Kendu ditu banan-banan zidarrezko apaingailuak, baina eskanerretik igarotzerakoan pi, pi, pi, entzun da. Atara arren garrikoa, pi, pi, pia barriro. Erantzi dau bularretakoa eta pi, pia orain be. Katxeatu egin behar dauela kartzelazain batek. Ostireko be ezetz! “Gurago bisitarik barik” -dino amorruz. Esku-eskanerra ekarri dau beste kartzelariak. Fraka bakeroetako errematxe metalezkoak izan dira pi-pigileak. Tarte horretan lerroko kitanuak erdal marmarrean. Igaro gara atzenean lokutorioetara.
Jaiotetxetik espetxeraino joan dan neskatila, ama da, hamar hilabeteko neskarena. Presondegikoaren sendikoa da. Zortziehun kilometroko bidaia egin dau.
Amaitu danean bisita kristal osteko mutilagaz, itzulerako bidea egiten hasi gara. Neskeak mugikorra oraturik, laster baten zabaldu dau albistea dozena erdi ezagunen artean: “Guapo-guapo topau dot!”; “Txokoko bazkarian izateko bera be gogoan; “Ea neska-lagun bat berarentzat non topau leiteken...”.
Auto arinaren abiada, kilometro luzeek bihurtzen dabe astun etxeranzko errepidean, Torquemada parean. Halako uneetan astia izaten danez bihotza asaskatzeko, egin egin dogu: Giltzaperatuaren ama, ahizta, neba, zergaitik ditu estatuak arerio? Nongo erakundek erabagi dau neba-arrebak, senideak edo ahaideak zigortzea? Zein arrazoirengaitik ez dabez errespetatzen legeak, agintariek eurek idatzirikoak?
Herrira ailegatzean, mosu pare bana emon deutsaguz ama gazteari eta zoriondu kartzeleroen probokazinoan jausi ez dalako. Berak eskerrik asko.