Lainomendi Derio dantza-taldeak Derion dantzan liburua emon dau argitara. Dantzak herrian gerra aurreko urteetatik gaur egun arte euki dauan bilakaerea jaso dabe liburuan.
Txaro Martin Lainomendi dantza-taldearen zuzendaria da; eta Atotz Goikoetxea taldearen dantzaria izateaz gainera, liburuaren egileetariko bat be bada. Beragaz batera, Alaitz Zabalak eta Esther Aurrekoetxeak formea emon deutsie beharrari. Irudiak eta azalearen diseinua Oihane Goienetxerenak dira.
Azaldu deuskuen moduan, liburua egiteko idea taldean bertan sortu zan. “Dantza munduan hainbeste urte ibili ostean, eta gutariko batzuk beste talde batzuetan egonak ginala kontuan hartuta, jakin-mina biztu jakun eta gehiago ezagutu gura izan genduan aurreko dantza-talde eta dantzarien gainean. Izan be, atzetik baegoan historia bizi bat guk ezagutzen ez genduana eta galtzen joiana”.
Beharra egiteko, gerra aurreko urteetara egin dabe atzera eta guztira 23 lagunengana jo dabe informazino bila. Liburua zati bitan antolatu dabe: alde batetik, gerra aurreko taldeak eta dantzariak, eta bestetik, gerra ostekoak. “Taldeak batzokiaren inguruan sortu ziran gerra aurretik, eta Elaiezeari lotutako taldeen inguruan, esaterako Acción Católica eta Hijas de Maria, gerra ostean. Beranduago, abadeengan euskal gaien inguruko sentsibilitate handiagoa hasi da azaleratzen”.
Derion izen ofiziala euki daben bost dantza-talde egon dira: Gaztedi, Arin-arin, Sorkalde, Zutik eta Lainomendi. Baina horreek baino lehenago beste dantza-talde batzuk be egon ziran, eta Seminarioan be dantza-talde bat osatu zan. Talde baten sorreratik beste taldeen sorrerara arte urteak pasau arren, euren arteko bardintasunak ezbardintasunak baino handiagoak dira. “Diferentzia handiena da lehen dantzariak modu natural baten alkartzen zirala. Erromerietara-eta joateko ohiturea egoan eta lagun koadrilek esaten eben “zer, batuko gara dantza egiteko”. Ekianari kopiaten eutsien eta halan ikasten eben dantzan. Gero, irakaslearen figurea sortu zan”. Edadeko informatzaileek beste bat azpimarratu dabe: “Lehen, dantzea ilusino eta gogo handiagoz egiten zala dinoe”.
Lainomendiko partaideen esanetan, beharrean gizarteak berak euki dauen bilakaerea be azaltzen da. “Esate baterako, lehen zaldi-gurdiz joaten ziran erromerietara edo komuniketeko beste erarik ez egoanez, urte batetik bestera lotzen ziran, adibidez, jota txapelketa baten parte hartzeko. Gainera, aukera gitxi egoan denpora librea paseteko eta dantzeak hutsune hori beteten eban. Kutsu soziala eban eta herri izaerea be adierazoten eban”.
Amaitu barik
Datorren urtean 25 urte beteko dira Lainomendi dantza-taldea sortu zanetik. Talde honetan baino lehen, umetan, Txaro Zutik taldean be aritu zan dantzari. “Goikoetxea neba-arrebak, eta gero Madariaga ahiztak, ibili ziran irakasle. Dantzaz gainera, urteerak egiten genduzan mendira, euskal kantak, kanpora joaten ginan dantzatzera... Uste dot taldea 70ko hamarkadan-edo desagertu zala”.
Lainomendi sortu zanean, euskeraz aritzeko aukera gitxi egoan herrian eta dantza euskeraz egin behar zan baldintza ipini eben sortzaileek. Dantzaz gainera, hasierako urteetan beste ekintza batzuk be antolatu ziran taldearen inguruan, adibidez tailerrak, txistu eskolea eta eskupelotea. Denporearen poderioz euskerarako gune gehiago zabaldu ziran eta dantza-taldearen jarduerea dantzara mugatu zan.
Derion dantzan liburuaren 1.000 ale kaleratu dira eta Kultur Birikan eta Lainomendi taldean egongo dira eskuragai. Derioko Udalak diruz lagundu deutso egitasmoari. “Oso behar interesgarria da, gu baino lehen egon diranei buruz gehiago ezagutzeko. Eta baliagarria be bai, dantza-talde bat zer dan baloreteko. Dantza-talde bat ez dalako beste barik egiten dan gauzea. Atzean, behar handia dago, eta sentimentua”.
Dana dala, liburua ez dagoala amaituta aitatu deuskue. Liburua egiteko informazinoa biltzen hasi ziranean, hurbilengana jo eben, ezagunengana eta ezagunen lagunengana. Baina badakie herrian informazino gehiago emon ahal daben lagunak egon daitekezala. “Gu prest gagoz entzuteko eta informazinoa poz-pozik hartuko dogu”. Beraz, atea zabalik itxi dabe Derioko dantzen historia idazten jarraitzeko.