Kantinplora katalanetik datorkigun hitza da: canta i plora (llora). Hala deitzen zaio urontzi honi Coromines-en iritziz, ontziko likidoaren hotsak eta kantu edo negar-soinuek duten antzekotasunagatik..
Ezkilak, aldiz, kanpandorreetan ikus ditzakegu eskegita, leku jasoan, kanpai hotsa urrunetik ere entzun dadin.
Katalanek estatu izan gura dute, egun bateko Diada betiko Diada bihurtuz. Baina zergatik mobilizatu dira orain eta ez orain hamar urte, esate baterako? Ba, kantinploragatik. Kantinplorak, beterik badago, ez du zaratarik egiten. Madrileko botereak ur barik laga du kantinplora eta, jakina, katalanak oihuka eta aldarrika hasi dira: “Ez begira Madrili, geu gara nahiko herri”, ezen “canta i plora” hutsik edo erdi hutsik uzterakoan egiten baitu kantinplorak.
Euskal Herria, bestalde, elizaz nahiz ermitaz beterik dago. Sarri-sarri entzun daitezke kanpai deiak:
“Gure eliz-dorreko
ezkila zaharrak
batasunera ditu
deitzen herritarrak”.
Zoritxarrez, batasuna gozoagoa da, dirudienez, kanpotarrekin egiten denean. 2013an ere erdal-botereak eskua luzatu dio euskal-botereari. Zein gizalditan konturatuko ote gara eskuak gainean ipiniz gero arranari ito egiten zaiola doinua. Egin ezazu froga, irakurle: hartu esku bien artean zintzarria -edo esku txikiak badituzu txilina- eta eragiozu hona-hara. Kanpai horren hotsa gortu egiten da. Ostera, eskuak gainetik kendurik, aske astintzen baduzu, hots zolia aterako du, bizi-bizi entzungo duzu ezkilaren mihia.
Gure alderdi politikoak politikoen alderdi bihurtu ez daitezen, herriz herri jo behar dira batasunerako ezkilak, kanpai-jotzaileei adar jotzaileak nagusitu ez dakizkien.