Xabier Montoia, Azken afaria, Susa, 2013
Hurreko kontuak dakartza Montoiak bere “Azken afaria” liburuan, hurreko denbora aldetik eta hurreko espazio aldetik. Fikziora eroan ditu horiek Montoiak, baina benetakoak direla ematen du. Sarritan gertatu baitira horrelakoak gurean. Gehiegitan akaso.
Lau zati ditu liburuak, narratiboki laurak ezberdinak. Hasierakoan elkarrizketa bizien bidez irakurleak aurrera egiten du ia konturatu barik. Bigarren zatia, berriz, kazetaritza ematen du. Kronika bidez kontatzen du istorioaren mamia. Arin eta gordin. Hirugarrenean, ordea, aldaketa dator: bakarrizketa luzea dakar zati honetan egileak. Larritasuna transmititzen du, minak eragiten duen larritasuna. Eta laugarrenean, berriz, istorioaren troinua askatzen da.
Esan dudan legez, hurreko istorioetan barrena egindako bidaia da. Erruki barik azken urteotako gure miseriak agerian uzten ditu Montoiak. Atzamarra zaurian sartzen du behin eta berriz, latza baita istorioa (latza da ere errealitatea, zoritxarrez).
Joku politikoetan muturra sartu du Montoiak. Eta zikindu da, zikindu behar zelako. Beharrezkoa zelako. Ezinezkoa da liburuan aipatzen diren gai arazotsuak zikindu barik aipatzea. Baina dotore egin ditu egin beharrekoak. Fikzioak ematen dituen arrakalak erabili ditu horretarako. Eta gaia gordina izan arren, gozo irakurtzen da liburua, minak eman dezakeen gozotasun apurrarekin. Gure arteko gorrotoak eta ezinikusiak ederto marraztu ditu, garratzak eta mingotsak izan arren.
Kale borrokaren aurrean eta atzean sarritan ostendu egiten diren kontuak azalera ekarri nahi izan ditu Montoiak. Nire belaunaldiko askok oso hur bizi izan dugu liburuko istorioa. Lagun eta ezagun askori gertatu zaizkio antzerakoak. Balio dezala fikzioak horrelakorik berriro ere ez gertatzeko.