Euskaraz, metroz metro

Aikor aldizkaria 2013ko urr. 24a, 10:50

Argazkiak: Oihane Goienetxe eta Aner Mentxaka

Urriaren 12an, 150 korrikalari inguru batu ziren Derion, “Euskaraz bizi nahi dut” kanpainaren haritik antolatutako lasterketetan parte hartzeko. Egitasmoa Kontseiluak sustatu du, eta lasterketak irailean eta urrian zehar egin dira Euskal Herriko hainbat herritan. Txorierrin, bertoko euskara elkarteek eta Txepetxa AEK euskaltegiak antolatu zuten lasterketa. Korrikalariek, haietako asko gurasoak eta beren seme-alabak izan zirenak, goizeko 11:00etan eduki zuten hitzordua, Derioko frontoian. Hiru ibilbide prestatu ziren: bat, umeei zuzenduta eta 500 metrokoa; beste bat, hiru kilometrokoa; eta azkena, bost kilometrokoa. Antolatzaileen esanetan, oso ekintza polita eta bizia irten zen. Hala, lasterketaren ostean hamaiketakoa eskaini zen, eta, besteak beste, taloa eta txorizoa, piper frijituak eta Lezamako txakolina eta sagardoa dastatzeko aukera egon zen. Ura Patxi Koop-k ipini zuen doan. Goiza Bertokok eta bertsolariek girotu zuten eta opariak zozketatu ziren parte-hartzaileen artean. “Lasterketan Txorierriko herri guztietako lagunek hartu dute parte, eta oso balorazio positiboa egin dugu”, esan digute antolatzaileek. “Lehenengo eta behin, kontuan hartu behar dugu, Korrikaz aparte, jendeak ez duela halako lasterketetan ibiltzeko ohiturarik. Beraz, ekintza hau antolatzen dugun lehenengo aldia izanik, haren inguruan 150 lagun batzea oso emaitza polita dela uste dugu”. Lasterketa datorren urtean ere antolatzeko asmoa dute. “Denbora gehiago edukiko dugu hobeto prestatu eta ezagutzera emateko. Ziur gaude jende gehiago animatuko dela bertan parte hartzera!”. Bestalde, lasterketa bat antolatzea lan handia dakarren gauza da, detaile asko zaindu behar direlako: zirkulazioa kontrolatu behar da, bidegurutzetan eta errotondetan jendea egon behar da, egoera arriskutsuak saihesteko... “Antolatze-lanetan 25 lagun egon dira eta alde honetatik ere oso erantzun ona egon dela pentsatzen dugu. Ibilbideez aparte, izena ematearekin, hamaiketakoarekin, opariekin... ere lagundu dute. Eskertzekoa da beren lana”. Derioko Udalari ere eskertu diote emandako laguntza. “Izan ere, lasterketa egiteko beharrezkoa den azpiegitura guztia utzi digute. Frontoiko komunak eta dutxak ere erabili ahal izan ditugu”.