Eta horregatik oso bereziak izango dira aurten. Jai-batzordeak ahalegina egin du urteurren kutsua nabaria izan dadin egunez zein gauez, eta herritar guztiei zuzendutako makina bat ekitaldi antolatu du. San Migel auzoa irailaren 26tik urriaren 5era arte egongo da jaietan.
“Berrogeita hamar urte! Erraza da esaten, baina mende erdia pasatu da. Mende erdia, gure jaien ezaugarria den espiritu hori bizirik mantentzen borrokatzen”, esan digute jai-batzordetik. “Derioztarrei euren laguntza eskertzeko momentua ere bada, izan ere, jaiak herriaren laguntza ekonomiko desinteresatuari esker egiten dira”.
Aldaketa asko izaten dira 50 urtean, kaleak, plazak, eraikinak, parkeak, herritarrak eurak... eta San Migel jaiak ere denboraren joanaren lekuko izan dira. “Auzoko jaiak” ziren hasieran, asteburu batekoak, eta ekintza banaka batzuk baino ez ziren antolatzen. “Denboraren poderioz eta herritarren eta Udalaren laguntzari esker, gaur egun ezagutzen ditugun jaiak bihurtu dira. Asteburu bi irauten dute orain, eta garai berrietara egokitu diren arren, ohiko ekitaldi batzuk mantentzen dira, hala nola zezenak, herri bazkaria, indaba jana eta orkestra”.
Aurrekontua buruhauste handia da jaiak antolatzeko orduan. Hori ondo daki edozein jai-batzordek. “Gure kasuan zailagoa da, beharbada. Lehen esan bezala, ezinbestekoa dugu herritarren eta saltokien laguntza. Baita jaiek irauten duten egunetan batzen den dirua ere. Gainera, eguraldiaren menpe gaude. Urte batean barra-barra egin zuen euria jaietan, eta ez genuen ekitaldi guztiak ordaintzeko beste dirurik batu. Jai-batzordeak taberna bat alokatu behar izan zuen gastuei aurre egin ahal izateko”.
Jaiez edozein adinetako pertsonak gozatu ahal izatea du jai-batzordeak helburu. Horretarako, guztientzako ekitaldiak sartu dituzte egitarauan, eta ez dituzte ez nagusiak, ez umeak ahaztu. “Esate baterako, dantzaldia eta kopaua antolatu dira nagusientzat, eta jolas parkea eta diskoteka, umeentzat...”. Kontzertu erakargarriak egongo dira jaietako lehenengo barikuan: Doctor Deseo eta Reincidentes taldeak. Hala ere, jai-batzordeak uste du jaiak beren osotasunean direla azpimarratzekoak. “Urte zoragarri horiek” jai tematikoa izango dugu eta jaiak egiten hasi ziren garaia ekarriko dugu gogora. Gau Zaharra ospatuko dugu 50. urteurrenaren haritik, eta era askotariko ekintzak eta ikuskizunak egongo dira”. Aipatu digute, gainera, gastronomia gai nagusitzat izango duten ekintza batzuk antolatu direla, denak doakoak. “Txitxi-burruntzia eskainiko da, txorizoa sagardo-puntuarekin, montaditoak, koktelak, postre sorpresa, txokolatada...”.
Konpartsen laguntza
Jai-batzordeak jaietan parte hartzeko gonbita egin die herritar guztiei. Hamalau kidek osatzen dute batzordea gaur egun, eta beteranoek hamar urte inguru daramatzate bertan. Urtero kide berriren bat badago ere, laguntza apur bat gehiago behar dutela esan digute, eta deia egin diete haiekin batera lan egin nahi duten derioztar gazte guztiei. “Merezi du, benetan. Egia da gogor egin behar dela lan, baina ordainsaria askoz handiagoa da. Jaiez 24 orduan % 100ean disfrutatzeaz gainera, harro sentitzen zara ikusten duzulako nola gozatzen duen jendeak zuk antolatu duzunarekin”.
Azkenik, konpartsetatik jasotzen duten laguntza ere eskertu dute. “Hura barik ezinezkoa litzateke jaiak antolatzea. Txandak egiten dituzte txosnan, eta guztiek hartzen dute jai-egitarauko ekintzaren baten ardura. Are gehiago, behar dugun guztietan ematen digute laguntza”.
Jai-egitaraua
Irailak 26, barikua
19:00: Txosnak irekitzea. Argazkigintza Lehiaketari eta Balkoi Lehiaketari hasiera ematea.
19:30: Kalejira, Sugarri Show fanfarrearekin.
21:00: Pregoia eta txupina.
21:30: Txitxi-burruntzia eta sangria.
00:00: Kontzertuak: Doctor Deseo + Reincidentes.
04:00: Diskoteka.
Irailak 27, zapatua
10:00: Goizeko traka.
11:30: Gastronomia Lehiaketa.
12:00: Umeentzako jolas parkea: herri kirolak.
13:00: “Urte zoragarri horiek” ekitaldiari hasiera ematea.
14:00: Kazolak aurkeztea eta sariak ematea.
15.00: Herri bazkaria + potentzia handiko traka.
16:00: Patxiren Txou-a.
17:00: Dj-a eta koktelak.
19:30: “Fiebre del sábado noche” kalejira.
00:00: Berbena, Nueva Alaska orkestrarekin.
04:00: Diskoteka.
Irailak 28, domeka
10:00: Goizeko traka.
11:00: Umeentzako parkea.
17:00: Zezenak eta konpartsen jolasak.
19:00: Sutondoan abesbatza.
19:30: Dantzaldia, Trío Galea taldearekin.
21:00: Jubilatuentzako kopaua.
Irailak 29, astelehena
17:00: Apar-jaia.
20:00: Txorizoa sagardo-puntuarekin.
Irailak 2, eguena
18:00: Umeentzako jolas parkea: Tringuili Trongolo.
19:30: Umeentzako berbena.
Urriak 3, barikua
10:00: Outlet, dendetan.
18:00: Diskoteka, Xaiborrekin.
20:00: Birli & Birloque-ren ikuskizuna.
22:00: Gabon Zaharreko jaia.
00:00: Kanpai-hotsak eta mahatsak jatea.
00:15: Berbena Lisker taldearekin eta show erotikoa.
02:00: Montaditoak.
04:00: Diskoteka.
Urriak 4, zapatua
10:00: Outlet, dendetan.
10:30: “Julio Garitano” XII. Areto-futbol Lehiaketa.
14:00: Indaba jana.
15:00: Postre sorpresa.
16:00: Bingo berezia, 50. urteurrenaren haritik.
16:30: Tolín el mariachiren emanaldia.
20:30: Umeen Mozorro Txapelketa.
21:00: Helduen Mozorro Txapelketa.
00:00: Berbena, Vulcano orkestrarekin.
04:00: Diskoteka.
Urriak 5, domeka
10:00: Goizeko traka.
13:00: Ikuskizuna.
15:30: Jai-batzordearen bazkaria.
17:00: Dantzen alardea, Lainomendi dantza taldearen eskutik.
18:30: Konpartsen jolasak.
20:30: Sariak banatzea.
21:00: Txokolatada.
21:30: Diskoteka.
23:00: Txupina eta jaien amaiera.