Pozik dago Belen. Pozik baino pozago, hiru urteren ostean lortu duelako Zamudion gurasolagun taldea sortzea. Berarekin batera Janire, Bea eta Maisa daude euskarazko taldean.
Emakume hauek oso harreman ezberdina dute euskararekin. “Ni inguru erdaldun batetik nator eta euskara ikasgai bat zen eskolan”, azaldu du Beak. “Gurasolagun taldean egoteaz gainera, euskaltegian ere banabil, euskara lanerako behar dudalako”. Janire ere familia erdaldun batean hazi zen, baina txikitatik eduki du oso harreman estua euskararekin, eskolan euskaraz ikasi zuelako eta inguru euskaldunetan murgildu delako. Bestalde, Belenek orain dela 10 urte utzi zion euskara ikasteari, EGA azterketa prestatzen zebilela. “Hizkuntza berrartu nahi dut, praktikatzeko”.
Bere kideen esanetan, meriturik handiena duena Maisa da. “Madrilekoa da eta orain arte ez du inongo harremanik izan euskararekin. Euskaltegian ere badabil”, esan digute. “Zamudiora duela hiru urte etorri nintzen”, hitza hartu du madrildarrak. “Nire inguruko jendeak euskaraz egiten badu, uste dut nik ahalegina egin behar dudala haiei ulertzeko. Gainera, hizkuntzak pista asko ematen dizkizu jendeari buruz, eta polita da haiek eta haien kultura ezagutzea. Azkenik, alabek D ereduan ikasten dute, eta hori ere bada beste arrazoi bat nik ere euskara ikasteko”.
Taldea urrian sortu zen. Astelehenetan batzen dira Zamudioko eskolako liburutegian, seme-alabak klasetik ateratzen direnean. “Gure helburua euskaraz aritzea da, eta lotsa kentzea. Hala, edozein gairi buruz hitz egiten dugu: herriko jaiei buruz, zaletasunei buruz... Eskulanen bat ere egiten dugu seme-alabekin”. Liburutegia leku egokia da egoteko, batez ere kanpoan hotza dagoenean. Baina eguraldi ona hasten denerako, pentsatuta dute kanpoko ekintzak egitea: paseatzera atera, kirol apur bat egin...
Gustura daude taldean eta hori sortzea oso erabaki egokia izan dela pentsatzen dute. Asko ikasten dabiltza elkarrengandik, eta, bakoitzak ahal duen neurrian, euskaraz egiten dute seme-alabekin; edo egiten saiatzen dira, hitzen bat, esaldiren bat, aginduren bat... Umeengandik ere pilo bat ikasten dute. “Alaba nagusia, hiru urte dituena, nire irakaslea da (kar, kar). Esaldiak-eta irakasten dizkit...”, aipatu du Maisak.
Naturala
Belenenek adierazi digun moduan, bere ingurua erdalduna da, eta konturatu da bere semeari oso arraro egiten zaiola berarekin euskaraz egiten duenean. “Gustatuko litzaiguke semeak gure artean euskaraz hitz egitea normaltzat jotzea”. “Gurasooi dagokigunez ere, txipa, hau da, euskararekin dugun harremana aldatu behar da”, gehitu du Janirek. “Ohikoa da gurasoak seme-alabei euskaraz egiten ikustea, baina haien artean, gaztelaniaz. Batzuetan ematen du euskara umeekin hitz egiteko hizkuntza dela, eta zerbait naturala izatea lortu behar dugu”.
Eta lehenengo pausoa gurasolagun taldera hurbiltzea izan daiteke. Bertan, abantailak baino ez daudelako. “Oso giro polita dago, ondo pasatzen dugu, badugu non bildu, ordutegia oso egokia da...”. Gurasolagun taldean parte hartu nahi duenak badaki nora joan seme-alabak eskolatik atera ondoren.
Sukaldean nahasiak
Azaroan sukaldaritza tailerra egin genuen Berbalagunok Lezamako txokoan. Maite Lekerika zamudioztarra sukaldari aparta da, eta hiru plater prestatzen irakatsi zigun: arrain-zopa, legatza Aldekona erara eta tostadak. Dena atera zitzaigun goxo-goxo. Gainera, Ekidazu Lezamako abesbatzako kideak etorri ziren gurekin afaltzera eta primeran pasatu genuen.