Orhan Yigit, turkiar irribartsua

Aikor aldizkaria 2014ko uzt. 24a, 09:35

Orhan Yigit turkiarra Londresen eta Bartzelonan bizi izan da, baina duela lau urte Larrabetzura heldu zen eta bertan betiko gelditzea du helburu. Orhan nekazaria da eta oso lagun jatorra eta hurbila da. Eta beti irribartsu. Orhan Yigit duela 49 urte jaio zen Ankaran, Turkian. Gaztea zela, 17 urte zituela, bere herria utzi zuen “arrazoi politikoengatik”, eta Londresera abiatu zen. Bertan 18 urte egin zituen, eta gero beste aldaketa handi bat eman zion bizitzari, eta Bartzelonara joan zen. “Itsasotik gertu bizi nahi nuen. Gainera, Katalunian eguraldia askoz hobea da”. Eta han Galiziako neska bat ezagutu zuen. “Eva Bilbon bizi zen eta azkenean neu ere hona etorri nintzen. Egia esan, Euskal Herria beti iruditu zait oso erakargarria: gastronomia, nortasun nazionala, kultura...”. Eta horrela, duela 4 urte, Txorierrira, Larrabetzura ailegatu zen. “Niri betidanik gustatu zaizkit natura eta animaliak, birziklatzea... Era berean, saiatzen nintzen gero eta osasuntsuago jaten eta tokian tokiko produktuak kontsumitzen, eta apurka-apurka hurbildu nintzen baserriko bizitzara, ia nahi gabe. Bitartean, baserrian bizitzeko eta lan egiteko aukera sortu zitzaidan. Orain barregarria iruditzen zait: aldaketa nahi nuen neure bizitzan, eta azkenean uste baino askoz handiagoa izan da aldaketa (kar, kar)”. Gaur egun, Basaras auzoan bizi da Orhan, eta bertan ere egiten du lan nekazari. “Begiratzen badakizu, lurrak azkar irakasten dizu”. Eta Orhanek arin-arin ikasi du. Baratzean denetarik ekoitzen du: porruak, garia, kipulak, letxugak, kalabazinak... Eta produktu bakoitzeko hainbat barietate gainera: “6 patata mota; 14 indaba mota, 11 kalabaza mota... Gauza berriak dastatu nahi ditut, eta niri jaten gustatzen zaizkidan barazkiak lantzen ditut”. Orhan Gurpide ekoizleen elkarteko kidea da eta bat dator elkartearen filosofiarekin. “8-10 baserritarrek Larrabetzu bezalako herri bati eman ahal diote jaten. Hori hezkuntza baino garrantzitsugoaa da, janaririk gabe, inork ez duelako ikasten”. Larunbatero herriko azokan saltzen ditu turkiarrak barazkiak. “Askotan eszedenteak ditugu baratzean, eta prezioarekin espekulatzen ibili beharrean, produktuak oparitzen ditugu azokan. Hala ere, herrikoek ez dituzte opariak oso ondo hartzen; normalean, ordaindu egin nahi dituzte, edo, bestela, ez dute nire postura itzuli nahi. Uste dute zerbait zor didatela, baina nik ez dut horregatik egiten; nik oparitzen ditut soberan ditudalako eta guztiok gizakiok eta larrabetzuarrok garelako”. Larrabetzu Orhan leku batzuetan bizi izan da, baina hemen betiko gelditzea du helburu. Gustura dago Larrabetzun. “Herri berezia da. Oro har, hemengoek primeran hartu naute. Neure aldetik, esfortzua egin behar izan dut herrian integratzeko, noski, eta herriko ekimenetan parte-hartu behar izan dut, esate baterako. Gainera, jendeak badaki hemen egiten dudala lan, eta horri esker, hesi pilo bat gainditu ditut. Larrabetzuarrek apurka-apurka ezagutu naute eta onartu egin naute”. Turkiarrak ere euskaldunok ezagutzen gaitu. “Hemengo lagunak zintzoak zarete, solidarioak, jatorrak, justuak... Egia da hasiera batean nahiko itxiak zaretela, baina tira... Beste leku batzuetan, Britaina Handian, esate baterako, atzerritarrak hartzeko eskarmentu handiagoa dute eta irekiagoak dira. Era berean, Erresuma Batuan atzerritarrek britainarrek beste aukera dute aurrera egiteko, baina hemen ez dut uste kanpokoek aukera berberak ditugunik. Dena dela, ni ezin naiz kexatu”. Larrabetzu oso herri euskalduna da, baina Orhanek oraindik ez daki euskaraz. “Euskara ez jakitea da nire akatsa. Hitz batzuk badakizkit eta gutxi gorabehera ulertu egiten dut, baina ikasi egin behar dut. Ikasteko asmoa dut, eta laster-laster ekingo diot. Esan didate esaldien eraikuntzek turkiarren antza dutela, beraz, errazagoa niretzat”. Euskaraz zein gazteleraz, Orhanek irribartsu jarraituko du Basaras auzoko baserrian.