Urrian hasierea emon jakon herriko tabernen aurkako epaiketeari. Auziaren haritik 110 herriko taberna epaituko ditue; Deriokoa, Zamudiokoa, Lezamakoa eta Larrabetzukoa, hareen artean. Jabi Agirre lezamarragaz eta Arkaitz Unzueta zamudioztarragaz izan gara solasean elkarte honeen jardueraren gainean, eta euren eritxia be emon deuskue epaiketaren inguruan.
Julemendi Zamudioko herriko tabernea Euskal Herrian zabaldu ziran lehenengo herriko tabernetariko bat izan zan. Julemendik 1983an ireki zituan ateak eta haren ostean Txapela Derioko herriko tabernak egin eban, 1985ean. Aretxabala Larrabetzuko herriko tabernea eta Oxangoiti Lezamako herriko tabernea 1988an eta 1995ean sortu ziran hurrenez hurren.
Jabik eta Arkaitzek gogora ekarri deuskuen moduan, herriko tabernak herritarrek eurek martxan jarritako alkarteak dira. Sortzaileek kreditu bat eskatu eta ahalegin ekonomiko bat egin behar izan eben egitasmoak aurrera atera ahal izateko. “Ahalegina be egin genduan herriko tabernea txoko bat izan ez zedin eta herritar guztiei zabalik egon zedin”, aitatu dau Jabik. Halan, urteetan zehar herritarren topagunea izan dira eta, taberna bati lotuta dagoan jardueraz gainera, kultura arloko ekitaldiak antolatu dira bertan: euskerearen aldekoak, berbaldiak, erakusketak, urteerak, bertso-saioak, afariak...
Arkaitzek oso gaztea zala euki eban lehenengo aldiz harremana herriko tabernagaz. “Herriaren aldeko sentimentua bizten jatzu eta haren alde gura dozu behar egin. Herriko tabernea beste tabernak ez bezalakoa zala ikusi genduan, han gure nortasuna lantzeko hainbat esparrutako ekitaldiak egiten ziralako”, azaldu deusku. “Egia da herriko tabernea ikuspuntu ezkertiar eta abertzale batetik ulertu behar dala, baina guk be ulertzen dogu gizarte anitz baten bizi garela, eta ez dogu inoz arazorik euki beste alkarte batzukaz batera ekitaldiak antolatzeko. Eta behin baino gehiagotan halan egin dogu”.
Herriko tabernen aurkako sumarioa orain dala 11 urte ireki eban Garzon epaileak. Jabik adierazo deuskun legez, denporaldi honetan ziurgabetasun-egoera baten bizi izan dira. “Ez genekielako etorkizunak zer ekarriko euskun. Are gehiago, kultur ekitaldiak antolatzeari ixtea pentsau genduan, beste ondorioren bat ekarriko ote euskun beldurrez”. Nolanahi be, herriko tabernek euren jardueragaz jarraitu dabe urte honeetan.
Nortasuna
Denporaldi honetan be beste gertaera bat izan zan: Zamudioko herriko tabernearen itxierea orain dala zazpi urte, Ibon Meñikaren atxiloketearen ondorioz. “Herriko tabernearen langilea zan neurrian, ha ETAren alde behar egiteko erabilten ebala argudiatu eben. Baina argi itxi zan Estatuak informazinoa gura dauen moduan erabilten dauela. Ibon ez zalako herriko tabernearen langilea, baizik eta gainontzekook egin dogun moduan, han lagunakaz lotzen zan, zerbait hartzen eban... eta asteburuetan edo jaietan txandea egiten eban barran”, azaldu dau Arkaitzek. Julimendi herriko tabernearen egoerea urte birik behin berrikusi egiten da, itxita jarraituko dauen ala barriro zabaltzeko baimenik emongo dan erabakia hartzeko. “Tabernea itxita egon arren, alkartearen beharra ahal izan dogun moduan mantentzen saiatu gara, kalean, jendeagaz berba egiten, batzarren bitartez, berbaldiren bat antolatuz... Hori herriko taberna bat lokal bat baino gehiago dan adierazgarria da; nortasun bat da, jenteak barnean daroazan sentimentu eta filosofia bat”.
Jenteak herriko tabernen gainean euki dauen eritxia urteetan zehar aldatu egin dala uste dabe Jabik eta Arkaitzek. Eta hareen kontrako prozedurea be lagungarria izan dala eritxi-aldaketa horretan. “Tabernara lehen sartzen ez zan jentea sartzen da orain, eta bezeroak baino ez ziranek be beste sentsibilitate bat adierazoten deuskue. Nik esango neuke gure egoerea ulertu dabela. Ez dot uste gaur egun inori otuko litxakionik pentsatzea herriko tabernak inongo erakundea finantzatzeko erabili diranik”, esan dau Jabik.
Nahaste-borrastea esku artean
Herriko tabernen aurkako epaiketara Karlos Arranzi deitu deutsoe Derioko herriko tabernearen erantzule zibil moduan; Karlos Martinez de Morentini, Zamudioko herriko tabernearen erantzule zibil moduan; Jabi Agirreri, Lezamako herriko tabernearen erantzule zibil moduan; eta Aitor Aiarzari, Larrabetzuko herriko tabernearen erantzule zibil moduan. Epaiketearen lehenengo saiotik susmo onagaz urten bazan be, harek beste itxura bat hartu dauela uste dau orain Jabi Agirrek. “Fiskalak eskatu eban ordezkariok deklaratzeko eta epaileetariko bik onartu egin eben eskarea. Halanda be, gurea bezalako epaiketetan ez da arrunta halakorik gertatzea. Alkarrizketa hau egin orduko ez dakigu deklaratu beharko dogun ala ez”. Herriko tabernei ETA erakundea finantzatzea leporatzen jake, eta fiskalik oraindino zigor-eskaerarik egin ez duen arren, herriko tabernen ondarea biktimak indemnizatzeko erabili gura dan susmoa gero eta indar handiagoa hartzen ari da.
Arkaitzen ustez, epaiketea orain hastea ez da kasualitatea. “Gaia linbo antzeko baten lotu da 11 urtean, momentu egokian berrartzeko eta ezker abertzaleari beste atzaparkada bat emoteko. Momentu hori orain da, epaiketak aukerea emoten deutselako modu legalean beharrean dabilen jentea legez kanpo ixteko. Dana dala, urte askotan beharrean dabilen jentea da eta beharrean jarraituko dabe”. “Nik uste dot epaiketa hau ez dala gaur egun ulertzen, beste testuinguru baten gagozalako. Era berean, pentsetan dot epaileek esku artean nahaste-borraste bat dabela, gainetik kentzea gustauko litxakieena”, gaineratu dau Jabik.