Txatarrero-lanero entzuten zen XX. gizaldiaren amaierara arte gure kale eta baserri-bideetan. Orain, XXI. mendean, txatarrero baino ez zaie entzuten furgonetetako bozgorailuetatik. Ardi-lanaren baliorik ezak –Gabrielek esana– ekarri du eslogana laburtzea; ez da lanerorik entzuten.
Kontua da txatarra berba euskarakoa dela; gaztelerak euskaratik hartu duela. Era honetara dakar Real Academia Es-pañolako hiztegiak: Chatarra. (Del vasc. txatarra). Hala eta guzti, txatar-biltzaile horri ez zaio pasatu ere egingo burutik txatarra hitza espainolekoa ez denik.
Euskaldunok, ostera, ez dugu erakusten txatarrero horren segurtasunik. Oraintsu, lur barruko bikote bik itsasbazterrera jo dugu, gure erreketako hainbeste ur non pilatu daitekeen jakin guran. Bidez goazela, Madariaga Dorretxea, Eus-kadiko Biodibertsitate Zentroa, agertu zaigu begi aurrean. Ederra gero! Eraikun-tzaren sarreran, panelak, irudiak, eta testuak. Batek zioen: Para las especies autóctonas: Bertako espezieentzat. Berehala etorri zitzaizkidan pare bat ideia burutara.
1.-Euskararako zergatik ez autoktono berba, Euskaltzaindiak badakar Hiztegi Batuan. Grezierakoa da, matematika den modu berean.
2.-Bizkaierazko hiztunarentzat bertakoa hangoa da; bertokoa, hemengoa. Euskaltzaindiak Hiztegi Batuan holaxe dakar: Berton adlag Bizk., hau da, bizkaierakoa Euskara batuan erabiltzeko ze, Euskaltzaindiak: “bultzatu egin nahi ditu idazleak hitz horiek erabiltzera”.
Azken baten, zer erakusten digute, batetik, txatarrero horrek eta, bestetik, euskaldunok? Guk hiztegietako berba asko emigrantetzat hartzen ditugun bitartean, erdaldunek lasai bezain ozen ekingo diotela txatarrero! oihukatzeari.