Eneko Bilbao zamudioztarra barriro hurbildu da Aikor! aldizkarira. Izan be, abuztuan Munduko Sokatira Txapelketan hartu eban parte eta domina batzuk lortu ebazan. Gainera, lehendabiziko aldiz Euskal Herria izenpean jokatu dabe euskaldunek.
Sokatira Munduko Txapelketea Madison herrian, Wisconsinen (Estadu Batuak) egin da aurton eta Enekorentzat aparta izan da. Izan be, tiratzaile euskaldunei lehendabiziko aldiz itxi deutsie Basque Country (Euskal Herria) izenpean jokatzen. Aurreko txapelketetan, aldiz, Spain izenpean hartu eben parte. “Guretzat oso polita izan da. Uste dot Surf Federazinoaz gain, geu garela Euskal Herria izenpean geure herria ordezkatzen dogun bakarrak. Harrotasun berezia sentiduten dogu, bai horixe! Dana dala, ez doguz kirola eta politikea nahastau behar”.
Enekok badaki zer dinoan. Azken urteotan euskal tiratzaileek arazoak euki ditue Sokatira Nazinoarteko Federazinoagaz (TWIF). “Hasieran, Espainiako banderea eta himnoa jarten ebezan, eta euskal tiratzaileok protestaka ibili ginan. Txapelketa batzuetan ez genduan parte hartu. Gero harremana hobetu zan: guk Espainia izenpean ibiltzen ginan, bai, baina geure erropea eta ikurrak erabilita, eta eurek Federazinoko himnoa eta banderea erabilten ebezan. Eta azkenean gura izan doguna lortu dogu. Oso pozik gagoz”.
Enekoren esanetan, Euskal Herriak txapelketetan parte hartzea guztiei komeni jake. “Tiratzaileok erosoago sentiduten gara eta mesedea egiten deutsagu kirolari, gure emaitza onek sokatirea zabaltzen laguntzen dabelako. Eta sokatireak hori behar dau. Era berean, Federazinokoek be geuk parte hartzea gura dabe, oso talde indartsuak doguzalako. Bestela, txapelketak motzagoak izango litzatekez”.
Ordezkaritzea alde batera itxita, Enekok emaitza ederrak euki ditu Munduko Txapelketan. Zamudioztarrak kategoria batzuetan hartu dau parte, bai bere taldeagaz, Laukizko Gaztedi, bai Euskal Herria selekzinoagaz, eta guztira hiru domina irabazi ditu: brontzezko bi (580 kiloko kategorian, Gaztedikoakaz; eta kategoria mistoan, Euskal Herriagaz) eta urrezko bat (kategoria mistoan, Gaztedigaz). Gainera, Gaztediko neskek beste domina bi ekarri ebezan etxera, eta Goiherri Erandioko taldeak, brontzezko bat. Enekogaz batera, beste txorierritar bik hartu eben parte Estadu Batuetako txapelketan, Unai Ibarra eta Urko Real de Asua, baina eurek ez eben dominarik lortu.
Euskal tiratzaileak ez dira fisikoki europarrak bezain indartsuak edo handiak, baina oso teknika handia dabe eta tiratzeko era ezbardina dabe. Eta honeri esker, emaitza bikainak lortzen ditue. “Futbolagaz alderatuko bagendu, guk Fabio Capello entrenatzaile italiarrak egiten dauan moduan egingo geunke, hau da, garrantzi handia emoten deutsagu defentseari. Europan, aldiz, askoz erasotzaileagoak dira eta normalean tirada laburragoak egiten ditue. Guk erasoei eusten deutsegu eta arerioak nekatzen diranean irabazi egiten deutsegu”.
Enekok esperientzia handia dau eta hainbat txapelketatan hartu dau parte. Estadu Batuetan pozik ibili dira, baina antolaketea nahiko kaxkarra izan da. “Oso txarto jan dogu, egunero-egunero hanburgesak eta saltxitxak jarten euskuezan. Nazkatuta amaitu genduan”. Baina betiko legez, tiratzaileen arteko giroa ederra izan da. “Oso harreman ona dogu, lehen baino hobea, gazteok hobeto egiten dogulako berba ingelesez. Udako kanpin batera joatea bezalakoa da: beti gagoz berberak. Eta nahiz eta herri ezbardinetatik etorri, guztiok gara antzekoak, oso basatiak (kar, kar): ohitura eta arazo bardinak doguz. Kontuan euki sokatirea baserri eremuan egiten dala bai hemen, bai Suitzan, bai Irlandan”.
Suitza
Sokatireari esker, hainbat lekutan ibilia da Eneko: Irlanda, Estadu Batuak, Holanda, Suedia, Belgikan, Hegoafrika... Baina lekurik onena Suitza izan zan. “2012an bertan izan zan Munduko txapelketea eta erakusteko modukoa izan zan. Harmaila handiak jarri ebezan eta jentez gainezka egon ziran, nahiz eta 10 euro kobrau. Harmailetan zintzarri erraldoi batzuk ebazan eta lehiaketearen erritmoaren arabera, gogorrago edo bigunago joten ebezan. Giro itzela egon zan. Suitzan oso tradizino handia dabe, sokatirea bizi egiten dabe: eskolatik hasten dira, eta ez da harritzekoa tiratzaile gazterik onenak Suitzakoak izatea”.
Suitzan osasuntsua da sokatirearen etorkizuna, baina Euskal Herrian, arrakastak eta talde politak egon arren, ez hainbeste. “Irlandako bategaz egon nintzan berbetan eta eurek be badabe arazo berbera: ez dago jente gazterik. Nire ustez, oso kirol gogorra da, eta oso gitxi dira sakrifizioa egiteko prest agertzen diranak. Gaztetan arraunlari ibili nintzan Lutxanan eta 18 urte nebazala, sokatiran hasi nintzan. Kirol guztietan sufridu behar da, bai, baina sokatiran, bereziki. Arraunean 20 minutuko saioak egiten dira, baina sokatiran ez dakizu inoiz. Goi-mailan aritzeko gogor entrenau behar da, eta ez dakit eutsiko neuskion sokatirako entrenamentu espezifikoari zazpi egunean. Astean hirutan edo lautan entrenetan dogu, eta gainera korrika egitera joaten gara. Dana dala, kirol honek harrapau egiten zaitu”.
Bai, eta Eneko ez eze, andrea be harrapau egin dau sokatirak. “Bi ume dodaz eta jaio ziranean estu eta larri ibili nintzan entrenetan. Baina orain guztiok goaz batera. Agian 15 urte barru semeakaz tiratuko dot (kar, kar...)”. Zamudioztarra otsailean hasiko da entrenetan eta udako denporaldiari ekingo deutso maiatzetik abuztura bitartean. Ondoren, Europako txapelketea etorriko da, Ipar Irlandan, eta baliteke horretan be domina ugari lortzea. “Dominak irabazteaz ez zara inoiz nekatzen”. Ezta geu bere garaipenak entzuten.