Hainbat txakolingile dagoz Txorierrin, eta urrian oso lanpetuta ibili dira, mahatsak batzeko sasoia izan dalako. Laster txakolin barria dastetako aukerea eukiko dogu, eta bitartean gure iragarleak diranakaz egin dogu berba: Iñaki Lekerika eta Iñaki eta Jabi Aretxabaleta. Guztiek uste dabe txakolin goxoa eukiko dogula aurten.
Iñaki Lekerikak Basalbeiti txakolina egiten dau. Haren baserria Lezaman dago, eta izen bera dau. Berea ustiapen txikia da, hektarea bikoa, eta asteburu bitan batzen ditue mahatsak. “Azken asteburuan lagunak konbidatzen doguz eta jai-eguna egiten dogu. Aurten 50 lagun batu gara bazkaltzen. Eta ondo emon behar deutsezu jaten; bestela datorren urtean ez dira itzuliko (kar, kar)”. Iñaki betidanik da baserritarra, eta etxean beti egin dabe txakolina. “Aitak aititaren lekukoa hartu eban eta neuk, hareena biena. Gaur egun, arrebeagaz egiten dot behar”.
Iñakiren esanetan, aurtengo txakolina ona izango da, igazkoa baino askoz hobea. “Matematikan bi gehi bi lau dira, baina baserrian, ez, eta urte guztiak ez dira bardinak. Aurten uzta dotorea euki dogu. Igazkoa, aldiz, txarrenetariko bat izan zan. Oraingo honetan 12.000 mila litro ekoiztuko dot, baina mahats pilo bat saldu dot, beste 10.000 mila litro egiteko modukoa”.
Basalbeiti txakolina orain dala 15 urte sartu zan Bizkaiko Txakolinaren Jatorrizko Deituran. Iñakik salmenta zuzena egiten dau, bitartekari barik, bai tabernetan, bai azoketan, bai baserrira hurbiltzen dan jenteari. “Normalean, bezeroak aurreko urteetakoak dira”. Ziurrenik, txakolin prefektuaren bila datoz, eta hori, Iñakiren eritxiz, “beste tragu bat eskatzen dauena” da. “Lehen, garratza zan txakolina, eta orain, goxo-goxoa. Niri ez bata ez bestea, erdibideko bat gustetan jat”.
Magalarte
Jabi Aretxabaletak Magalarte Zamudio eta Zabalondo txakolinak egiten ditu, eta bat dator Iñakigaz. “Txakolinak bere garraztasuna euki behar dau, bere ikutua. Orain modan dagoz goxoenak, baina txakolinak apur bat garratza izan behar dau”. Jabik be uste dau datorren urteko txakolina oso ona izango dala, “mahatsak be oso onak izan diralako”. “Igaz euri asko bota eban eta polena kendu eban horrek, eta ondorioz, ez zan mahats gehiegirik egon. Igaz, 17.000 litro ekoiztu genduan, eta aurten, 35.000 litro”. Halanda be, Jabik ez deutso litro-kopuruari garrantzi gehiegi emon gura. “Gehiegi ekoizten badogu, prezioak bajatu egingo dira eta komertzialki ez jaku komeni”.
Jabik leku askotan saltzen dau txakolina: tabernetan, azoketan, zuzenean... Banatzaileak be erabilten ditu eta horrela, leku askotara ailegetako gauza da: Gasteiz, Madril, Bartzelona... “Gero eta gehiago saltzen dogu kanpoan. Horrek oihartzun handiagoa emoten deusku. Gaur egun, txakolina hobea da. Lehen, esate baterako, Bilbon txakolina eskatuz gero, oso txarra zan batzuetan. Orain ez, ordea”.
Magalarte izenpean, Jabiren anaiak be ekoizten dau txakolina. Aretxabaletatarren azken lau belaunaldiek egin dabe txakolina. Gaur egun, Jabik Zamudion egiten dau behar, eta Iñakik, Lezaman. Baina zein da onena?, galdetu deutsegu maltzurkeria puntu bategaz. “Biok egiten dogu txakolin ona. Bakotxak erabagi dagian zein dan onena (kar, kar)”, esan deusku Jabik. “Bai, urte baten jenteak, txantxetan, esaten deusku neuri atara jatala hobeto, eta hurrengoan, Jabiri...”, aitatu dau Iñakik.
Jatorrizko Deituraren presidentea
Gaur egun, Iñaki Aretxabaleta Bizkaiko Txakolinaren Jatorrizko Deituraren presidentea da. “Gura barik egokitu jatan. Presidenteordea izan nintzan eta Juan Carlos Ercoreca aurreko presidenteak itxi egin eban. Ez dakit noiz arte ibiliko nazan bertan, baina bitartean, ahalik eta ondoen egiten saiatuko naz. Buruhauste handiak ekarten deustaz karguak, erabagi asko hartu behar diralako. Baina tira...”.
Dana dala, Iñakik denporea atera dau aurtengo txakolina ekoizteko. “Txakolin oso ona izango da. Oro har, txakolingileok urte batetik bestera gero eta hobeto egiten dogu, tresneria, eskarmentua eta dedikazinoa gero eta hobea diralako. Aurten, 40.000 litro egingo doguz, 2013an baino 15.000 litro gehiago”. Iñakiren txakolinek hiru sari garrantzitsu irabazi zituen igaz, baina ekoizleak ez dau uste txakolin perfektua dagoanik. “Lortzen badot, jubilau egingo naz (kar, kar). Tradizionalki txakolina garratza izan da, baina publikoarengana ailegau behar da. Nire ustez, horretarako, adineko karisma galdu barik, edateko moduko txakolina egin behar da. Zelan jakingo dogu ona ala txarra dan? Bat edandakoan, beste bat eskatzen danean”.
Txorierrin, non?
–Basalbeiti txakolina:
Goitioltza auzoa, 37 (Lezama).
94 455 61 46.
–Magalarte Zamudio eta Zabalondo txakolinak:
Arteaga, 107 (Zamudio).
94 452 14 31.
–Magalarte Lezama:
Goitioltza auzoa, 92 bis (Lezama).
94 455 65 08.