako. Lezamako kontzertuari barriro ekinez, ezuste politak izan ziran. Kartzarot eta Maritxu nora zoaz? abestiaren bersinoa gure kanturik arrakastatsuenetarikoak izan dira, eta lehenengoa abestu genduanean gogora ekarri genduzan gure artean dagoeneko ez dagozanak, baina badagozanak be: euren seme-alabak, lagunak... Eta Maritxu nora zoaz? Ekidazu abesbatzagaz batera abestu genduan. Hiru alderdi gertatu dira aldi berean, Kartzarot berragertzeko. Alde batetik, diskoetxe batek gure maketa biak argitaratu ditu CD baten; eta bestetik, Kurutze auzoko kontzertuak gogoa biztu euskun, bai taldekideoi, bai jenteari. Horrezaz gainera, aurten 20 urte bete dira Lezaman kontzertu bat grabau genduala. Garai hatan, une gorenean gengozan talde moduan... Oso dibertigarria eta polita izan da niretzat hain garrantzitsuak izan diran lagunakaz barriro batzea eta gure abestiak kantatea. Beste garai batekoak? Ba, soldadutzaren gainean berba egiten dauen abesti bat izan ezik, beste guztiek edo gehienek gaurkotasuna dabela esango neuke: langabezia, presoen egoerea... Ume gaixoak abestiak, esate baterako, Bosniako gerraren gainean egiten dau berba, baita Somaliako umeen gainean be. Bosniakoa aspaldian izan zan, baina begiratu zer gertatzen ari dan orain Sirian... Gainera, bitxikeria bat be kontau daiket: orain dala 20 urte, abestia konposau nebanean, Médicos sin fronteras GKE Somaliara joan zan, eta orain dala egun gitxi bertatik atera behar izan dira, segurtasun-arazoak dirala-eta. Zelan gogoratzen dira “ule luzearen” garaiak? Garai politak ziran. Tabernarik taberna joan behar izaten ginan, furgonetaz, nortzuk ginan azaltzen eta gure maketak bertan ixten. Ez egoan sakelako telefonorik, ezta internet be, eta amaren telefonoaren zenbakia emon behar izaten geuntsen tabernariei... Maketa bat grabetako, esfortzu ekonomiko handia egin behar zan, baina saltzen zan... Guk lehenengo maketaren 1.000 ale saldu genduzan; eta bigarrenaren 2.000 ale. Orain errazagoa da maketa bat grabetea, baina gatxagoa saltzea, jenteak ez dauelako musikarik erosten, deskargau egiten dau. Leku batetik bestera ibilteko beharra egoan, baina diskoetxe batek gauzak beste era baten egiteko aukerea emon eutsuen: disko bat grabau eta haren promozioa egin. Taldea ixtea erabagi zenduan zuk. Garai hatan, nire bizitzea beste bide batetik zihoan eta ez neban konpromiso hori hartu gura. Era berean, aspertuta nengoan eroaten genduan erritmoagaz... Taldeak pare bat urte gehiago jarraitu eban eta azkenean desagertu egin zan. Gelditzeko bueltau da Kartzarot? Hasiera baten, ez neban inongo abenturatan sartzeko gogorik, baina proiektu pertsonalak bideratuta dodazala kontuan hartuta eta hain ondo pasaten dogula ikusita... Gogotsu gabilz eta erabagi dogu grabau barik lotu ziren abestiak behintzat grabauko doguzala. Beste batzuk be badoguz erdi konposauta, eta seguru nago disko bat aterako dogula... Egia esan, ez neban uste hau Lezamako kontzertutik baino harago joango zanik, baina beste kontzertu batzuk atera jakuz eta musika-agente bat be badogu ate joka. Ez dakit, itxura ona hartu dau kontuak. Lekurik topauko dau? Ez dakit, nik lurrera bajatu gura dot, Lezamakoa itzela izan zalako. Baina jakin badakit une konkretu baten gertatu zala, jentea gogoagaz ebilelako. Beraz, ez dakit zer gertatuko dan hurrengo kontzertuan... Gure musikeagaz eta mezuagaz transmitidutea lortzen badogu, posible izango da. Kartzarot proiektu zintzoa da, barru barrutik ateraten dana. Ez dogu asmo handirik. Ondo pasetea eta konposetea baino ez dogu gura.