Itsasne Zubiri l Berbalagun egitasmoaren arduraduna: “Berbalagunek edozein ekintza euskaraz egin ahal dela ikustea nahi dugu”

Aikor aldizkaria 2014ko ira. 22a, 14:43
Ikasturtea hasi berria da eta berbalagunak ere martxan ipini dira dagoeneko. Itsasne Zubirik kontatu digu zeintzuk diren aurten dauzkaten helburuak eta erronkak. Ikasturte honi begira dituzuen helburuen artean Loiun berbalagun talde bat sortzea dago. Loiun ez dago euskara elkarterik, ezta herri eskolarik ere. Herritar askok Sondikan egiten dute bizitza eta beste asko herrira soilik lo egitera doaz. Gainera, auzoak sakabanatuta daude. Arrazoi horiengatik oso zaila da Loiun talde bat sortzea. Dena dela, ahalegina egingo dugu eta saiatuko gara aurten Larrondon berbalagun talde bat osatzen. Kontuan hartu behar da auzo horretan jende gazte asko bizi dela, seme-alabekin, eta gehienak euskaldunak direla. Larrabetzun badago talde handi bat; hala ere, talde gehiago sortzea duzue helburutzat. Gero eta gaztelania gehiago entzuten den kezka zabaldu da bertan, batez ere herrira bizitzera joan diren berrien artean, eta ondo legoke horiek berbalagunera hurbiltzea. Hori tresna egokia izango litzateke bizilagun berriak euskarara erakartzeko, euskaraz aritzeko lotsa gal dezaten... Ama-hizkuntza euskara duten lagun gehiagorengana heltzeko ahalegina ere egingo duzue. Betiko euskaldunak edo euskaldun zaharrak Berbalaguneko saioetara etortzea merezi du: Euskaldun berriak ez dauka inguru askotan aukerarik ikasitako euskara praktikara eroateko. Horixe da arrazoi bat betiko euskaldunak ere berbalaguneko saioetara joateko. Bestalde, nolako giroa edo nolako solaskidea daukagun, hala moldatzen dugu geure diskurtsoa, euskara mota, ez dugu berdin berba egiten lagun artean edo irakaslearekin. Zentzu horretatik begiratuta, guztiz interesgarria da ikaslearentzat euskara klasetik kanpo entzun eta naturaltasunez erabiltzea ze, hortxe ohartzen da euskaldun berria zelan ez den alperreko lana euskara ikastea, dakien euskarak balio dio-eta. Euskaldun zaharrari, bestalde, dakien euskara moldatzen laguntzen dio Berba­la­guneko klaseak, zeozelan esateko, irakasle funtzioa betetzen du-eta. Ahaztu ba­rik, euskararen kasuan ezin jokatu du­gula erdaldunek legez, hau da, norbere bu­rua inplikatu barik. Gurasolagun egitasmoari bultzada bat emateko asmoa ere baduzue. Garrantzitsutzat jotzen dugu gurasoen eta seme-alaben arteko harremana euskaraz indartzea. Badakigu egoera ezberdina dela herriaren arabera, baina orokorrean esan dezakegu guraso gehienek euren artean gaztelaniaz egiten dutela. Eta inportantea da umeek ikustea gurasoak ere euskaraz aritzen direla, euskara ez dela soilik eskolan edo umeekin erabiltzen den hizkuntza. Bestalde, gurasoek batzuetan zail dute euskaraz dakiten beste guraso batzuk ezagutzea, eta gurasolagun egitasmoak erraztu egiten die hori. Gainera, berbalagun asko gurasoak ere badira eta askotan ez dakite zer egin umeekin; bada, gurasolagun egitasmoa primeran datorkie, arazo horri konponbidea emateko. Dena dela, argi utzi behar da egitasmoa ez dagoela bereziki umeei zuzenduta, baizik eta euskaraz aritu nahi duten gurasoak harremanetan jartzen dituela. Berbalagunak kafea hartzeko geldi daitezke, paseo bat emateko... Baina ha­sieratik eduki duzue argi proiektu dinamiko bat izan behar zela. Zelako ekintzak antolatzen dituzue horretarako? Ikastaroak, irteerak, bisita gidatuak, ki­rola... Euskaraz hitz egiteaz gain, edozein gauza euskaraz egin ahal dela ikustea ere nahi dugulako. Aurten, esate baterako, ahaleginduko gara Txorierrin frontenis talde bat sortzen, bariku arratsaldeetan jokatzeko. Horrelako ekintzek aukera ematen digute lehenengo harremana euskaraz egiteko. Gure padel-kideak edo sukaldaritza ikastaroko kideak, adibide bi ipintzearren, kalean ikusten ditugunean, euskaraz egingo dugu haiekin. Dinamikoa eta parte-hartzailea. Bai, berbalagunen gustuak, nahiak, interesak... kontuan hartzen ditugulako. Ahalegintzen gara haiek proposatzen dizkiguten ekintzak antolatzen eta taldeak ere neurrira osatzen dira. Hau da, zuk bizkaieraz egiten duen talde batean egoteko gogoa baduzu, talde hori osatzen saiatzen gara; ibiltzera joateko berbalagunak nahi badituzu, horiekin jartzen zaitugu harremanetan... Bakoitzaren ordutegia-eta hartzen dugu kontuan. Eta herri batean antolatu den ekintza batean parte hartzea gustatuko balitzait, egin ahalko nuke, nahiz eta herri horretakoa ez izan? Bai, arazo barik! Are gehiago, txorierritarrek guk antolatutako edozein ekintzatan har dezakete parte, berbalagunak ez diren arren. Horren haritik aipatu behar da, herrietako ekintzez aparte, hilabetero ekintza bat antolatzen dela Txorierri mailan. Aukera paregabea da gainontzeko herrietako euskaldunak eta berbalagunak ezagutzeko. Eta oso lagungarria Txorierrin euskaldunon sarea sortzeko. Urriko egitaraua prest Oporretako geldialdiaren ostean, indarrak berriztu dituzte berbalagunek eta buruan hamaika ideia dutela ekin diote ikasturte berriari. Urrian, esate baterako, ekintza berezi bi egingo dituzte. herri bakoitzean antolatzen diren taldeez gainera. Hala, hilaren 23an Bilboko Arte Ederretako Museora joango dira hiperrealismoari buruzko erakusketa ikustera. Ekintzak euro bat balio du laguneko. Bestalde, hilaren 25ean Mendaroko txokolate fabrikara joango dira eta han bisita gidatua egingo dute. Gainera, aukera aprobetxatuko dute inguruan dagoen kobazulo bat ikusteko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).