Negua sasoi txarra da gidariontzat. Izan ere, eguraldi kaskarrak (hotza, euria, elurra) hainbat eragozpen ekartzen dizkigu autoa behar bezala gidatzeko. Horren haritik, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren 2008ko estatistiken arabera, hildakoak eragiten dituzten istripuen %18,4 eguraldi txarra dagoela gertatzen dira. Neguan gidatzen dugunean zenbait aholku hartu behar ditugu kontuan: eguraldi-iragarpenari adi egotea; segurtasun-distantziari eustea; kontu handiz gidatzea... Gainera, komenigarria da autoak izan ditzakeen matxurak aurreikustea eta hura tailerrean aztertzea. Aikor! aldizkariak inguruko tailer batzuetara jo du eta gomendio batzuk jaso ditu.
“Neguari begira nik batez ere gurpilak zainduko nituzke”, dio Joserra Muñoz Zamudio Motor tailerreko mekanikariak. “Gomendagarria izango litzateke udan udako pneumatikoak erabiltzea, eta neguan, negukoak, eta bezero batzuek horrela egiten dute. Hala ere, normalean gurpil berberak eramaten ditugu urte osoan zehar sasoiari erreparatu gabe”. Adituen iritziz, neguko pneumatikoak udakoak baino askoz eraginkorragoak dira zazpi graduko tenperatura baino gutxiago dagoenean. Negukoak malguagoak eta bigunagoak dira eta duten marrazketa ere sakonagoa da; ondorioz, itsaspen, galgatze eta trakzio hobeak dituzte.
Garikoitz Urizarrek Astikene Motor tailerrean egiten du lan, eta beste aholku bat eman digu gurpilei dagokienez. “Pneumatikoek fabrikatzaileek gomendatzen duten presioa izan behar dute”. Dena dela, Garikoitzen ustez, beste kanpoko eragile batzuek ere badute eragina autoa neguan gidatzeko orduan. “Kontu handiz ibili behar da errepidea bustita dagoenean, ibilgailua era ezberdin batean ibiltzen delako, eta geuk ere ez dakigu zer gertatu daitekeen”.
Pneumatikoak alde batera utzita, beste gauza batzuk ere zaindu behar dira: argiak; bateria; likidoen maila (ura, olioa...), batez ere izotzaren aurkakoa; galgak; suspentsioa; haizetako-garbigailuak... “Bateriek ez dute errendimendu bera kanpoan hotza egiten badu, eurentzako tenperatura ona 25 gradukoa baita. Gainera, hotz dagoenean, potentzia handiagoa behar dugu autoa martxan jartzeko”, esan du Joserrak.
Katerik ez
Elur asko dagoenean batzuetan gurpilei kateak jarri behar dizkiegu; bestela, ezin da autoz ibili. Hala ere, Ford Goiriko José Luis Larreak ez du uste kateak funts-funtsezkoak direnik. “Araban edo Nafarroako herri batean biziko bagina, agian gauzak ezberdinak izango lirateke eta ziur asko autoan kateak nahita nahiez eraman beharko genituzke. Hemen, Txorierrin, aldiz, oso gutxitan egiten du elurra. Eta gertatzen denean, normalean azkar-azkar garbitzen dituzte errepideak”.
Beste arazo bat ohikoagoa da: gaua hotz-hotza izan, eta goizean, autoa hartu nahi dugunean, aurreko kristala izotzaz beteta dago. Zer egin ahal dugu? “Batzuek uste dute alkohola botatzea onuragarria dela, baina ni ez nago ados. Alkohola izotza baino beroago dago eta pitzadurak sortu ahal ditu, kristalean markak ere bai. Nik karrakagailua erabiliko nuke izotza kentzeko”, gomendatu digu Aitorrek, Talleres Juan Andres-eko mekanikariak.
Tamalez, gidari gehienok ez diegu normalean gomendioei jaramon handirik egiten, eta soilik behar-beharrezkoak diren azterketak egiten ditugu tailerrean, urtean egiten dugun kilometro-sortaren eta olioaren erabileraren arabera. Krisi garaian, askoz gutxiago. “Gauzak ez dira aldez aurretik ikusten; gidariak arazoa gertatzen denean etortzen dira; bestela, ezer ez”, aipatu du Joserrak. “Bai, gehienek dagozkien azterketak baino ez dituzte egiten”, berretsi du José Luisek.
Txorierrin, non?
–Astikene: Astikene ind., 28. pab., Derio. 94 645 17 81
–Ford Goiri: Izartza ind., Sondika.
94 453 25 15 / 94 453 39 31.
–Juan Andrés: Torrelarragoiti ind., 8-216 pab., Zamudio. 94 452 07 09.
–Zamudio Motor: Torrelarragoiti ind., 6. pab., 3. blokea, Zamudio.
94 452 16 16 / 94 452 16 24.