t: Gaizka Peñafiel / a: Gaizka Peñafiel, Jon Jauregi eta Aner Mentxaka
Goizean goiz irten ginen Txorierritik. Goizeko 8etan bailarako azken errotondan geratu, eta 22 autobus abiatu ziren ilaran 100. kilometrorantz, Uharte Arakilerantz. Ordu eta erdi pasatxoko bidaia guztiz atsegina izan zen, eta Gure esku dago abestia kantatu genuen behin baino gehiagotan: “Har dezagun bidea, gure esku dago eta, milaka lagun oinez, eskutik oratuta...”. Sareetan ere hasi zen giroa berotzen, eta orduan jakin genuen Larrabetzuko argazki bat argitaratu zutela Berriako lehen orrialdean. A ze motibazioa!
Geure kilometrora heldu ginen, eta urduritasun apur bat nabari zen; motxilak eta traste guztiak hartu, eta han hasi ginen 100. kilometroan zehar sakabanatzen. Aurreko egunotan joandako asko bertan zeuden ordurako, eta elkartze berezia egin genuen, aspaldian elkar ikusi ez bagenu bezala; aurretik genuen egun handiaren seinale, beharbada. Oinez abiatu, eta kilometroa hasten zen lekura heldu ginen. Boluntarioak zeuden bertan, baita Berriak argitaratutako ale berezia ere, itxaronaldia atseginago egiteko. Basea ipini, eta hastapeneko puntura itzuli ginen, giro itzela baitzegoen gasolindegiaren inguruan. Taberna Ibiltarikoak kantuan zebiltzan, poztasun izugarria zabaltzen. Familia asko ere bazeuden han, umeekin.
Egia esan, uste baino gazte gehiago etorri zen; izan ere, askotan komentatzen dugu oraingo gazteak ez direla lehengoak bezain konprometituak, baina oraingo honetan ederto erantzun zuten, eta herri guztietako koadrilak joan ziren Uharte Arakilera, aldarrikapenari energia amaigabea kutsatuz. Baina goiz osoan zehar jendartean ibili ondoren, nagusien begietan ikusten zena nabarmenduko nuke bereziki, nola azaltzen zen ilusio berritua haien aurpegietan. Gu, ostera, zorionez, beste garai batean jaio ginelako eta ez dugulako asko itxaron behar izan halako egun bat bizitzeko. Baina han zeuden nagusi askok, bizi izan dutenaren ostean, merezi zuten aukera hau lehenengo pertsonan bizi izatea.
Lagun esanguratsuak ere izan genituen geure kilometroan: Aitor Elizegi sukaldaria, Athleticeko emakumezkoen taldeko jokalari ohiak, Gotzon Barandiaran, Juan Luis Goikoetxea, Etxahun Lekue, Iñigito Txapelpunk taldeko abeslaria, Juan Ramon Madariaga idazlea eta mendizalea, hainbat alderdi politikoren ordezkariak... Baina izen-abizen ezagunez gain, garrantzitsuena: 1.500 txorierritar. Hilabete askoren lanaren ondorioz, bailarako jende ugari mugitu eta animatu zen egun historiko honekin bat egitera. Batzen gaituena oinarritzat hartuz eta ezberdintasunak alde batera utziz. Malkoren bat ere isuri zen, egunero ez baita Euskal Herriaren mugarri bat eraikitzen.
Giza katearen momentua oso hunkigarria izan zen. Olatua egiten hasi zen jendea, irrintziak botatzen, dantzan, kantuan... Helikopteroa hurbiltzen zenean ere, zoramena! Bost minutu izan balira moduan pasatu ziren hogeita hamar minutuak.
Giza katea egin ostean, Etxarrira joan ginen guztiak. Txiki gelditu zen herria. Bertan inguruko kilometroetako lagun asko batu ziren arren, alde batera eta bestera begiratzean, beti egiten genuen topo Txorierriko baten batekin. Alaitasuna lagun eta estaldurarik gabe, egun ederra izan zen geure arteko harremanak sakontzeko eta etorkizunari begira lehenengo asmoak adosteko. Hau ez delako bukaera, hasiera baizik.
Leher eginda, etxerako bidea hartu genuen 18:00etan, izerdiz lortu genuenaz eta, batez ere, gure eskualdeko jendearen jarreraz harro. Zabaldu ditugu begiak, ohartu gara, eta behingoz geure esku dagoela sinesten dugu. Herri honek bere etorkizuna erabaki nahi duela, libre eta bakean.