Ezkongaiek hilabete asko, urtebete baino gehiago ere, ematen dituzte beren ametsetako ezkontza prestatzen. Egun horretan dena perfektu ateratzea nahi dute eta estres-maila altua izaten da. Erabakiak hartu behar direlako hainbat detaileren gainean: emaztegaiaren soinekoa eta senargaiaren trajea, orrazkera, ezkontza-eraztunak, loreak, jatetxearen dekorazioa, menua, gonbidatuen zerrenda, musika, oparitxoak, bidaia... Lan nekagarria da fisikoki zein mentalki. Baina ezkontza bat antolatzea ez da ez hain zaila ez hain erraza. Nahiz eta askotan sorpresak ekartzen dizkigun. Egin behar duguna da adituengana jo eta haien aholkuez baliatu.
Orrazkera eta edertasun-zaintzak
Emaztegaiaren orrazkera aukeratzeko orduan, alderdi bi hartu behar ditugu kontuan: ezkontzan eramango dugun soinekoa eta, noski, gure estiloa eta gustua. Eta bakoitzak bere gustua duen arren, egia da orrazkerari lotutako tendentziak aldatzen ari direla urte batzuetatik hona. Hala, lehen emaztegai gehienek ile bildua nahiago bazuten, orain modan dago ilea era informalago batean eramatea. Ile-sorta bakoitza bere lekuan, baina era naturalean.
Makillajeari dagokionez, hori ere naturala izan behar da, neutroa. Onena gure estilistaren esku ipintzea da. Berari esatea nolakoa den gure soinekoa, zeintzuk diren gure gustuak, zer islatu nahi dugun ezkontza egunean... eta berak lagunduko digu gure zalantzak argitzen eta hobeto datozkigun orrazkera zein makillajea aukeratzen.
Gainera, ile-apaindegi eta edertasun-zentro askok bonoak eskaintzen dituzte eta haien barruan hainbat zerbitzu izaten dira: orrazkera eta makillajea eta haiei lotuta dauden probak, solariuma, edertasun-zaintzak, manikura, pedikura, gorputz-peeling-ak, presoterapia... Bonoak gure beharrizanen edo gustuen arabera ere osatu daitezke. Izan ere, aspaldi honetan orrazkerari eta makillajeari ez ezik gorputzari ere eskaintzen ari zaio arreta berezia, ezkontza egunean eder egoteko eta gustura sentitzeko.
Emaztegaiez aritu gara, baina senargaia bagara, guk ere zaindu behar dugu gure irudia ezkontzari begira. Adibidez, edertasun-tratamenduren bat egin dezakegu, eta ezkontza egunean bertan gure orrazkerari edo ile-mozteari txukuntze batzuk eman. Makillajea kontuan hartu beharreko beste alderdi bat izan daiteke, batzuek bizarraren hasiera disimulatzeko erabiltzen dutelako. Gure estilistaren aholkua ezinbestekoa izango da, gu ere ondo sentitzeko.
Loreak
Lore-sorta ere soinekoaren eta gure gustuen arabera aukeratu behar dugu. Emaztegai gehienek bouquet estiloko lore-sortak nahiago badituzte ere, ausartagoak direnak eta beste forma modernoago batzuen aldeko apustua egiten dutenak ere badaude. Hori bai, emaztegai bakoitzak bere lorerik kutunena badu ere, arrosak, kalak eta orkideak beti daude modan.
Ezkontzaren beste lore-detaile guztiak ere, hala nola autoaren apaingarriak, zeremoniako loreak eta eztei-oturuntzan mahai erdian ipiniko diren lore-zentroak, gure lore-sortaren arabera aukeratu ahal ditugu, haien artean harmonia sortuz. Trajearen papar-hegalean lore bat edo beste detaile bat eramatea senargai bakoitzaren erabakia da, baina lore bat ipintzea erabakitzen bada, komenigarria da emaztegaiaren lore-sortan inspiratuta egotea.
Lore bakoitzak bere esanahia duela diote, eta haien koloreek gauza ezberdinak adierazten dituztela. Horregatik oso inportantea da gure lore-sorta oso ondo aukeratzea. Lore munduan adituak lagunduko digu erabakiak hartzen eta gure ezkontzari giro paregabe eta zoragarria ematen.
Eraztunak
Egiptoko Antzinako Inperioko III. dinastia lehena izan zen atzamarrerako eraztun bat erabiltzen. Egiptoarrentzat zirkuluak ez zuen ez hasierarik ez amaierarik, eta beraz, mugagabea zena adierazten zuen; hau da, betikotasuna. Eta ezkontzaren konpromisoak neurri batean hori adierazten zuen: betikotasuna.
Ezkontza-eraztuna ezker eskuko hirugarren atzamarrean ipintzeko ohitura grekoekin hasi zen. Haien ustez, “maitasunaren zaina” hirugarren atzamarretik bihotzera zihoan zuzenean. Baina erromatarrak izan ziren hirugarren atzamarra zein zen zehatz-mehatz adierazi zutenak: hatz txikiaren aurrekoa.
Gaur egun, eraztunek ezkontza ospakizunetan protagonismo handia izaten jarraitzen dute, beren sinbologia eta esanahiagatik. Ohikoak urre horizko eraztunak dira, baina bikote gehienek eraztun modernoagoak nahiago dituzte: urre zurizkoak edo urre arrosakoak, edo euren artean konbinatuak. Lisuak izan daitezke, landuak, brillanteren bat eduki... Eraztunek ere gure izaera eta estiloa adierazi beharko dituzte eta horien arabera pertsonalizatuko ditugu. Nolanahi ere, tendentzia apur bat zabalagoak egitea da, 5-6 milimetroak.
Autoa
Bikote bakoitzak nahi duen moduan azal daiteke zeremoniara eta eztei-oturuntzara: autoz, motorrez edo oinez ere bai. Gainontzeko guztiarekin gertatzen den bezala, hori bakoitzaren gustuaren, nahiaren eta estiloaren arabera aukeratuko da. Baina gure ezkontza aukera ona izan daiteke kapritxo bat eman eta luxuzko auto bat edo auto klasiko bat alokatzeko. Jaguar edo Rolls-Royce, esaterako. Mota horietako autoak akuran dituzten enpresek gidaria ipintzen dute gure esku, etxera gure bila etorri eta zeremonia egingo den lekura eramateko. Eta handik argazki-erreportajea egitera, eta ostean, jatetxera.
Argazki-erreportajea
Ezkontza prestatzen hilabeteak ematen baditugun arren, eguna berehala pasatzen da. Argazkiak ezkontzaren oroitzapen iraunkorra dira eta aukera emango digute momentuak gogora nahi beste ekartzeko. Horregatik oso inportantea da ezkontzaren argazki-album ona izatea. Aro digitalak hamaika aukera ematen dizkigu, hala ere, ezinbestekoa da argazkilariari zein motatako albuma nahi dugun adieraztea, guretzat inportantea zer den eta garrantziari zeri eman nahi diogun. Eta batez ere erlaxatu eta bere profesionaltasunekin fidatzea.
Tradizioz, argazkiak ezkontza egunean bertan egin dira, zeremonia eta eztei-oturuntzaren arteko tartean. Baina gaur egun, gero eta bikote gehiagok ezkontzaren aurretik edo ostean egiten dute argazki-saioa. Hala, lasaiago egon daitezke eta denbora luzeagoa dute gonbidatuekin egoteko. Eszenatokiak ere aldatu dira eta bikoteek leku ausartagoen alde egiten dute. Izan ere, lantegi abandonatuek edo txatartegiek ere badute bere xarma eta, hondartzak edo lorategiak bezala, haiek ere leku erromantikoak bihurtu ahal dira. Are gehiago, bikote batzuek bidaia merkeak topatzen dituzte eta argazkilaria Parisera edo Karibera eramaten dute, argazki-erreportajea bertan egiteko.
Beste aukera bat izan daiteke gure gustuen araberako gai bat aukeratu eta argazkiak horretan oinarrituta egitea. Animaliek inguratuta, musika jotzen, pelikula bateko pertsonaiak izango bagina moduan... Gure erabakia bata edo bestea dela, ezinbestekoa da gure argazki-albumean inoiz ahaztu nahi ez ditugun momentu horiek egotea.
Eztei-otoruntza
Gastu handiena ekarriko diguna da eta, beraz, zentzuz aztertu beharko ditugu hainbat alderdi jatetxe bat edo bestea aukeratu baino lehen. Gure aurrekontua erabakigarria da horretarako; hala ere, krisialdiaren ondorioz jatetxe gehienek esfortzu handia egin dute menuen prezioa ahalik eta gehien egokitzeko. Ingurua ere hartu beharko dugu kontuan, leku zabala den, zenbat gonbidatu edukiko ditugun, dekorazioa gustatzen zaigun, mahaiak eta aulkiak zelan atonduko diren... Menuei dagokienez, jatetxeek proposamen batzuk dituzte eta haien osaketa ezkonberrien gustuen eta beharrizanen arabera egiteko aukera ere ematen dute. Umeentzat eta dieta berezia duten pertsonentzat dituzten aukerez galdetzea ere inportantea da, gonbidatu guztiak gustura sentitzeko.
Era berean, gomendagarria da beste detaile batzuk buruan edukitzea: ongietorri-koktela eskaintzen duten, doako barra, musika edo orkestra ipintzen duten, diskoteka duten eta hori zein ordura arte erabili ahalko dugun, ezkonberriei doako ostatua eskaintzen dieten... Eta aurreztu nahi badugu eta zein egunetan ezkontzeak berdin badigu, galdetu ahal diegu eskaintza berezirik duten, adibidez eztei-oturuntza bariku edo domeka batean egiteagatik. Eztei-oturuntza eguneko momenturik inportanteenetarikoa izango da eta profesionalen esku utzi beharko dugu.
Pastelak
Jatetxeek haien menuen barruan eztei-pastela eskaintzen badute ere, nahi badugu, tarta pertsonalizatu bat eskatu ahal dugu enkarguz. Nahi dugun zaporezkoa eta nahi dugun formakoa. Era berean, keinu polita da gure ezkontzara etorri ezin direnak edo gonbidatu ezin ditugunak gogoratzea eta pastelak bidaltzea.
Txorierrin, non?
Argazkigintza
Oskarbi fotografoak
Telleri kalea, 3, Zamudio
94 452 00 14 / 607 40 00 078
Autoak
Nire Autoocasion
Gernikako arbola, 10 (atzealdea), Derio
94 454 51 92 / 686 97 06 41 / 649 16 77 12
Bitxitegiak
Ruben bitxitegia
Lehendakari Leizaola plaza, 5, Zamudio
94 452 14 49
Gozotegiak
Iratxo
Mikel Zarate, 2-5 (lonja), Sondika
94 645 89 19
Ile-apaindegiak eta edertasun-zentroak
Amar ile-apaindegia
Uribe plaza, 1 behea, Zamudio
94 452 04 19
Ane ile-apaindegia
Goiko kalea, 2 behea, Derio
94 454 35 80
Galaisa estetika eta ile-apaindegia
Sabino Arana, 1-3, Sondika
94 453 04 85 – 94 471 10 51
Goizalde pelukeria-estetika
Anguleri, 2 behea, Larrabetzu
94 455 81 44
Leire Begoña ule-apaindegia
Mungialde etorbidea, 20, Derio
94 454 26 32
Maria Antonia Llodio ile-apaindegia
Txorierriko etorbidea, 6, Zamudio
94 452 02 70
Zuriñe Bilbao estetika-zentroa
Anguleri 2, Larrabetzu
94 455 81 44 / 650 94 70 57
Jatetxeak eta hotelak
Aramendi erretegia
Arteaga auzoa, 119
94 452 11 58
Aretxarte hotel-jatetxea
Teknologia Parkea, 200, Zamudio
94 403 69 00
Erreka ondo jatetxea
Arteaga 80, Zamudio
94 452 14 19
Gaminiz jatetxea
Ibaizabal, 212 –Teknologia Parkea, Zamudio
94 431 70 25
Goiko taberna
Garaioltza auzoa, 1, Lezama
94 455 41 10
Lejarrene jatetxea
Garaioltza auzoa, 102, Lezama
94 455 65 46
San Isidro
Mungialde etorbidea, 25, Derio
94 454 07 98
Loradendak
Liliak loradenda
Erdiko kalea, 2, Derio
94 454 12 23
Yedra floristas
Mikel Zarate, 2, Sondika
94 453 14 57