Argazkiak: Gotzone García.
Lagatzu euskera alkarteak Maskarada bat antolatu dau maiatzaren 10erako, Santutxuko Gaztedi dantzari taldearen laguntzeagaz.
Maskaradea Zuberoan egiten dan jarduera kultural bat da, haren bitartez herrietako gazteak alkar ezagutzeko aukera ezinhobea izaten dabe. Urte bakotxean herri bateko gazteak arduratzen dira Maskaradea antolatzeaz, eta urtarriletik maiatzera arte emonaldiak egiten dabez gonbidatzen dabezan herrietan. Emonaldi guztiak ez dira bardinak izaten; kontakizunak aldatzen dabez dagozan herrira egokituz. Zerbait barregarria edo kritikagarria gertatu bada, horren barri be emoten dabe, bertsotan zein euren esanetan. Kontakizun horreei predikuak esaten jake. Iñaki Astorkiza Lagatzuko kidea eta Amaia Angulo Gaztedi dantzari taldeko dantzari ohia holan hasi dira maskarada bat zer dan azaltzen:
“Maskaradak zati bi dauz: goizean barrikadak egiten dira; eta arratsaldean, ofizioak”. Herrian gura beste barrikada ipinten dira eta herritarrek han egiten deutsee harrerea kanpotik datozanei. Horretarako, kantak, dantzak, jolasak... erabilten dabez. Kanpotarrek dantzak bertsoak egiten dabez. Eta halan, herrian dagozan barrikada guztietan. “Kanpotarrek barrikada guztiak gainditu behar dabez, plaza nagusira ailegaten diran arte. Plazan herritarrak daukiez zain, eta dantza egiten dabe (jauziak) guztiek batera. Plaza hori arratsaldeko saioa egingo dan lekua izaten da”. Barrikada bakotxean jan-edana eskaintzen dabe bertokoek.
Gorriak eta baltzak
Arratsaldean ofizioen txandea da. Talde bi dagoz: gorriak eta baltzak. Gorriak dantzari onak dira, trebeak eta ondo jantziak (Aitzindariak, Jauna eta Anderia, Laboraria eta Laborarisa, Marexalak, Kherestuak, Kukuileroak,). Baltzak, ostera, lohiak, zaratatsuak... (Zorrotzak, Buhameak, Kauterak, Medikua...). Bakotxak saio bat egiten dau bere ofizioaren gainean eta antzezpen horretan kantak, dantzak, bertsoak... buztartzen dabez. Herriko pasadizuak edo predikuak ijitoen erregea dan Buhame Jaunak eta Kabana Handiak, kauteren nagusiak, kontetan dabez.
Zamudion, Lagatzu euskera alkarteko kideek konbidatu dabez Gaztedi taldeko dantzariak Maskaradea egitera. “Zuberoan egiten dan moduan egingo dogu. Ezbardintasun bakarra hizkuntza izango da. Han zuberera erabilten dabe, eta guk bizkaierea erabiliko dogu. Kherestuek bearnesez be egiten dabe Zuberoan; Zamudion galegoz ibiliko dira Gaztediko kherestuak.
Azaldutakoaren arabera, eta ale hau itxi ondoren aldaketarik ez badago, bost barrikada egongo dira: lehenengoa, Leizaola Plazan; bigarrena, Pago kalean; hirugarrena, Fernan Gorbeia kalean; laugarrena, Agirre Plazan, eta azkena (Plaza Hartzea) arratsaldeko ekitaldia egingo dan lekuan, Eskola Zaharretako patioan.
Esan dogunez, arratsaldeko ekitaldia Eskola Zaharreko patioan egingo da aterri bada; edo frontoian, euria izan ezkero.
“Barrikadetan Bertoko, Hiru bat dantza taldea, Zamudioko Kamara Korala eta Lagatzuko kideak egongo dira. Barrikaden ostean eta arratsaldean herriko jendeak parte hartu ahal izaten dau dantza batzuetan. Horretarako Hiru bat dantza taldeak entseguak antolatu ditu herritarrontzat.
Goizeko saioa 12:00etan-edo hasiko da eta arratsaldeko saioa 17:00ak inguruan.
Iparraldeagaz lotura
Urtero moduan, Lagatzuk Euskal Astea antolatu dau maiatzaren 8tik 11ra bitartean eta
Maskaradea haren barruan egingo dabe, hilaren 10ean, hain zuzen be. “Alkartea sortu genduanetik helburutzat hartu genduan Iparraldeagaz dogun loturea estutzea. Eta urtero urtero egiten dogu bidaia bat hara. Heletara joaten gara, eta handik Maskaradea ikustera edo Nafartarren Eguna ospatzera Baigorrira.
Gaztedi dantzari taldekoek Maskaradea antolatzeko proposamena egin deuskue aurten, eta pentsau genduan modu egokia zala Iparraldea gurera ekarteko”.
Gaztedi dantzari taldeak orain dala 20 urte egin eban lehenengo aldiz Maskaradea Santutxun, eta joan dan otsailean barriro antolatu dabe. “Oso arrakastatsua izan zan; plaza jentez ganezka egon zan. Zuberoako lagunak batzuk be etorri ziran eta harrituta gelditu ziran. Hain harrituta, ze datorren ekainean hara joateko gonbitea egin deuskue. Bai, bai, Maskaradea Zuberoan geuk egitera”. Zamudioko Maskaradea be oso arrakastatsua izatea espero dabe antolatzaileek. “Konfiantza handia dogu Zamudioko herrian, eta Txorierrin. Jentetza etorriko dala uste dogu, eta pozik lotuko dirala”.
Halanda be, Txorierrin Maskarada bat egiten dan lehen aldia ez dala aitatu deuskue. “Urdiñarbekoek orain dala ia 40 urte inguru egin eben Larrabetzun. Baina hau hemengo talde batek egingo dauan lehen aldia izango da, eta uste dogu urteetan gogoratuko dala Zamudion Maskarada bat egin zala”.