“Herri bat, mila aurpegi” argazki erakusketa apirilaren 6ra arte egongo da ikusgai Sondikako sei taberna hauetan: Geltoki, Tindaya, Aterpe, Ordago, Txamo eta Batzokia. Erakusketa Atomika irudi enpresak egin du, Sondikako Inauterien batzordearen laguntza eduki duela. “Inauteriak herriko jairik inportanteenak dira, baina bukatzen direnean, egindako lan guztia albo batera gelditzen da. Beraz, pentsatu genuen aukera ona izan litekeela lan hori jendeari erakusteko”.
Taberna bakoitzean 10 argazki ipini dira ikusgai eta bertan aurtengo Inauterietan harrapatutako momentuak azaldu dituzte. “Argazki horiez gainera, albumak ere itxi ditugu tabernetan. Jendeak bere burua bilatu ahal du album horietan eta argazkia erosi”. Orotara 230 argazki batu dira albumetan.
Argazkilariak ez dira egun bitan argazki-kameratik urrundu eta, esandakoaren arabera, oso erantzun ona eduki dute herritarrengandik. Denak agertu dira prest argazkian ateratzeko. Emaitzaren lagin bat orri hauetan duzue.
Erakusketaren egileak:
“Badugu balio erantsi bat: euskara”
Aimar Ruizek, Unai Gonzalez de Langarikak eta Jon Goikouriak Atomika irudi enpresa sortu dute arestian. Gazteek hiru arlotan eskaintzen dituzten beren zerbitzuak: diseinu grafikoa, argazkigintza eta bideogintza. Besteak beste, lan mota hauek egiten dituzte: txartelak diseinatzea, irudi korporatiboa, pertsonen zein produktuen argazkiak, bideoklipak, spotak... Laster web diseinuan eskarmentua duen beste lagun bat batuko da lantaldera. “Produktu profesionalak eskaintzen ditugu ahalik eta kostu baxuenean. Izan ere, ikus-entzunezko produktuen kostuak oso handiak dira normalean eta guk hori demokratizatu nahi dugu. Hasteko, zerbitzua enpresa txiki eta ertainei emateko ideia dugu eta ondoren ikusiko dugu noraino heltzen garen”.
Gazteak dira, baina prestakuntza handia dutenak. “Bakoitzak eskarmentua du bere esparruan eta ganorazko lanak egin ditugu, bermea ematen digutenak”. Hala ere, une latzak dira gaur egungoak eta, azaldu diguten moduan, aspaldi honetan arazoak eduki dituzte ikasitakoa garatzeko. “Enpresa horrexegatik sortu dugu, lan bilduma polita eta osatua izateko eta besteek gure lana ikusteko”. Enpresa asko dira irudi eta komunikazio arloan dihardutenak, baina, beren esanetan, Atomikak badu balio erantsi bat: euskara. “Euskaraz ere lan egiten dutenak ez dira asko eta gu hirurok euskaldunak gara eta, beraz, ez dugu arazorik euskaraz komunikatzeko. Ezta gazteleraz eta ingelesez aritzeko ere”.