100 urteko Pantxikeak

Aikor aldizkaria 2014ko ots. 24a, 10:55

Pantxike Sangroniz sondikoztarrak 100 urte bete zituan urrian, eta Pantxike Zarate zamudioztarrak, urtarrilean. Biak, Pantxike biek, 100 urte. Sondikako eta Zamudioko Udalek, hurrenez hurren, omenaldi bana egin eutsien eta Aikor! aldizkariak bakotxaren historia ezagutu gura izan dau. Pantxike Sangronizek bizitza osoa emon dau leku berean. Gaur egun, Aresti bidean bizi da, Sondikan, udaletxearen atzean. Pantxike beste baserri baten jaio zan, baina hori gertu-gertu egoan bere gaur egungo etxetik. “Etxe zaharrean ez eben ez argirik, ez urik. Nerabea izan arte, amak ez eban argirik ezagutu etxean. Eta komuna etxean jarri ebenean be sekulako poza hartu eban”, esan deusku Rosik, bere alabak. Alkarrizketea egin dogun egunean Pantxike ez da bape fin ibili. Beraz, Rosik eta Abel bilobeak lagundu deuskue Sondikako andrearen bizitzea ezagutzen. Txikitan, Pantxikek amagaz banatuten eban esnea Lorurin, Bilbon, eta amak itxi ebanean, Pantxikek hartu eban lekukoa. “Batez be esnea saltzen eban, baina sasoiaren arabera, baita bendejea be, hau da, baserriko ortuan landatzen ebana: sagarrak, madariak, letxugak, erremolatxak, arbiak...”. Pantxike trenez joaten zan Bilbora, Olako geralekuan trena hartuta. Asto batek laguntzen eban zama eroaten. “Garai hatan, bagoi bi egozan bidaiarientzat, eta beste bi, baserritarrentzat. Trenak ohiko bidaiariak ailegau arte itxaroten eban (kar, kar)”. Pantxikek goizez egiten eban banaketea. Arrastian, barriro etxera lurra lantzeko eta animaliak jagoteko. “Oso bizimodu gogorra euki dau amak, batez be animaliak eukiteagaitik. Egunero jagon behar dozuz, ez dago jairik, ez ezer. Etxeko beharrak be oso gatxak ziran. Esate baterako, bogadea egiten eben, hau da, errekan erropea eskuz garbitu”. Gogorra baino gogorragoa Gerra Zibila izan zan. 25 urtegaz harrapau eban Pantxike. “Bonbak mendi batetik bestera pasetan ziran euren gainetik. Behin, baserritar guztiek zulo baten sartu behar izan eben bonbardaketea bukatu arte. Eta batzuetan, trenetik entzuten ziran Derion egiten ziran fusilamentuak”. Gerra gatxa izan zan, baina beste leku batzuetan, askoz gatxagoa. “Etxean ogia eta taloa egiten genduzan, eta inoiz ez ginan gose izan. Bilbon, aldiz, izugarrizko miseria ikusi eban amak. Batzuetan bezeroei talo zati bat edo esne apur bat gehiago emoten eutsen”. Pantxikek 25 urte zituala, Abel Ibarrondogaz ezkondu zan eta Rosiz gain, beste alaba bat euki eben, Mari Carmen. Familia osoa baserrian bizi da, eta gaur egun Rosik bertan dau ule-apaindegia. Pantxikeren senarra 2001ean hil zan, 83 urte zituala, eta azken urteotan, gaixorik ibili zanean, Pantxikek berak jagon eban. Energiaz betetako emakumea izan da, baina azken bost urteotan makalago dabil. “Lehen berak egiten euskun bazkaria, ortuan ibilten zan lanean... Gaur egun, lantzean behin, burua galdu egiten dau eta lagundu behar deutsagu ibilten, baina oro har esango neuke osasuntsu dabilela”. Alkarrizketea egin dogun bitartean telebista biztuta egon da. Pantxikeri halan gustetan jako gaurkotasunaren barri euki gura daualako. “Egun batzuetan ez nau ezagutzen, beharbada, baina edozein momentutan daki nor dan Mariano Rajoy (kar, kar)”. Goiorre baserrikoa Pantxike Zarate Aranoltza auzoan jaio zan, Goiorre baserrian, baina 26 urte zituala Sandoni auzora ezkondu zan. Juan senarragaz lau alaba euki zituan: Mari Carmen, Mari Angeles, Maite eta Mila. Era berean, Pantxikek sei biloba eta sei birbiloba ditu. Gaur egun, Zamudioko andrea Maria Angeles alabagaz bizi da eta beste alabek ama jagoten laguntzen dabe. Pantxike Zaratek be bizimodu gogorra eroan dau baserrian. “Behar asko eta zama handiak”, esan dau. “Goizeko 4etan altzaten ginan eta kortara joaten ginan animaliei jaten emotera. Geroago, goizeko 5etan gelditzen nintzan beste baserritar batzuakaz Bilbora alkarregaz joateko. Beti oinez joaten ginan eta guztira ordu eta erdi emoten genduan. Zamea Bilbon saltzen genduanean, astoz etorten ginan etxera”. Pantxike 10 urtegaz hasi zan Bilbora joaten, astoaren atzetik. “Ibilpidea egiten genduan hainbat kaletatik eta bezeroei esnea eta barazkiak saltzen geuntsezan. Betiko bezeroek dana erosten ez baeuskuen, Erriberako merkatura eroaten genduan bertan saltzeko. Bazkaltzeko ordurako etxean gengozan barriro. Arrastian, ortuan egiten genduan behar, hurrengo egunean Bilbora bendejea eroateko”. Pantxikeren sekretua familia da. Izan be, gehienek bizitza luzea euki dabe. Bere amama 105 urte zituala hil zan, eta bere izekoa, 103 urte zituala. Mari Angelesi be luze bizi izatea gustauko litxakio, baina ez edozein modutan. “Zure kabuz gauzak egin ahal badozuz, bai, baita 200 urte bete arte be bizi gurako neuke; bestela, ez. Askotan esaten deutsat amari... Txarto banago, nork jagoko nau, ba? Nire alabak? Berak be seme-alabak ditu eta lanean dabil...”. Pantxikek bizimodu nasaia daroa gaur egun: 9:00etan altzaten da; 12:30erako bazkaltzen dau; 13:00etik 16:00tara bitartean lo-kuluxka egiten dau eta 20:30erako ohean dago barriro. Egunean zehar telebistea ikusten dau, batez be TVE-1. “La uno eskatzen deust beti”, dino Mari Angelesek. Ohiturearen indarra. Osasunari jagokonez, gor dabil, eta bederatzi pilula hartzen ditu egunean bere gorputza orekatzeko: bihotzekoak, azukerea kontroletako... Alabearen esanetan, dana egin behar jako, bere kabuz ezin da mobidu, ez ezer. “Jatea da bere kabuz egiten dauen gauza bakarra, eta lar jaten dau, egia esan”. “Platerean dagoana jaten dot”, defendatu da Pantxike. Dana dala, oro har ondo dago, Mari Angelesek aitatu deuskun moduan. “Baditu gorabeherak, baina 100 urtegaz nork ez dau ezer? Tira, 100 urte ez dira alperrik pasetan”.