Hezkuntzako memoria historikoa

Aikor aldizkaria 2014ko ira. 22a, 14:59

t: Juan Luis Goikoetxea / a: Aritz Albaizar

“Guk hemen geunkan maistra bat, Tolosakoa zan, Margarita Gonzalez, erdalduna. Eta orduan, ba, Frankon denporea eta euskeraz ezin egin. Eta eguerdian euskeraz nonork egiten baeban, kordela samatik eta gero kastigatuta, “¡Sin comer!”. Goizean banderea jasotzen eta eskua jasota, “Cara al sol” kantatzen. Iluntzean banderea bajatzen. Ene! Gero abadea geunkan euskalduna izatez, Etxebarrikoa, Markina-Etxebarrikoa. Maistreak emoten euskun dotrinea erdaraz; abadeak barriro be euskeraz, zain egoten zan liburu bat hartuta ate ondoan. Ni nengoan kokoteko zuloraino dotrinakin eta baten urten dot atetik eta hasi jat abadea ondorik, baina sotana handia harek eta nik praka motxak, eta ospa. Biharamonean: zu hona! Danen aurrean ipini besoak gurutzean, belauniko eta armarioan geunkazan liburu sendo batzuk “Historia de España”, “Historia Sagrada” edo. Harek kargatuta, besoetan binan eta jausten zanean, dale! harekin. Nik makina bat bider esan dot zerua eta infernua badagoz... Gaur umeak jo barik, pozik doaz eta kastigutxu bat emoteko telebista kendu edo”. Jokabide historiko hori gogoan hartuta, Amaiurreko Xabier Mikel Errekondok Frankismo garaian euskaldunekin erabiltzen ziran zigorrak eroan ditu Espainiako Kongresura. Beso biak zabalduta egon da bere txandako zati baten. “Ez daukat esperantza handirik Wert-ekin. LOMCEk puntu asko ditu eta askorekin ez gaude ados”. (Cristina Uriarte) Euskal irakaskuntzak daukan arazorik larriena da, irakurle, ez dauala inoiz osotu bere hezkuntza-sistema propioa. Eskozia ez dago hain urrun, eta Katalunia hortxe berton.