Andra Mariak ate joka

Aikor aldizkaria 2014ko uzt. 24a, 11:11

Basobaltz Lezamako jai-batzordeak dana dau prest aurtengo jaiak guztiz arrakastatsuak izateko. Nobedadeak egongo dira, eta betiko formulak, herritarrak gozarazoko deutseezanak

“Lezamako Mugetatik” mendi martxa eta lasterketagaz eta San Antolin Eguna­gaz motorrak berotzen hasiko dira lezamarrek. San Antolin Egunean, herri bazkaria egongo da, paella, eta txartel bakotxak hiru euro balioko dau aldez aurretik erosten bada; eta bost euro, egunean bertan erosten bada. Lezama Saretzen al­karteak diruz lagundutako ekitaldia da. Ostean, Briska eta Mus Txapelketak izango dira. Briska Txapelketan izena emoteak bederatzi euro balio dau hirukoteko; eta 20 euro bikoteko, Mus Txapelketan izena emoteak. Herriko produktuak emongo dira saritzat. Andra Mari jaiei irailaren 5ean, barikuan, emongo jake hasierea. Arratsal­dean, Pelota Eskolako umeen partiduak egongo dira eta Andra Mari Txapelke­tearen finalaurrekoak, zaletuen mailan. Sarrera doan izango da. Txupinazoaren eta Kurutze dantza taldearen ekitaldiaren ondoren poteoa egingo da, Zaparrada batukadak girotuta. Sari bat zozketatuko da parte-hartzaileen artean. Txosnak gaueko 10etan zabalduko dira eta ordu ho­rretan be Mozorro Lehiaketea hasiko da. Aurtengo gaia “Lanbideak” izango da eta gazteen kategoriako irabazleak 30 euro jasoko du saritzat; 100 euro, nagusien kategoriako irabazleak. Gainera, mo­zorrotzen diranek 2x1 eukiko dabe, ka­txi bat garagardao edo kalimotxo hartzen badabe, eta umeei gozokiak emongo jakez. Afaltzeko, odolosteak eskainiko di­ra herriko tabernetan eta jatetxean, eta Kolapso, SharkRiders eta Garilak 26 taldeak igoko dira eszenatokira. Zapatu goizean umeentzako jolasak egongo dira, eta Lezama Saretzen alkarteak herriko hiru upeltegitara antolatutako urteera bat. Tren txu-txu bat aterako da plazatik. Arratsaldean be umeentzako eta gazteentzako jolasak izango dira eta Frontenis Txapelketearen finala jokatuko da. Frontenis Txapelketea lehenengo aldiz egingo da eta bertan 1998. urtetik aurrera jaiotakoek hartu ahalko dabe parte. Informazino gehiagorako www. lezamakojaiak.com webgunea edo jai-batzordearen facebooka bisitatu daitekez. Bestalde, Trapu Zaharrak antzerki taldeak La Conga beharra eskainiko dau. Zapatuan be odolosteak egongo dira herriko tabernetan eta jatetxean afaltzeko eta gauari honeek ipiniko deutsie musikea: Enkore, Esne Beltza eta Trikizio. Mendiko txirrindularitza zaleek hi­tzordua dabe domekan, goiz-goizean, Zo­rribike taldeak Andra Mari BTT Las­terketea antolatu dauelako egun horretarako. Zorrizketan euskera alkarteak be hamaiketakoa antxinako erara prestau dau domekarako eta Ekidazu abesbatzak eta Les Poly´ Sons Belgikako abesbatzak emonaldia eskainiko dabe goizean. As­trapala musika taldeak eguerdiko poteoa girotuko dau eta arratsaldean DrumBreak musika, break dance eta perkusioa uztartzen dituan ikuskizuna aurkeztuko dau Deabru Beltzak taldeak. Zaindariaren eguna astelehenean izango da. Ausartak Lezamako antzerki tal­deak antzezlan bat eskainiko dau Kultur Aretoan arratsaldean, eta Andra Mari Pelota Txapelketearen finala jokatuko da. Umeentzako eta gazteentzako diskofestea be egongo da. Bola-Lekuko jaiak eguaztenean egingo dira. Paella Lehiake­tea, umeentzako jolasak, txokolatadea eta erromeria Hontza taldeagaz izango dira. Kurtze auzoa be jaietan Jaiak irailaren 12an hasiko dira eta irailaren 15era arte iraungo dabe. Txupi­nazoa bota ostean, idien erakustaldia egongo da eta KZ musika talde ibilitariak bere abestiakaz girotuko dauz auzoko ta­bernak eta txosna. Bertso afaria be egongo da Etxahun Lekue eta Fredy Paiaren eskutik. Sukalki Txapelketea zapatuko ekitaldirik inportanteenetariko bat izango da. Parte-hartzaileek 45 euro ordaindu be­harko dabe eta jai-batzordeak honeek emongo deutsez: mahai bat, sei ahulki, 3 kg haragi, 2 kg patata eta ogi bat. Txar­telak auzoko eta Lezamako tabernetan eta dendetan egongo dira salgai irailaren 10era arte. Sukalki Txapelketea auzoan oso sustraituta dagoan ekintza da, eta aukera ezin hobea egunaz lagun eta fa­miliagaz gozatzeko. Tortilla Txapelketea be egongo da eta umeentzako jolasak, egun osoan zehar. Umeentzako jolasetan parte hartzen daben eta 12 urte baino gitxikoak diranentzat bazkaria egingo da. Txartel bakotxak zazpi euro balio dau eta irailaren 10era arte be egongo dira salgai auzoko eta Lezamako tabernetan eta dendetan. Gurasoentzako jolasak antolatu dira arratsalderako eta iluntzean ogitartekoak banatuko dira. Txinparta taldea berbenean arituko da eta sorgina gaueko 10etan erreko da. Suak egongo dira eta txokolatada bat. Domekan Santa Kurtze Eguna ospatuko da eta ermitara hurbiltzen direnek aukera paregabea eukiko dabe han, kanpoaldean zein barrualdean, egin diran berriztatze-beharrak ikusteko. Horreek 2013an hasi ziran eta, besteak beste, erretaula barrokoa eta bertako irudiak ba­rritu ziran: Kristoa, Amabirjina eta Santa Juana. Meza ostean, dantzak egongo dira eta kopaua eskainiko da. As­telehenean be mezea egongo da ermitan. Jai-egitarauak Lezama Abuztuak 31, domeka –08:30: IX. Lezamako Mugetatik mendi martxea. –10:00: IX. Lezamako Mugetatik lasterketea eta martxa txikia. Irailak 2, martitzena. San Antolin Eguna –12:30: Mezea. –13:00: Kopaua trikitilariek girotuta. –14:00: Azken ordua herri bazkarirako txartelak erosteko. –14:30: Herri bazkaria: paella-jana. –Briska eta Mus Txapelketak. Irailak 5, barikua –18:30: Lezamako Pelota Eskolako umeen partiduak + Andra Mari Txapelketea, zaletuen mailan (finalaurrekoak). Sarrera doan. –19:30: Txupinazoa. Ostean, Kurutze dantza taldearen ekitaldia. –20:30: Poteoa herrian zehar, Zarrapada batukadak girotuta. –22:00: Txosnak zabaltzea. –22:00-24:00: Mozorro Lehiaketa. –23:00: Kontzertuak: Kolapso + SharkRiders + Garilak 26. –Afaltzeko, odolosteak herriko tabernetan eta jatetxetan. Irailak 6, zapatua –12:00-14:00: Umeen jolasak: Tringili-trongolo. –12:00: Urteera, herriko hiru upeltegitara. –14:00: Nagusien bazkaria, Adintsuen etxean. –16:30-18:30: Umeen jolasak: Tringili trongolo. –16:30-20:30: Umeen eta gazteen jolasak: Paint ball. –18:00: Frontenis Txapelketearen finala. –19:30: La Conga kaleko antzerkia, Trapu Zaharrak taldearen eskutik. –22:00: Txosnak zabaltzea. –24:00: Kontzertuak: Enkore + Esne Beltza + Trikizio. –Afaltzeko, odolosteak herriko tabernetan eta jatetxetan. Irailak 7, domeka –09:30: VI. Andra Mari BTT Lasterketea. –11:30: Hamaiketakoa antxinako erara. –12:30: Mezea. Ostean, Ekidazu abesbatzaren eta Belgikako Les Poly´ Sons abesbatzaren emonaldia. –14:00: Kantu-poteoa, herriko tabernetatik. Astrapala musika taldeak girotuta. –17:30: Umeentzako jolasak eta puzgarriak. –19:30: DrumBreak ikuskizuna, Deabru Beltzak taldearen eskutik. Irailak 8, astelehena. Andra Mari Eguna –12:30: Mezea. –18:30: Antzerkia, Kultura Aretoan. –18:30: Lezamako Pelota Eskolako ume­en partiduak + Andra Mari Txapelketea, zaletuen mailan (finala). Sarrera doan. –19:30: “Arima eroa” ume eta gazteentzako diskofestea. Irailak 9, martitzena –12:30: Mezea. Irailak 10, eguaztena. Bola-lekuko jaiak –12:00-13:30: Izena emotea, Paella Lehiaketan. –14:30: Paellak aurkeztea eta sariak emotea. –17:00: Umeentzako jolasak eta tailerrak. –18:30: Txokolatadea. –19:30: Erromeria, Hotza taldeagaz. Santa Kurtze Irailak 12, barikua –19:45: Txupinazoa eta jaien hasierea. –20:00: Idien XXX. erakustaldia (pisu librea). –KZ musika talde ibiltaria. –21:00: Bertso-afaria, Etxahun Lekue eta Fredy Paiagaz. –24:00: KZ musika talde ibiltaria txosnan eta tabernetan. Irailak 13, zapatua –09:00: Sukalki Txapelketarako osagaiak banatzea. –11:00: Umeentzako jolasak. –11:30: Tortilla Txapelketan izena emotea. –14:00: Sukalkia eta tortillak aurkeztea, eta sariak banatzea. –Umeen bazkaria. –18:00: Gurasoentzako jolasak. –20:00: Solomo eta hirugihar ogitartekoak. Herri kirolei lotutako sariak ematea. –21:00: Berbenea, Txinparta taldeagaz. –22:00: Sorgina erretzea. Suak eta txokolatadea. Irailak 14, domeka. Santa Kurtze Eguna –12:30: Mezea, ermitan. –13:00: Dantzak, Kurutze taldearen eskutik. –Kopaua, musikak girotua. Irailak 15, astelehena –12:30: Mezea ermitan eta jaien amaierea.