Euskararen Egunaren ekitaldiak Derion izango dira aurten. Aurrekoetan bezala, ahalegin berezia egin da
parte-hartzaileak eta herritar guztien gustukoak izan daitezen
Abenduaren 3a euskaldunok ondo ezagutzen dugun data da, egun horretan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen delako. Ospakizunaren haritik ekintza sorta zabala antolatu da Txorierrin, Derion hain zuzen ere, aurten herri horri dagokiolako anfitrioia izatea. Ekitaldi-sailari azaroaren 29an, barikuan, emango zaio hasiera. Lainomendi dantza taldearen eskutik, dantza agerraldia egingo da arratsaldeko 7etan. Hitzordua Sollube kalean ipini dute eta gonbidapena egin diete Txorierriko gainontzeko dantza taldeei ekitaldian parte har dezaten. Eguraldi txarra egonez gero, leku estali batera eramango dute ekintza, Kultur Birikara, hain zuzen ere.
Zapatua egun indartsuena izango da. Goizeko 12etan Berbagunea egongo da Kultur Birikan. Han gai ezberdinak aztertzeko aukera egongo da eta solasaldi bakoitza aditu batek zuzenduko du. Bospasei mahai atonduko dira eta parte-hartzaileak hiru mahaitan aritu ahalko dira. Solasaldi bakoitzak 20 minutu inguru iraungo du. Asier Vicario Kartzarot taldearen abeslariak, Miguel Madariaga Euskadiko Fundazioko presidenteak, Karmele Aurrekoetxea sendagileak, Juan Manuel Torre ekonomialariak eta Begoña Vicario zinemagileak edukiko dute solasaldiak zuzentzeko ardura. “Berbagunea iaz egin zen lehenengo aldiz Sondikan eta oso arrakastatsua izan zen: adin ezberdinetako lagunek ez ezik herri guztietako lagunek ere hartu zuten parte bertan. Horregatik erabaki dugu aurten ere antolatzea”, azaldu digu Laura Martinez Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko Euskara Teknikariak. “Gainera, ekintza honi esker bermatzen dugu gure helburuak betetzen direla: alde batetik, euskaraz hitz egitea; eta bestetik, parte-hartzea”.
Arratsaldeko 7etan, Kultur Birikan, bertso-saioa eskainiko dute Arkaitz Estiballesek, Uxue Alberdik, Amaia Agirrek eta Etxahun Lekuek. Gai-jartzaile Unai Elizasu ibiliko da. Ekitaldia Derioko eskolako 6. mailako ikasleek aurkeztuko dute. “Eskolan bertsolaritza ikasten dabiltza eta proposamen hau egin diegu: aurkezpena bertsotan egitea. Izan ere, pentsatu dugu modu polita izan daitekeela adin horretako umeak ere ekitaldira erakartzeko”. Bertso-saioa, orokorrean, herritarren aldetik oso erantzun ona izaten duen ekitaldia da. Bestetik, aipatu beharra dago aurten antolatzaileek ahalegin berezia egin dutela, bertsolarien artean zein Berbagunean emakumeak egon daitezen, uste baitute haien ekarpenak eta ikuspuntuak ere isla eduki behar dutela ekitaldietan.
Taberna Ibiltariak lekukoa hartuko die bertsolariei. Talde hau ezinbesteko bihurtu da Txorierrin antolatzen diren egitasmo guztietan eta, zalantza barik, beren ekitaldiak lagun asko batuko du. Kultur Birikatik 20:15etik aterako dira eta kantuz kantu ibiliko dira herriko kaleetatik eta tabernetatik zehar. Herritarrek haiekin batera kantatu ahal izateko, abestien letrak dituzten paperak banatuko dira. Gainera Derioko zenbait tabernatan 19:00etatik aurrera pintxo potea antolatuko da. Ekintzak bakoitzaren indarrek utzi arte iraungo du.
Domeka umeen eguna izango da. Zirika Zirkus taldeak haiei zuzendutako Danz jolas jaia ikuskizuna aurkeztuko du 12:30ean kiroldegian. Ekitaldia Tximintx euskara elkartearen proposamena da eta bertan, bere izenak adierazten duen moduan, dantza eta jolasak lantzen dira.
Gazteengana ailegatzea
Azaroaren 2an, 3an, 4an eta 5ean mugimendu handia egongo da Derion, eskoletako umeen eta institutuko gazteen txanda izango delako. Orotara 1.479 lagunek hartuko dute parte bereziki haiei zuzenduta antolatu diren ekintzetan. Abenduaren 2an, astelehenean, Bat batean saioa egingo da 10 urtetik 11 urtera bitarteko umeentzat. Martitzenean, Pepitaren liburu magikoa lau urtetik sei urtera bitarteko umeentzako antzezlana egongo da, eta asteazkenean magia-saioa eskainiko du Eriz magoak. Azken hau zazpi urtetik bederatzi urtera bitarteko umeentzat izango da. Ikuskizun guztiak kiroldegian egingo dira eta saio bi egongo dira egun bakoitzean.
Gazteengana zelan ailegatu eta hizkuntzaren erabilerarekiko zelan sentikor bihurtu asmatzea ez da behar erraza. Buah txabal antzezlana helburu horiek betetzeko sortu zen antzezlana da eta Derion, abenduaren 5ean eskainiko da, Gurea Aretoan. DBHko ikasleei dago zuzenduta eta, besteak beste, gazteek euskararen inguruan dituzten ohiturak eta jarrerak lantzen dira bertan.
Ekintzak antolatzeko orduan, hauek hartu dira kontuan: adin guztietako lagunentzat erakargarriak izan daitezela eta parte-hartzea bultza dezatela. Antolatzaileek helburuak betetzea espero dute, eta txorierritar guztiak anima daitezela Euskararen Egunarekin bat egitera. Gainera, herritarren eta herriko taldeen erantzuna azpimarratu dute, beti egiten duten moduan, oso jarrera ona erakutsi dutelako, eta euren iradokizunak kontuan hartu dituztelako, Euskararen Eguna Txorierrin erabat arrakastatsua izan dadin.