<i>Arantza Mendi</i> edo <i>Monte Gorbea</i> itsas

Aikor aldizkaria 2013ko aza. 28a, 13:06

Testua eta argazkiak: Sabin Arana

Aita, Estanislao Arana, Arantza Mendi itsasontziko kontramaisua izan zan eta itsasontzi horren historia eta 1942. urtean jaso eban erasoa kontau eustazan. Baita eraso horren ondorioak be. Arantza mendi itsasontzia Euskalduna ontziolan egin zan bigarren motor-ontzia izan zan, eta lehenengoa, halako tamainua ebana. Armadoreei, Sota y Aznar konpainiari, 1923. urtean emon eutseen. Francoren aldekoek 1936ko gudan nazionalizau eben itsasontzia, eta LECCE izena ipini eutsien. Itsasontzia Italiatik Espainiara armak garraiatzeko erabili eben, italiar banderapean. Armadoreek 1938. urtean berreskuratu eben itsasontzia. Halanda be, haren izena ez ezik konpainiaren izena be aldatu behar izan eben, baita beste ontzi guztien izena be, Francoren gobernuak halan egitera behartu zitualako. Mendi hitza gazteleraz ipini eben, eta Arantza ordez, Gorbea. Beraz, Arantza Mendi itsasontzia Monte Gorbea itsasontzia bihurtu zan. Konpainiak Naviera Aznar izena hartu eban. Beste kidea, Sota, Ingalaterran kokatu zan eta Bigarren Mundu Gerran Bretainia Handiari eskini eutsazan bere eskuetan egozan ontzi guztiak. Lehenengo Mundu Gerran be laguntasuna emon eutsen aliauei eta horregaitik sir Ramon Sotakoa izentau eben. Monte Gorbea itsasontzia bidaiak egiten hasi zan Ameriketara. 1942ko irailaren 9an, Buenos Airesko portutik urten eban, gariz eta indabaz kargauta egoala. Karga hori oso garrantzitsua zan, jakina danez, guda ostean, Estatuan gosete handia egoalako. Irailaren 19an, Alemaniako U512 urpekoak Monte Gorbea itsasontzia begiztau eta geldiarazo egin eban. Urpekoko komandanteak aliauen ontzi kamuflaua zala uste eban eta, lau ordu geroago, torpedoz erasoteko agindua emon eban. Itsasontzian egoan jenteari ezelako laguntasunik emon barik alde egin eben handik. Monte Gorbeak minutu bat iraun eban ur gainean. Brankaz hondoratu zan eta eroiazan hiru salbamentu-txalupetatik bi galdu ziran. Hirugarrenari buelta emon behar izan jakon, uretan buruz behera lotu zalako. Andre Ramirez San Martin argentinar pasaiaria eta nire aita zaurituta gertatu ziran behar horretan. Itsasontzian, 47 tripulatzaile eta 23 pasaiari egozan, eta hareetatik 23 tripulatzaile eta lau pasaiari atera ziran bizirik. Gainerakoei jagokenez, batzuk ito ziren eta beste batzuk marraixuek jan zituen. Bizirik urten ziranen artean, ohol bati lotuta topau eben 12 urteko neska bat. Eta hil ziranen artean aitagarria da, nire ustez, Luis Fernando Diaz de Mendoza aktorea, Fernando Diaz de Mendoza aktore eta aristokrataren eta Maria Guerrero aktorearen semea zana. Itsasontziko kapitaia Felix Kastearena iruindarra zan. Kokondoa eta txarria Salbamentu-txalupan ordu batzuk egin zituen ea uretan beste personaren bat ikusten eben. Baina inor gehiagorik aurkitzen ez ebenez, Karibeko Martinika islara abiau ziran, 60 itsas miliara egoana. Egun bat egin eben islara ailegetako, eta han frantziar militarrak arduratu ziran euretaz. Ofizialki adierazo zan kontsulordeak emon eutsela ostatua, baina aitak kontau eustanaren arabera, islan egondako hamabost egunak goseak jota ibili ziran. Kokondo batera igoten saiatu ziran gosea kentzeko, baita txarri basati bat harrapatzen be, baina ez eben arrakastarik izan ez behar batean ez bestean. Hori bai, zaurituek zainketa medikoak jaso zituen. Lehenengo eta behin, salbamentu-txalupan, han tripulazinoko medikua egoalako; eta gero, Martinikako uriburuko ospitalean. Ontzi-konpainiak Ingalaterrako agenteen bitartez jakin eban gertatukoaren barri. eta Martinikatik hurbil ebilen Monte Altube bialdu eban bizirik egozanen bila. Cadizera urriaren 21ean ailegau ziran. U512 urpekoa britainiar gerra-hegazkin batek bonbardeau eban eta marinel bat baino ez zan bizirik atera. Monte Gorbeako kapitaia beste itsasontzi baten izandako istripu baten ondorioz hil zan: zamaltegira erori zan. Eta nire aita konpainian erretiradu zan, bere ofizioan.