Bildur bako neskak

Aikor aldizkaria 2013ko abe. 16a, 15:13
“Beldur barik” Bardintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sareak martxan jarritako ekimena da. Gazteen artean bardintasuna, begirunea, autonomia eta askatasuna sustatzea dau helburu. Egitasmoaren haritik “Beldur barik” lehiaketea antolatu da eta Larrabetzuko lau gaztek aurkeztutako lanek aitamen berezia jaso dabe bertan. Malen Amenabar Larrañagak ikaskide bigaz batera egin dau Zuganbila beharra, Amaia Cabero Saizar eta Ainhoa Gutierrez del Pozogaz hain zuzen be. Sexualidadearen lanketa ezbardin bat egin dabe. Bideoa egiteko ideia Arte Ederretako Fakultadeko korridorean sortu zan, kasualidadez. “Azkenaldian gogotsu ibili gara proiektu ezbardinetan eta Zuganbila horreetako bat izan da. Hasiera-hasieratik behar ona egitea genduan motibazino eta oso pozik lotu gara emaitzagaz. Lehiaketeari baino, gure behar prozesuari emon gura izan deutsagu garrantzia eta uste dogu neurri handi baten lortu egin dogula”. Lehiaketea bigarren plano baten itxi eben arren, sariaz be gozau egin dabela azaldu deuskue. “Egia esan, asko poztu ginan eta irabazitako dirua oso ondo etorriko jaku”. Inoz bildurrik, deserosotasunik, unadurarik... sentidu daben galdetu deutsegu eta jasotako erantzuna argia izan da. “Noski baietz! Emakumezkoak gara, gazteak, ikasleak eta sexu-joera ezbardindunak, guzti horrek dakarzan oztopo guztiakaz”. Egoera horren erruduna nor dan be argi daukie: sistema patriarkala. Eta zein dan egoerea aldatzeko bidea: burruka feminista. Uste dabe “Beldur barik” bezalako ekimenak atxakia polita izan daitekezala beren sormena landu eta mugitzeko. “Asko dogulako erakusteko, ikasteko eta batez be aldarrikatzeko”. Ezagutzen zaitut bertso udalekuetan sortu zan abestia da eta Arrate Gaztelu Agirrek, Leire Amenabar Larrañagak eta Kattalin Barcena Guarrotxenak idatzi eben. Eurek eta udalekuetan parte hartu eben beste bost lagunek: Ane Zuazubizkar Iñarra, Maialen Akizu Bidegain, Amaia Urbieta Arruti, Grazia Arregi Leonardo eta Maddi Mendibil Artetxe. “Hilekoaren gaineko kantea da eta bertan emakumezkoek beragaz dogun harremana islatu dogu: hasierako bildurra, hilerokoak eta bere ezak eragiten deuskuena, granuak, ajea, gozamena, makillajea...”. Bertsozale alkartearen inguruko jenteak animau zituen “Beldur barik” lehiaketan parte hartzera eta kantuari irudiak jartea erabagi eben. “Donostiara joan ginan eta kalean topau genduzan emakumeen irudiak grabau genduzan bideoa egiteko. Dantza baten zatia be badago”. Pozik azaldu dira lortutako emaitza eta aitamen bereziagaz, baina askoz pozago bideoak euki dauen oihartzunagaz. “Jente askok ikusi dau eta flipau egin dogu!”. Isildu ez Suerte dabela dinoe, orain arte beren inguruak ez ditualako deseroso sentiduarazo. “Eta inoz gauzaren bat gustau ez bajaku, halan adierazo egin dogu eta aurre egin deutsagu egoereari. Gu ez gara isiltzen!”. Baina jakin badakie zoritxarrez halako egoerak gertatzen dirala. “Behar asko egin da eta asko lortu da. Halanda be, oraindino asko dogu egiteko. Gazteok zer esan handia dogu horretan, geuk erabagiko dogulako zelangoa izango dan etorkizuneko gizartea. Behar handia egin behar dogu gaur egungo injustiziak etorkizunean ez egoteko”. Urteetan zehar barneratutako ideak, jarrerak, estereotipoak... ezabatzea be beharrezkotzat joten dabe. “Aitortzea gustetan ez bajaku be, batzuetan gura barik egiten doguz aitamen batzuk barru-barruan doguzanak, baina egokiak ez dirala badakigunak”. Hezkuntzea eta sistemea bera dira errudunak. “Poterea euki dabenak gizonak izan dira eta hezkuntzea egon dan moduan egon da, etxean egon diran balioak egon diranak izan dira... Hori guztia aldarazo behar da eta hezkuntza barria sortu, beste balio batzuk, beste gizarte bat... Justizia egin behar jake gaur egun dagozan hainbat egoerari, eta lortu etorkizunean barriro ez errepiketea”. Beste apunte bat egin dabe gazteek jasoten daben hezkuntzaren gainean: “Ikasten doguzan zientzialariak, teoriak asmaten dituenak... horreek guztiak gizonezkoak dira eta guk uste dogu emakumezkoak be badagozala”. Tratu txarren eta desbardintasunen haritik egiten diran kanpainak beharrezkoak dirala pentsetan dabe, “halakoak gertatzen diralako eta ezin diralako ezkutau; erakutsi egin behar dira”. Baina askotan alderdi positiboak ahazten dirala kexaten dira. “Emakumeok dogun indarra eta gauza asko egiteko gai bagarala be erakutsi behar da kanpainetan, gure ustez”. Lanak YouTuben dagoz ikusgai

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).