Gaizka Garitano l Eibar futbol taldeko entrenatzai

Aikor aldizkaria 2014ko eka. 12a, 11:05

t: Gaizka Eguzkitza / a: ...eta kitto! aldizkaria

Bai, amets egiten jarraitu nahi dute Eibar futbol taldeak eta bere entrenatzaileak, Gaizka Garitano derioztarrak. Izan ere, aurten Lehenengo Mailara igotzea lortu dute, nahiz eta kategoriako aurrekonturik txikiena izan. Zorionez, futbolean mirariak gertatzen dira batzuetan, eta Gaizka horren protagonistetako bat dugu. Zorionak, Gaizka. Zer ekarriko die igoerak klubari eta herriari? Eskerrik asko. Igoera historikoa da Eibar taldeak Lehenengo Mailan lehendabiziko aldiz jokatuko duelako. Igoerak oihartzun handia izango du, eta ondorioz, jendeak jakingo du non dagoen Eibar, bai Estatuan, bai Europan. Horrelakorik espero zenuen denboraldi hasieran? Ez dakit. Oso ondo hasi ginen eta jendeak esaten zuen ez geniola erritmoari eutsiko, baina ez zen horrelakorik gertatu. Jokalariek oso lan txukuna egin dute bukaerara arte eta azkenean igoera ez ezik, Liga ere lortu egin dugu. Zeintzuk izan dira gakoak? Defentsa izan da batez ere gure indarra, baina erasoan ere fin ibili gara, aukera asko sortu ditugulako eta gol asko sartu ditugulako. Nahiko talde orekatua eta lehiakorra izan gara. Aurtengo taldea eta iazkoa, Bigarren B Mailan ibili zena, antzekoa izan da. Zelan da hori posible? Konfiantza handia nuen eurengan, eta aurten jarraipena eman diogu talde polit horri, eta jokalari berri gutxi fitxatu ditugu. Jokalariek agerian utzi dute gazteak direla, baina etorkizun handia dutela. Iaz Bigarren B Mailatik Bigarren Mailara; eta aurten Bigarren Mailatik, Lehenengo Mailara. Zein igoera izan da zailena: iazkoa ala aurtengoa? Biak izan dira oso zailak. Bigarren B Mailan 80 talde daude Estatuan eta bakarrik lauk lortzen dute igoera. Iaz, Bigarren B Mailan geundenean, aurrekontua jaitsi arren, igotzea lortu egin genuen. Eta aurten Liga bukatzeko aste bi faltatzen zirenean lortu dugu helburua. Bitxia da: iaz Noja eta Peña Sport taldeen kontra jokatu genuen eta datorren urtean, Bartzelona edo Real Madrilen kontra. Aldaketa izugarria. Igoeraz aparte, beste sari bat ere lortu egin duzue, Bigarren Mailako txapela. Txalotzekoa, benetan! Oso garrantzia handia ematen diot txapelari, lehenengoa izatea zerbait historikoa baita. Pentsa ezazu Zaragoza, Mallorca, Las Palmas edo Coruñako Deportivoren kontra ibili garela lehian. Gure aldean oso talde handiak izan arren, geu izan gara lehenengoak. Gainera, titulua da eta hori polita da. Eibarren betiko ezaugarriak hauek dira: pase luzea, atzean sendo... Aurten, aldiz, beste era batean jokatzeko gauza izan zarete. Nolako garrantzia ematen diozu horri? Niri irabaztea gustatzen zait, eta horretarako lehiakorra izan behar duzu. Irabazteko, bide ezberdinak daude, eta hori ere bada garrantzitsua. Guk agerian utzi dugu defentsan gogorrak izan garela, baina erasoan ere bai. Eta datorren urtean, zer? Datorren urtean saiatuko gara talde lehiakor bat osatzen, nahiz eta baliabide ekonomikorik ez izan. Bigarren Mailan aurrekonturik txikiena geurea izan da aurten; imajinatu Lehenengo Mailan... Urtea disfrutatu behar dugu, baina lehian sartzen: ez dugu urtea pasatu behar eta gero zulora joan, ez. Saiatu behar gara talde on bat osatzen eta hiru talde gure atzetik uzten, mailari eusteko. Ni, betiko moduan, baikorra naiz; badakit zaila izango dela, baina orain arte gauza zailak ere lortu egin ditugu, beraz, zergatik ez dugu amets egiten jarraituko? Kirol-batzorde Nazionalak kapital-gehikuntza egitera behartu du Eibar taldea, Lehenengo Mailan jokatu ahal izateko. Zelan daramazue? Arduratuta gaude. Dirua lortzen ez badugu, Bigarren B Mailara goaz, eta hori azken 50 urteotan futbolean egiten den injustiziarik handiena izango litzateke. Eibar taldeak ez du zorrik eta egunean ordaintzen du. Ez dakit zenbat taldek esan ahal duten hori. Agian bakar batek ere ez. Baina egin behar dugu eta egingo dugu. Baikorra naiz. Gaizkak arantza kendu du Eibar taldearen eta Garitanoren ibilbideek bat egin dute behin baino gehiagotan. Derioztarrak lau urte eman zituen jokalari talde gipuzkoarrean. Garai hartan, 2005. urtean, Gaizka kapitaina zen Lehenengo Mailara igotzeko zorian egon zirenean. 2009. urtean Eibarren bertan hasi zen entrenatzen eta sei urte pasatu eta gero, Gaizkak arantza kentzeko aukera izan du, eta inoiz lortu duen garaipen nagusia eskaini dio klubari. Garitanok eskarmentu gutxi du aulkian, baina ibilbide paregabea du, azken bi urteotan igoera kontsekutibo bi lortu baititu. Hala ere, egunetik egunera bizi da. “Ez dut epe luzera pentsatzen. Bakarrik momentua disfrutatzea. Ez diot neure buruari mugarik edo helbururik jartzen. Entrenatzaile naizenetik, gauzak urtero atera zaizkit ondo. Suerte handia eduki dut”. Gaizka lasaia eta zentzuduna da, eta ziurrenik etxean irakatsi diote futbola egun batetik bestera aldatzen dela. Izan ere, osaba, Ander, Athleticen jokalari ohia da; eta aitak, Angelek, Ondarruk, hainbat urte eman ditu entrenatzaile Maneren alboan. “Askotan futbolaz hitz egiten dugu. Nik baino eskarmentu handiagoa dute eta euren gomendioak entzuten ditut”. Eta ez duzu inoiz eurekin entrenatu nahi izango? “Ez, bakoitza bere bidetik (kar, kar)”.