Artikulu honetako izenburua Paulo Zamarripa sondikoztarragandik hartu dot; haren KILI-KILI izeneko liburutik. Pablo Agustin Jesus Zamarripa Uragak dino, gurako leukeela adiskideak betiko lagun izatea, baina, zoritxarrez, aldi baterako baino ez dirala izaten.
Guk badakigu, dana dala, pertsonak edo adiskide taldeak alkarregaz ondo konpontzea ez dana borondate kontua bakarrik. Lagunarteetan, euskarako alkarteetan, bakotxaren izakeratik, karakterretik aparte, arauak dagoz, etika bat erabiltzen da.
Talde jakin bateko kide izateak talde horregaz identifikatzea indartzen dau, baita taldeko proiektuak eta balioak norberaren barruko egitea be. Horren kontrara, taldeko kide ez diranekin mesfidantzara eta lehia jarrerara eroaten gaitu.
Etikoki kide perfektua da helburu pertsonalen bila ez dabilena; hau da, taldeko balio nahiz proiektuen aurkako helburuen bila ez diharduana. Beste era batera esanda, talde barruko hartu-emonetan armonia sortzen dauana eta beste taldeakazko jardunean lehia praktikatzen dauana.
Hori guzti hori holan izanik, gizartean, adiskide batzuk aldizkide legez jokatzea ez da arraroa ze, danok ez gara, ez talde bereko, ez herri bereko, ez txoko berbereko be; ezta balioetan be pareko.
Ondorioa da, herrigintzari, euskalgintzari ekin gura deutsagunean, adiskide ez diran herritarrekin jokatzen ikasi beharko dogula, ahaztu barik, beti be, lagun-lagunak, adiskide-adiskideak, hots, betikideak, urri, bakan, mehatz aurkitzen ditugula bizitzan. Horrexegaitik estimatzen ditugu adiskideak eta estimatu be hainbeste eze, txakolina hartzera be pozarren konbidatzen ditugun.