Egun bat parkean

Aikor aldizkaria 2014ko urt. 27a, 14:28

Baina ez parke arrunt batean; ez. Suhiltzaile-parkean baizik. Eta primeran pasatu genuen, umeek zein nagusiok. Argazkiak ikusi baino ez duzue egin behar. Hain ondo, ezen bisita errepikatzeko ideia bueltaka baitugu burutik. Gabonetako atarian geunden —bai, urrun ditugu dagoeneko— eta seme-alabak etxean edukiko genituen. Beraz, zerbait asmatu behar genuen umeak ez aspertzeko, eta guk berbalagun egitasmoarekin aurrera jarraitu ahal izateko. Asko pentsatu ostean, Derioko suhiltzaile-parkea bisitatzea pentsatu genuen, umeei eta familiei zuzendutako ekintzak egiten zituztela jakin bagenekielako. Eta hara deitu genuen, eta hitzordua abenduaren amaierarako ipini genuen. Umeak zein gurasoak, irrikan. Eguna ailegatu zen. Eta parkera ailegatu bezain laster kaskoa eta uniformeak jantzi genituen eta suhiltzailearenak egiten hasi ginen. Eurek gidatuta, noski. Kamioia atera zuten eta buelta bat eman ziguten parkearen instalazioetatik. Gauzak beste perspektiba batetik ikusten dira hara igota. Hori bai emozioa! Kamioak dituen zatiak eta ekipamendua ere erakutsi zizkiguten, eta eskailerara —edo hobeto esanda, plataforma jasogailura— igo ginen. Gora eta gora. Hori zorabioa! Tutu malguarekin ere ausartu ginen eta, zelan joan zen ikusita, nik esango nuke gutariko baten batek bizitza suhiltzaile moduan atera lezakeela. Tutu malguaz gainera, haien lanerako erabiltzen dituzten beste tramankuluak eta erremintak ere erakutsi zizkiguten. Eta barratik jaitsi ginen, gozamena umeentzat! Larrialdi batetik bestera bitartean duten denbora zelan pasatzen duten ere esan ziguten, kirola egiten, sukaldatzen... Makinaria martxan Oso ekintza interesgarria eta didaktikoa izan zen eta aukera izan genuen suhiltzaileen lana zuzenean ezagutzeko. Beno, ez pentsa haiekin atera ginela sute bat itzaltzera, baina halako kasuetan zelan egiten duten azaldu ziguten, hartu behar dituzten segurtasun-neurriak eta abarrekoak. Aholku batzuk ere eman zizkiguten eta etxean suterik sortuz gero, zelan itzali behar dugun esan ziguten; eta sutea oso handia bada, zeintzuk diren jarraitu beharreko pausoak. Pozik baino pozago atera ginen suhiltzaile-parketik, izandako esperientzia hizpide genuela. Eta hori errepikatu behar genuela atera genuen ondorio. Era berean, martxan jarri genuen makinaria berriro eta otsailerako zer antolatzea hasi ginen pentsatzen. Ba, sagardotegi sasoiari eman zaio hasiera eta, beraz, ez dugu zail izan. Axpe Markinako sagardotegira joango gara otsailaren 22an AEK euskaltegikoekin batera. Izen ematea otsailaren 18ra arte egin daiteke. Eta artea gustatzen zaigunez, Bilboko Arte Ederren Museora ere joango gara Markus Lüpertz alemaniarren lana ezagutzera. Oraingo honetan, umeak etxean utzi behar.